... ikusi arte ...

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2008-09-22 19:26
2



Isilean goaz hirurak kotxean, akaso gauza berdinean pentsatzen. Aireportura helduko garen une horretan, elkarri agur esan beharko diogun une horretan. Nik ez nuen joateko asmorik, pentsatu dut bakarrik egon nahiko zutela, baina berak joatea nahi zuela esan dit, eta noski, joan egin naiz. Bitartean irratian musika. Eta ni leihotik begira, burua eskuak eutsita eta begiratzeari uzten ez diodan arren ezer ikusi ezinik. Aldez aurretik joan egiten naiz. Ihes egiten dut. Ama agurtu nuen azken aldian ere joan egin nintzen, eta agurra ni ez banengo bezala izan zen. Hotza. Dena esan nahi bai baina ezer esateko ausardiarik ez. Negar egiteko gogorik ez. Musu txiki bat. Besarkada hunkigarririk ez zen egon. Horrelakoak gara. Ni behintzat bai. Hala ere, biok dakigu benetako agurra, ikusi ez zena, sentimentalagoa izan zela. Intentsoagoa.

Azken aldian konturatzen ari naiz gero eta gehiago kostatzen zaidala agur esatea. Urteak aurrera doazen heinean, mingarriagoa egiten zait norbaitengandik banantzeko momentu hori, zailagoa. Gogoratzen dut, aspaldi, udalekuren batera nindoanean, agurraren momentuan benetan harrituta geratzen nintzela. Ume gehienek elkar besarkatzen zuten luzaro, indar handiz, negar eta negar egiten zuten bitartean, munduaren bukaera bailitzan. Ni izkina batean geratzen nintzen, begira, inor besarkatzeko ausardia eta negar egiteko gogoa falta zitzaizkidala. Ezin nuen ulertu nolatan hainbeste tristura, hainbeste drama. Orain ere ez dut negarrik egiten, eta besarkadak jaso egiten ditut, inoiz ez eman. Baina drama ulertzen hasia naiz. Despedida batetik bestera presio handiagoa nabaritzen dut bularrean, hitzik gabe geratzen naiz, eta denbora geldituko balitz bezala sentitzen naiz. Agian, adinarekin ohartzen ari naiz kilometro bakoitza egunetan uler daitekeela, hilabete edo urteetan, azken finean, distantziak denbora esan nahi duelako. Ikusi gabe pasatuko den denbora. Eta denborak, absentziarekin batzen bada, astiroago igarotzeko ohitura txarra hartzen du, esperoak amaigabeak eginez.

Gaurkoa gehiegi izan da. Bi agur egun bakarrean, niretzako, gehiegizkoa da. Sei edo zazpi uda berdinean, zer esanik ez. Txarrena da ohitu behar dudala honetara, senide batzuk urrun bizi direnean hori da tokatzen dena, hori da dagoena. Dena den, ez dakit nola ohitu behar dudan gero eta gehiago tristatzen banaiz. Zer gertatzen zait? Gogortu baino bigundu behar al dut denborarekin? Ohitu baino, aguantatzen ikasi beharko dut. Besterik gabe. Esan ohi den bezala, “ajo y agua”.




Ainhoa

Ainhoa 2009-04-28 21:20 #1

Oso polita idatziezuna, nola ateratze zaizkizu olako gauzak? nik askotan sentimentuk adierazten ez dazkit..

Sugoi

Sugoi 2009-04-28 22:04 #2

Eskerrik asko, baina, ez pentsa nik adierazten dakizkidanik. Asko pozten nau gustatu izanak, benetan, ilusioa egiten dit, hala ere, ni ez naiz normalean gustura gelditzen idatzitakoaren, akaso testu bakanen batekin... ziurrenik zuk era berean adieraz ditzakezu zure sentimenduak, edo are hobeto, baina pozik geratzea norberak egindakoarekin... hori zailegia da.


Utzi iruzkina: