Erosotasuna: gure helburua

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-04-11 23:23
2

Elkarrizketa interesgarria izan genuen lehengo egunean, mundua konpontzeko grina sartzen dizuten horietakoa. Zein da kapitalismoak desorekatutako mundu honentzako konponbidea, zein gizakiaren berekoikeriak gaixotutako munduarentzako botika? Ez dago ezer. Ez dago konponbiderik, ez botikarik.

Kapitalismoak ez du autoritarismoak eta diktadurak bezala zentsura bortitza ezartzeko beharrik. Manipulazioa erabili egiten du ardiak artaldetik ez urruntzeko, noski. Baina ardiak izaten du aldentzeko aukera hori. Mugimendu eskuindarrek ez daukate ezkerraren beldurrik, eta horregatik ez da zertan ezkerra halabeharrez isilarazi. Galtzeko ezer ez dugunean baino ez gara ezkertiarrak, galtzeko ezer ez dugunean soilik gaude iraultzarako prest. Baina mendebaldeko kulturaren menpe bizi garenok, erdi edo goi mailako bizitza daukagunok asko dugu galtzeko.

Mundua aldatzeko, hau da, konpontzeko, apurtuta baitago, mundutarren partaidetza da beharrezkoa, eta mundutarrok ez gaude prest. Egongo dira bere bizitza ideal baten alde sakrifikatuko duten pertsonak, egongo dira gizartearen hobekuntzaren alde borrokatuko diren pertsonak. Zertarako ordea? Utopiaren atzetik dabiltza korrika, baina utopia haiek baino bizkorragoa da. Kolektiboaren bila diardute komunistek, sozialistek, anarkistek... baina kolektiboa ez da existitzen: indibidualistak gara.

Gizakia bizirauteko diseinatuta dago. Gizakia ez dago solidarioa izateko diseinatua. Hautespen naturalaren adierazle maximoa da gizakia: hobekien moldatzen dakienak biziraungo du. Gizartera aplikatuta, bakoitzaren interesen alde egiten dugu lehenengo, gehienez, ingurukoen ongizateaz ere kezkatuko gara, gure taldeaz (la manada). Talde hori babestea ere ez da interes propioetatik at geratzen, izan ere, ingurukoak beharrezko ditugu biziraun ahal izateko, eta badakigu, babesten baditugu, euren babesa izango dugula (gehienetan).

Geure burua solidario eta iraultzailetzat dugunok edo izan dugunok ere, gure bizi kalitatea jartzen dugu beste batzuen bizitzaren aurretik, horrek du lehentasuna. Egia da, askoz garrantzitsuagoa da ume batek jatekoa izatea guk telebista ikustea baino. Alabaina, ez zaigu axola. Eta onartu behar dugu, horrelakoak gara. Gure egunerokoan ez dugu justizian, gaixotasunetan, heriotzetan, gosean... pentsatzen. Nik, altxatu egiten naizenetik, lokartzen naizenerarte, nire bizitza txikia bizi dut. Nire ikasketekin jarraitzen dut, etorkizunean ire lana edukitzeko, nire lagunekin egoten naiz, nire bazkaria prestatzen dut, nire ingurukoekin konpartitzen dut eguna, nire dirua gastatzen dut... denak biratzen du nire eta nire taldekoen inguruan. Batzutan akordatzen naiz bai, hirugarren mundukoekin, langile explotatuekin, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeekin... Pako Aristik euskararekin erabili zuen argumentu bera erabili behar dut, gauza guzti hauek, ez baitira gure menuaren parte, izatekotan, goizerdiko pintxoa izango lirateke.

Tristea da agian, baina aldakaitza. Bakoitzak erabakitzen duen neurrian borrokatzea besterik ez zaigu gelditzen. Nik argi esaten dut, ziurrenik ez dut nire bizitza sakrifikatuko ezerengatik, ni bainago lehenengo, eta ez baitut idealetan sinisten. Baina eguneroko gauza txikietan, pintxoetan, hobetzen saiatuko naiz. Argi dago, ez dudala mundua aldatuko, ez delako posible. Baina lortuko dut, zerbait, munduko txokoren batean, hobeto egotea. Birziklatzen badut, GKE batekin elkarlanean aritzen banaiz, nohizean behin eskale bati jaten ematen badiot… soberan daukadana ematen ari naiz, baina ezer ez ematea baino gehiago da. Errespetua sor diet kolektiboan sinistu eta borrokatzen dutenei, baina nire ustez horrek ez gaitu inora eramango.

Horrelakoa da gizakia, nazkagarria eta maitagarria aldi berean, bere gauza onak ere baditu eta. Baina hori, beste momentu baterako utziko dut…

 

astrozoro

astrozoro 2007-04-12 17:52 #1

kolektiboak&nbsp; existitzen dira, homogeneoak&nbsp; eta&nbsp; heterogeneoak. Beste&nbsp; gauza&nbsp; bat&nbsp; da, oso&nbsp; ezberdina, kolektboagatik&nbsp; zenbat&nbsp; gauden&nbsp; prest&nbsp; arriskatzeko&nbsp; edo galtzeko. Horretan&nbsp; gara&nbsp; zeharo&nbsp; indibidualistak, egun, Nartzisoren&nbsp; garai&nbsp; honetan, noski, zentzu&nbsp; hadi&nbsp; batean&nbsp; aipautako&nbsp; kapitalismoak&nbsp; zuzendurik. Gizakia&nbsp; bizirauteko&nbsp; soilik&nbsp; diseinatua&nbsp; dagoenearen&nbsp; ideiarekin&nbsp; ezin&nbsp; naiz&nbsp; bat&nbsp; etorri. Egia&nbsp; da&nbsp; gizaki orok&nbsp; duela&nbsp; bizi-nahia, bizirautera&nbsp; bultzatzen&nbsp; duen&nbsp; indar&nbsp; paregabea, baina&nbsp; horrek&nbsp; ez&nbsp; gaitu&nbsp; inondik inora&nbsp; determinatzen. Gure&nbsp; buruaz&nbsp; beste&nbsp; egin&nbsp; dezakegunetik&nbsp; aurre&nbsp; egin&nbsp; diezaiokegu&nbsp; ikuspegi&nbsp; edo&nbsp; ustezko&nbsp; sasi-patu&nbsp; horri, eta&nbsp; bestetik, ez&nbsp; dugu&nbsp; ahaztu&nbsp; behar&nbsp; naturan, animaliengan, beste&nbsp; nolabaiteko&nbsp; jokamoldeak&nbsp; ere&nbsp; ikusten ditugula&nbsp; Kropotkinek&nbsp; erakutsi&nbsp; nahi izan zuen&nbsp; bezalaxe. Animalia&nbsp; batzuek&nbsp; bakardadea&nbsp; hautatzen&nbsp; duten&nbsp; bezalaxe, beste&nbsp; animalia&nbsp; askok&nbsp; hautatzen&nbsp; du&nbsp; halabeharrez&nbsp; lantaldea, kolektiboa. Zein&nbsp; da&nbsp; gizakiak&nbsp; deritzon&nbsp; animaliak&nbsp; behar&nbsp; duena?<br />

Sugoi

Sugoi 2007-04-12 19:38 #2

Kolektiboa lantalde moduan existitzen da bai. Komentzitu behar dugun kolektiboa ez da existitzen. gaizki azaldu omen naiz, homogeneitatea ez da existitzen eta beraz, konsesoa ezta ere, ez dago akordio posiblerik.

Zoritxarrez ez dut kropotkin irakurri, baina uste dut lantaldean aritzeko joera hori ere biziraun ahal izateko duela animaliak. Gizakia talde animalia da bai. Eta ados nago, aurre egin diezaiokegu sasi-patu deritzozun horri, baina ez zaigu interesatzen. Gizateriari ez zaio interesatzen. Ez dut esaten ez dagoela indibidualismoaren aurka dagoen gizakirik, noski badagoela. Baina guztiz ezinezkoa da guztiak indibidualistak izateari ustea, naturala iruditzen zait? Ba bai, baina ez polita. Kapazak izan gara naturaltasunari ezetz esateko arlo askotan, baina oraingoan ez zaigu komeni... hala uste dut nik. Bizi-nahia ez da determinatzailea, justifikatzailea baizik.


Utzi iruzkina: