Fredi Paia. Genetika eta kondoiak
"Koalizioan doanean eskumakoa bihurtzen den ezker abertzale autonomistaren kondoi zulatuek ekiditen ez badute, martxoaren batean haurdunaldi bat iragarriko da. Ez dakigu ehunik ehun zelan deituko den piztia: Josu Jon Ibarretxe Lopez, Josunor Lopez Ibarretxe, Negozio Biribil Lopezetxe, Errautskoke Ibarpez... batzuek diote jokoan dagoena Gasteizko parlamentua denez Jose Juan Lopez de Ibarretxe bezalako abizen arabarrak sor litezkeela. Ondorio seguru bakarra zera da, justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri independentea gura dugunoi Purkullu emango digutela. Zentzu figuratuan, prefosta, bila beza bakoitzak bere plazera nahi bezala.
Hotzean pentsatuta, aukera itzela izan liteke. Alderdi abertzale bat ezkerreko batekin batuz gero... bingo! Gobernu ezkertiar eta abertzalea!
Baina orduan egunkari arrakastatsu bezain faxistan irakurritako istorio bat gogoratu nuen. Albert Einsteini proposamen harrigarria egin ei zion behin top-model batek. Ume bat sortzeko proposatu zion, horretara nobel saridunaren inteligentzia eta modeloaren edertasuna izan zitzan. Albertek, D3Mren botopapera eskutan zeukala, ezetz esan zion. Aukera bera zegoelako nobeldunaren edertasun eta modeloaren inteligentziarekin jaioko zen umea izateko.
EAJ eta PSOE elkartzen diren bakoitzean antzeko zerbait gertatzen da. EAJren Jri PSOEren Ea batzen zaio eta JE gobernua sortzen da. Jaungoiko eta lege zahar espainola. Gero lau urte pasatuko dituzte Guggenheimetik alderdira dirua lapurtzen, lagunen enpresak aberasten natura hondatzearen truke, kar, kar, kar... Eta ez esan gobernu aukera posible bat baino ez dela, urte bi barrurako aurrekontu akordio lokalak publiko egiten dabiltzanean.
Begitantzen zait daukagun aukera bakarra abortuaren lege on bat bultzatzea dela."
Iruzkinak
Utzi iruzkina: