Demosofia - herriaren jakintza
Bukatu dut jada Batxilergoa, datorren astean hautaprobak egin eta irailean banoa Unibertsitatera. Donostiara noa Filosofia ikastera, bai, Filosofia. Zenbat jenderi entzun ote diot esaten karrera honek ez duela ezertarako balio... guztiz kontra nagoela adierazi beharrean nago (logikoa, bestela ez nuke ikasiko...).
Filosofiarik gabe, ez dago demokraziarik [1]. Herria jakituna ez bada, ez dago zuzentasunik (esistitzen baldin bada), ez dago ezer. Platonek argi azaltzen zuen haitzuloaren mitoan, demagogoek gatibuak engainatzeko adina abilezia daukatela, demagogoek, dialektika erabiltzen dakitenek, herria nahi eran manipulatzen dute. Herritar adingabeak, ezjakitunak, demagogoak bideratuak badira, boterea ez dauka herriak, demagogoak berak baizik. Kantek ere gehiengoa adingabe sententziatu zuen, eta heziketaren aldarrikapena egin zuen, bistan da orain arte asko ez dela lortu, horregatik omen da utopia pedagogikoa.
Espainian, eta ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoan, lekua kendu nahi zaie pentsatzera garamatzaten arloei, ordez, arlo produktiboak ezartzeko, dirua sortzeko, dirua sortuko duten pertsona hezteko. Azken bi hamarkadetan Filosofiaren irakaskuntza gutxietsi, murriztu edo itxuraldatzeko saiakerak etengabeak izan dira. 2010ean ezarriko den bologna prozesuaren bidez ere, horrelako korronteak, kaltetuak izango dira. Gero eta jende gutxiago sartzen da karrera hau ikasten, zergatik baina? Ez du-eta lanik ziurtatzen, lan esparrua ikaragarri murriztua du Filosofiak. Irakaskuntza izango da gure helburu zuzena, besterik ez dagoelako, eta irakaskuntzan ere gutxi dira lana aurkitzeko aukerak. Filosofia alde batera uzten ari gara, eta ez da ideia ona.
Gaur hizpide dudan gai honen inguruan hainbat erakunde entzutetsuk egin dute aldarrikapena. 1995ean Filosofiaren Aldeko Pariseko Deklarazioa sustatzen da, non adierazten den, erantzukizun zibila, ulergarritasuna, tolerantzia eta irekiagoak izateko gaitasuna akuilatzen dituela. Bestalde, Ikerkuntza Zientifikoko Kontseilu Gorenak aitortu zuen ez zegoela erantzukizunera bideratutako hezkuntzan Filosofiaren ordezkorik, eta UNESCOk aldarrikatu zuen, giza jakintzaren muina bera dela. [2]
Zertan laguntzen gaitu Filosofiak? Ez dugu nire ustez jakintza absoluturik lortuko, ez dago horrelakorik. Ez ditugu munduko arazoak konponduko, hori guztia, argi dago. Baina Filosofiak gogoetara garamatza, zalantzara, jakituriarekiko maitasuna da. Izpiritu kritikoa pizten digu, gu manipulatzea zailtzen du. Antzineko demokraziak, 'isegoría' terminoa erabili zuen, "agorako berdintasuna" adierazteko [3]. Halako berdintasun batean jartzen gaitu filosofiak, benetan hautatzeko aukera ematen digu, gure kabuz hautatzeko aukera, edo behintzat, horretara asko hurbiltzen gaitu.
Izugarrizko garrantzia ematen diegu matematikei, geografiari, historiari, etab. Ez dut zalantzan jarriko horien guztien garrantzia, baina Filosofiarekiko desorekatua dago. Bizitzan zehar, liseri prozesua ikasi dut, esaera zaharrak, integralak, Europako estatuen kokalekua eta Espainiako errege guztiak... zoritxarrez, horrek ez dit balio nire bizitzan, politikan, gizartean erabakiak hartzeko orduan. Zalantzaz jokatu behar dut kasu hauetan, zalantza eta eszeptizismoa da daukadana. Aitzitik, bi urtez baino ez dugu Filosofia ikasten, beste arloak bizi osoan zehar matxakatzen zaizkigularik. Bi urte baino ez, eta bigarrena, hautaprobak prestatzeko erabili beharra, denboraz eskas, filosofatzeko, pentsatzeko, eztabaidatzeko ia denborarik gabe. Aipatu beharra dago, Espainian dagoela Europa osoko Filosofiaren inguruko hezkuntza eskasena, eta gainera, ikastetxe askotan, irakasleak Historian lizentziatuak dira, Filosofian lizentziatuak izan beharko liratekeenean.
Momentu honetan, ezin dezkegu esan Espainian, hezkuntza-sistema bat dagoenik, benetan daukaguna, adoktrinatze-sistema hutsa baita, alienatze era bat (eraginkorra, bide batez). Jasotako "heziketaren" bidez, gizartean aurrezarritako baloreak irensten ditugu, ezer kontenplatu gabe, ezer pentsatu gabe, galdetu gabe. Baina Albert Einsteinek esan zuen bezala, "garrantzitsuena galderak egiteari inoiz ez uztea da", egia borobila, galderak egitea da erantzun posible gehienak ezagutzeko bide bakarra. gero eta erantzun gehiago ezagutu, orduan eta aukera gehiagoren artean hauta dezakegu, edo guztia ikusita, ezer ez hautatu, bakoitzaren arabera.
Beraz, nekatuta nago familiako batzuek beste zehozer ikas dezadan konbentzitzeko saiakerez. Nekatuta nago entzuteaz, ez nauela inora eramango lau urtez Filosofia ikasten emateak. Ikasiko dut Filosofia, garrantzitsua deritzot, hain garrantzitsua ezen uste dudala mundu guztiak ikasi beharko lukeela Filosofia gehiago, baina en fin, konformatuko naiz gainontzekoek ni pakean uztearekin.
[1] FILOSOFIA PARA EL PUEBLO - No hay democracia sin filosofía. (Asociación Educación para la Democracia)
[2] FILOSOFIA PARA EL PUEBLO - No hay democracia sin filosofía. (Asociación Educación para la Democracia)
[3] FILOSOFIA PARA EL PUEBLO - No hay democracia sin filosofía. (Asociación Educación para la Democracia)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: