Ezintasuna
Zenbat gauzak sortzen ote digute ezintasuna! Edozer gauza egin nahi izatea eta ezin, zure aurrean gertatzen dena geldiarazteko saiakera egin eta alferrik, edo gertatzen ez dena ere emaitzarik gabe gauzatzen saiatu.
Salvador Dalí - Muchacha en la ventana
Nire kasuan, ezintasun gehien sortzen didana, inporta zaizkidan pertsonak lagundu ahal ez izatea da, bestea neure burua oraindik ezagutzeko gai ez naizela, baina ez dut horretaz orain hitz egin nahi. Familiarekin gauza bat gertatu ohi zait niri, txikia omen naiz oraindik eta gertatzen den guztia kontatuko balidate azkarregi haziko nintzatekelako ustea dute. Ez dakit gehiegi ezagutzen nauten egia esan, baina haien erabakia da, eta ezin dut ezer egin. Hori bai, gogorra da jakitea zerbait gertatzen dela eta ideiarik ez izatea, ez daukazu egoera nondik heldu, ez dakizu zer egin.
Berdin sentitzen naiz askotan lagunekin. Lagun bakoitza mundu bat da, batzuek behar dute jakin zu ondoan zaituztela, behar dute galdetzea zergatik dauden burumakur, triste, askotan zergatia azaldu nahi ez badizute ere. Lagun hauek errazagoak dira, esan nahi dudana da, niri bereziki, errazagoa egiten zaidala horrelako pertsonak laguntzea, beti hor egonda, jakinaraziz nigana jo dezaketela noinahi. baina badaude beste lagun mota batzuk, zeintzuek independentzia duten beharrezko. Askotan badirudi nola edo hala euren kontura bizi nahi luketela, niri ere gertatzen zait, baina ezinezkoa da bakardade absolutua. Zaila egiten zait lagun hauen munduan sartzea, ateak giltzaz itxita egoten baitira, batzuetan irekitzen dituzte ate horiek, baina ni beldurrez gutxi sartzen naiz, ez dezaten pentsa inbaditzen ditudanik, ez dut inor agobiatu nahi.
Ezinatsuna sortzen didate lagun hauen begiradek, galduak eta ongi kokatuak aldi berean. Laguntza oihuak dirudite hitzek, euren esanahiak, puntu zehatz batera bideratutako begiek, nahi gabe botatako hasperenek... eta ni ezer egin ezinik. Laguntzeko premia duen pertsona sudurren aurrean, eta ni geldirik, zer esan jakin gabe. Ez dut jakiten noraino sartu behar dudan, noraino heltzen den euren intimitatearen muga gaindiezina. Eta hor gelditzen naiz, begira, itxoiten, lagunak muga hori noizbait erakutsiko didan esperoan. Ezin dut gehiegi galdetu edo gehiegi esan, momentuz ikuslea baino ez naiz, antzerkian parte hartzeko zain dagoen ikuslea. Horretarako ordea, obraren protagonistak gonbidatu behar nau...
Beraz, geldirik itxoingo dut, entzuten eta begiratzen, adi adi, nire izena norbaitek esango ote duen zain.
Iruzkinak
nonor 2007-06-04 01:10 #1

lagun hitza polita da gero, baina horretan jardutea zaila eta gorrora izaten da maiz. baina ezin duzu eskatu zuk ematen ez duzuna. ni, nire aldetik, saiatu behar naiz ahalik eta gehien zabaltzen, baina ez da batere erraza. askotan ez dugu besteenganako ahultasunik azaldu nahi, hala ere, sarritan barruan daramagun haurra azaleratu behar dugu. aurreko artikulu batean besarkaden kontuari birak eman zenizkion, ta gauzatxo bat esan nahi dizut: benetako besarkadak ematea oso zaila da, baina esfortzua eginez gero, lortuko duzu. orain hasi zara zure bidea eraikitzen, ta horretan jarraitzeko zure sentimenduak azaleratu behar dituzu, gu zure besarkadak hartzeko prest egongo garelako, gaur eta bihar. ;-)

Sugoi 2007-06-04 01:46 #2
Gogorra izaten da bai, eta paizentzia asko behar da, itxoiten jakitea. Egia da, ezin dut nik ematen ez dudana eskatu, eta egia esan, ez dut eskatzen, bakoitza den modukoa da, eta ulertzen dut. Baina norbait lagundu nahi dudanean, baina nola egin ez dakidanean, ezintasun izugarria sentitzen dut, gogorra da. Besarkaden kontua ja beste gai bat da, izan ere, oso zaila egiten zait, baina familiakoa dela dirudi, ez baitut gogoratzen zein izan zen senide bati eman nion azken besarkada. Gustatuko litzaidake pentsatzea baietz, aldatuko dela. Ikusiko dugu...
astrozoro 2007-06-04 08:48 #3
aldaketak ez datoz pentsamenduen atzetik, praxiaren edo ekintzen atzetik baino ez. pentsamenduak ideia hutsak dira gauzatzen ez badira. badago, gero, iragana aldatzerik, eta gure karga emozionala aldatzerik. zaila da, noski. nork esaten du bizitza erreza denik? bestearenganako lotsa edo sasibeldurra logikoa da, ulertzekoa, baina besteak berdin pentsatuz gero, sekulan ez da gertatuko horrenbeste desiratzen duzuen batzea. saiatu, eta eman ezazu lehenengo pusua benetan horrela nahi baduzu.
matx 2007-06-04 10:28 #4
Ez larritu!!!!
Ondo da gerturatzeko estrategiak bilatzea eta atzeko ateak aurkitzen jakitzea. Trebea izateak bentaja dauka, eta badaude pertsonak horretarako doaia dutenak. Hala ere, zure burua nolahala eskeiniz gero, ez larritu. Besteak zure soka hartzeko aukera dauka eta laguntza eskatzen ikastea ere ez da erreza izaten, baina oso beharrezkoa da.Ez haserretu ez badu sokarik hartzen, baina ez egin gehiegi ere ez, zure burua zaintzeak erlazioa zainduko du..Edo hori da nik pentsatzen dudana... baina onartzen dot gai hauek lehen asko urduritzen baninduten arren, ahaztuak nituela!!

Gorka 2007-06-04 13:01 #5
Ea honek laguntzen zaituen:

Ni gai hauetan batzuetan horrelakoa izaten naiz, itxia oso. Neurri handi batean nire burua kokatzeko bakarrik egon nahi dudalako. Baina bestetik norbaiten laguntza behar dut. Familia nire kontu pertsonaletan ez da sartzen, nik nahi ez dudalako. Lagunek ordea bai. Nahi badute beti egongo naiz prest haien laguntza jasotzeko. Eta zer gertatzen zaidan galdetzen badidate ez naiz haserretuko.

Baina nik ere baditut lagun itxiagoak ere eta horrelakoetan zu bezala sentitzen naiz, ez dakit zerbait esan edo itxoin. Baina luzaroan itxoiten badozu azkenian beranduegi izango da.

sum1 2007-06-04 18:19 #6
Sokaren teoriarekin jarraituz gauza bat gehitu nahi dut. Ondo dago besteei soka eskeintzea eta hartzen duten momenturaino itxarotea, baina normalean nik zerbait jaso baino lehen zerbait ematen dut, hau da, soka ez badizute hartzen izan daiteke zuk ez duzulako bere soka hartu haiek eskeini dizutenean. Aholku txiki bat baino ez da. Nik behin baino gehiagotan erabilia dut eta baliagarria izan da.
Sugoi 2007-06-04 21:41 #7
Eskerrikasko erantzun guztiengatik, ez nituen hainbeste espero. Bakoitza den modukoa dela esana dut jada, ez dut uste pertsona horiek nire laguntza hartu nahi ez dutenik, baizik eta hartzea zaila egiten zaiela, eta hartzeko era ere ezberdina dutela. Barne handiko pertsonak izan ohi dira, pixkanaka eta ahal den heinean ezagutu beharrekoak.
Utzi iruzkina: