..::ilargia::..
Txikitako uneak gogora ekartzen dizkidan musika belarrietan, bolumena topera, kaskoak puxkatzeko haina.
Dena pasatzen da ziztu bizian begien aurretik, etxe bat, beste etxe bat, agure bat eta atso bat besotik helduta, ospitalea... denak zorabiatzen nau, diapositibak bailiran, etengabeko irudi aldaketa. Hori dakar bidaiatzeak, lanetik etxera soilik bada ere.
Autobusetik jaitsi eta segituan okertu dut gorantz burua, eta begirada ilargira zuzendu, momentu horretan bertan nau harrapatu.
Inperfektua zegoen, ez zuen zehazka itxura, ez gazta borobilaren itxura ere, eta zirkunferentzia erdiaren antzik ez diot nik antzeman. Betetzeko bidean dago egun hauetan, hori bai, eta erdiko fasea pasa omen du.
Inperfektotasun hori, ordea, izan da liluratu nauena. Oinez jarraitu dut, egoiotza helburu, begiak zerutik aldendu ezinik, eta neure buruari galdetuz nola izan daitekeen hain ederra.
Hodei erraldoi bat neukan buru gainean, gainontzekoa oskarbi zegoelarik, eta ilargia honen atzean zegoen, baina ongi asko ikus zitekeen. Izan ere, hodeia handia zen, baina ez Euskal Herrian izaten ditugun hodei beltz eta lodi horietakoa, ia erabat gardena baizik.
Ez dakit zer dela eta, baina oso ondo sentitu naiz minutu labur horietan, entzuten nengoen musika nire bizitzako une horren soinu banda bilakatu da, ezin hobea...
Konturatu naiz horrelako momentuak zeinen garrantzitsuak diren guretzako, eta zein gutxi bizitzen ditugun, benetan sentitu eta gozatzen ez ditugularik. Baina kontu hau, beste baterako utziko dut...
Iruzkinak
Esti 2007-11-24 16:49 #1
Egia da bai gero eta gutxiago gozatzen ditugula horrelako momentuak, baina niri kontrakoa gertatzen ari zait. Gero eta gehiago fijatzen naiz horrelako gauzetan. <br /> Atzo bertan, autobusean etxerantz nentorrela, ikusten nuen paisaiaz erabat gozatu nuen. Udazkeneko paisaia. Udazkenekoa baino gehiago negua hurbiltzen dagoen garaiko paisaia. Zuhaitz batzuk hori, beste batzuk gorri eta beste batzuk hosto bakan batzuekin...<br /> Ikaragarri eskertu nuen egun hartan leku hartatik gozatu nuen bezala gozatuz pasa izana...<br />
Utzi iruzkina: