Descartesen Porrota
Ontologiaren dekadentzia eta epistemologiaren gailentzea
Lan honen helburua, Descartesek eszeptizismotik ihes egiteko ahaleginetan kontrako efektua izan zuela defendatzea da. Hots, ezagutza ziurra era sistematiko batean justifikatzeko bere asmoetan porrot egin zuela, ontologia baztertu eta termino absolutuetan hitz egiteari utziko dion disziplina guztiz berri bati hasiera emanez.
Descartesek bere meditazioen argudiaketa osoaren oinarria Jainkoaren existentziaren frogan jarriko du, eta froga honen ahultasunak suposatuko du, hain zuzen, filosofoaren porrota. Jainkoaren existentziaren argudioa era apropos batean baliogabetzea lortuz gero, bere sistema guztia ere balio gabe geratuko baita.
Zergatik diot Jainkoaren existentziaren froga ahula dela? Descartesek frogatu gabeko argudio batez errefusatuko du amaigabea amaikorraren ukaziotik datorrelako objekzioa, alegia, errealitatearen mailaketaren hipotesi eskolastikoaz. “Nik argi eta garbi baitakusat errealitate handiagoa aurkitzen dela substantzia amaigabean substantzia amaikorrean baino, eta horregatik lehenago dago nire baitan amaigabearen nozioa amaikorrarena baino, hau da, jainkoaren nozioa nirea baino” (Descartes 1641: 149. orr.). Segituan, galdera nolabait erretorikoa planteatuko du aurretik proposatutakoaren inguruan zalantzarik gera ez dadin. “Nola liteke, bestela, nik jakin ahal izatea zalantzan nagoela eta nahi dudala (…), ez badut nire baitan ni baino perfektuagoa den izaki baten ideia, zeinaren bidez nire naturaren akatsak ezagutuko ditudan bi naturak parekatuz?” (Descartes 1641: 149. orr.). Saia gaitezen galdera horri erantzun sendoa ematen eta, hala, errealitatearen mailaketaren hipotesia deuseztatzen edo, behintzat, zalantzan jartzen.
Imagina dezagun tribu primitibo bat zeinetan tribuko partaide guztiak elikatu ahal izateko, animalia handiak ehizatu behar diren. Demagun, ehiza egunetako batzuetan mamutak ehizatzen zituztela, eta, beste batzuetan, basa zaldiak. Gizaki primitibo horiek ikusiko zuten, mamut bat ehizatzean elikagaiak luzaroago iraungo zuela, eta horregatik, kontsideratuko zuten hobe zela mamut bat ehizatzea basa zaldia ehizatzea baino. Adibide honen bidez frogatu nahi dudana da, gizakiak badaukala konparatzeko edo parekatzeko gaitasuna jainkoaren ideiari erreferentzia egiteko beharrik gabe, eta amaigabearen eta perfekzioaren ideiak horrela sortu izatea posible dela. Nola, baina?
Ezaugarri beraren gaineko konparazioa egiten dugunean, kenketa edo gehiketa bezalako operazio matematikoak egiten ari gara. Jar dezagun tamainaren adibidea. Nola ez dakigun zein den taminaren eskalan existitu daitekeen izaterik handiena, handitasun amaigabearen ideia eraiki dezakegu, ezagutzen dugun elementurik handienari, geure imajinarioan, etengabe bolumena gehituz. Prozesu hau neurgarriak diren ezaugarri guztiei aplikagarria izateaz gain, izaki batek duen ezaugarri eta gaitasun kopuruari ere aplika dakioke. Egunerokoan ikus dezakegu, pertsonen gaitasunak eta ezaugarriak ezberdinak direla, eta niri falta zaidana beste horrek daukala. Hala, gehiketa prozesu bera erabiliz, irudika dezakegu existitu daitezkeen ezaugarri eta gaitasun guztiak izango dituen izakia, eta perfektua dela esango dugu, ez baitago izaki hori hobetzerik. Ez da behar, beraz, Jainkoaren existentzia ideia hori geure pentsamenduan izateko.
Dena den, Descartesek beste argudio bat emango du Jainkoaren existentzia frogatzeko, argudio edo froga ontologikoa. “Jainkoa –perfektua denetik- existentziarik gabe bururatu ezin denez, ondorioztatzen da existentzia ezin dela banandu Jainkoarengandik, eta, ondorioz, bera benetan existitzen dela” (Descartes 1641: 170. orr.). Argudio hau balioduna izan dadin, Jainkoaren existentziaren premisa egizkotzat hartu beharko litzateke lehenengo, ezin baita onartu ezer perfektua denik existitzen ez bada: Jainkoa existituko balitz, perfektua izango litzateke; perfektutasunak existentzia inplikatzen du halabeharrez; Jainkoa existitzen da |- Jainkoa perfektua da. Jainkoa perfektua da |- Jainkoa existitu behar da. Argudioa, premisa batean labur daiteke iragankortasunaren arau logikoari esker: Jainkoa existitzen bada, Jainkoa existitu behar da. Tautologiaren botereaz gain, hemen, argi eta garbi, ez da beste ezer frogatzen.
Jainkoaren existentzia ziurra ez dela behin finkatuta, argi geratzen da ezagutza ziurra justifikatzeko saiakeran Descartesen lurjotzea, lehen esan bezala, ni-aren existentzia ez beste ezagutza guztia horren gainean eraiki baitzuen. “Eta egongo ez balitz nire baitan halako ideiarik ez nuke inolako argudiapenik izango nire burua konbentzitzeko nitaz beste den zerbait existitzen dela” (Descartes 1641: 146. orr.).
Onartzen bada Descartesen metodoa ezagutza era absolutuan justifikatzeko saiakera sistematiko bakarra izan zela ordurarte eta, metodoaren bidez ezarritako baldintzak horretarako aproposak zirela, bere porrotetik ondoriozta dezakegu ez dela posible inolako zalantzari lekurik uzten ez dion ezagutza lortzea –berau existitzen baldin bada. Epistemologia egiteko modu berri bati zabaltzen dio bidea Descartesen huts egiteak, beraz, aurrerago Kantengan ikusi ahal izango duguna, azken honek garbi utziko baitu ezagutza noumenikoa giza arrazoimenaren aukeretatik at dagoela. Hala, epistemologia berria erabat aldenduko da ontologiatik, berbaitango gauza ezagutzea posible ez denetik zalantzagarri bilakatuko baita disziplina horren baliagarritasuna.
Bibliografia
- Colaboradores de Wikipedia, "Immanuel Kant", Wikipedia, La enciclopedia libre [http://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Immanuel_Kant&oldid=22127957] (Última revisión: 29 noviembre 2008, 17:20 UTC)
- DESCARTES, R., 1641: Metodoari buruzko diskurtsoa/Meditazio Metafisikoak, Bilbo, Klasikoak, 1997.
- GRIEG, M., 2007: "Kant’s Critique of Metaphysics", Stanford Encyclopedia of Philosophy, Edward N. Zalta (ed.) [http://plato.stanford.edu/entries/kant-metaphysics/]
- NOLAN, L., 2006: "Descartes’ Ontological Argument", Stanford Encyclopedia of Philosophy, Edward N. Zalta (ed.) [http://plato.stanford.edu/entries/descartes-ontological/]
Iruzkinak
2009-02-28 14:25 #1
nire institutuko filosofiako irakasleak ez zizkidan gauzak hain argi eta labur azaldu. descartes ez da nire arimako gaia (filosofia ere ez), baina idatzi duzuna gustatu zait
Sugoi 2009-03-02 00:30 #2
Ba, ez dakit nor zaren, baina, mila esker, benetan. ;) Espero dut holako gehiago idazten jarraitzea, hobeak, ahal bada.<br>
Utzi iruzkina: