Berezko jakinmina
Bi egun barru Kadizera noa, ama, bere mutila eta nire neba txikitxoa bisitatzera, eta bide batez eguzkia pixkat hartzera ere bai, hemengoak bezalako hodeirik gabe. Duela ia zortzi hilabete jaio zen neba, Egoitz, Abenduaren laugarren egunean hain zuzen, klaseko azkenetarikoa etorkizunean! Uste dut aspaldi idatzi nuela hemen haurrei buruz, eta era berean guri buruz, gaur ere berdina egingo dut...
Izugarri gustatzen zaizkit niri haurrak, izatez, filosofia ikasiko badut ere, asko gustatuko litzaidake haurtzaindegi batean lan egitea, umez inguratuta, beren negar eta irriak entzuten, haiekin jolasten eta borrokatzen bazkaria osoa bukatzeko, edo behingoz lokartzeko. Azkenaldian asko ikusi dut neba urrun bizi den arren, interneten abantailak! Eta astokilo hutsa dela deskubritzeaz gain, beste zerbaiti ere erreparatu diot, harrigarria da umeek daukaten kuriositatea! Etengabe ari dira ingurua aztertzen gauzak dastatzen (jatekoak ez badira ere), jostailuak ikutzen, kolore bizizen atzetik joaten... etengabeko bilaketan ari direla esan genezake, mundua estalgabetzen, ikertzen eta aurkitzen, zientzialari onenen gisan.
Eta berriro ere, umeak geurekin konparatzean esparru honetan, orain ere, burua makurtzen dut erdi lotsaturik eta erdi haserreturik, Cuatrok eskeintzen digun zirkulu gorrian sartu eta desagertu nahian, edo beti esan den bezala, lurrak irentsiko ote nauen itxaropenez. Nire ustez, gizakiok berezkoa dugu jakinmin hau, jaiotzez adierazten duguna, naturala zaigula esango nuke (eta ez naiz sartuko naturala definitzearen eztabaidan...), berezkoa. Eskolan, lehen hezkuntzan hasi baino lehenago ere galdetzen dute umeek zer jartzen duen bidetik aurkitzen dituzten karteletan, matematika aurreratuak ikasi aurretik galdetzen dute zer den ekuazio bat, edo erro karratu bat, nonbaiten ikusten badute... denok ezaguna da ere haurren 'zergatik' galderaren etapa, erantzun bakoitzaren atzetik beste galdera bat botatzen duten garai hori. Guk ordea, ez dugu inolako interesik azaltzen gure inguruan gertatzen den guztiarekiko. Gero eta jende gutxiagok egiten ditu galderak, gero eta gutxiago bere burua ezagutzen, gainontzekoak ulertzen eta errespetatzen... Burgestu egin gara, ez dugu ezer galtzekorik, eroso bizi gara, zer axola digu beste guztiak? Pozik bizi garelakoan gaude, zoriontsuak garela uste dugu, baina, hala da? Izan daiteke zoriontsu erlauntza batean besteekin ezberdintasun bakarra ere ez duen erlea? Poztasuna ezagutzen al du robot batek? Erosteko eta kontsumitzeko programatuta dagoen automata batek?
Horrela funtzionatzen dugu azkenaldian, automatikoki, gero eta gehiago gainera. Berezkoa dugun kuriositate hori alde batera utzi dugu, egingo dute zientzialariek gure lana! Iker eta bila dezatela beraiek! Horretarako ordaintzen diete eta!
Ondo dago zientzialari, antropologo, arkeologo eta beste edozein motatako ikertzaileek zerbaiten bilaketan jartdutea, egiaren bilaketa edo gezurrarena, berdin zait hori, bilaketa azken finean. Baina horrek ez du kentzen gainontzekoak ere inguratzen gaituenaz kezkatzeko, prentsa arrosan irteten denaz haratago, aurkikuntza berrietan, teorietab, edo soilik geure buruan interesatzea. Erich Frommek esaten zuen geure burua ezagutu gabe ezin dugula maitatu, eta gure burua maitatu gabe ezin dugu ondokoa ezagutu edo maitatu, bakarrik gaude beraz, ezagutzen ez dugun bakardadean... Eta dena, berezkoa zaigun dohai bati uko egiteagatik, lotsagarria!
Iruzkinak
ane 2007-07-23 23:00 #1
<p>jo, hau irakurtzea akordatu naiz zer nolako zoriontasuna sentitu nuen irakurtzen ikastean...kartelena. herri osoan zehar zeuden kartel guztiei begira geratzen nintzen eta letraz-letra irakurtzen nituen, mantso. Ama desesperatzen zitzaidan, baina neretzat mundu berri bat deskubritzearen erakoa izan zen.</p>
<p>orain ez naiz ia inoiz kartel bati begira geratzen...en fin. arrazoia eman behar dizudala beste behin, itxiagoak garela urteek aurrera egin heinean..</p>
<p>ondo pasa Kadizen</p>
Utzi iruzkina: