Zer da amodioa?
Amodioa pertsona orok noizbait sentitzen duen zerbait da. Ezingo nuke definitu, bakoitzak bere eran sentitzen baitu, eta norberaren barnean ere, amodioa hamaika modutan bizi baitaiteke. Polita omen da maitatzea, behinik behin zu ere maitatua zarenean. Zer nahiago dut, maitatu ala maitatua izan? Ez dira independienteak nire ustez, maitatua izatea mundu guztiari gustatzen zaio, baina guk maite gabe ez dugu baloratuko, eta ez du merezi. Norbait maite izatea, ordea, oso mingarria izan daiteke bueltan ezer jasotzen ez baduzu, eta ez nabil soilik bikoteei buruz, lagunekin, senideekin… berdina gertatzen baita. Beraz hartuemana da maitasuna, edo amodioa, edo dena delakoa.
Askotan ez gara konturatzen nola maite dugun norbait falta zaigun arte, topikoa, baina egia borobila. Eta ez hori bakarrik, askotan, maite genuela uste genuen pertsona bat albotik alde egitean, ez dugu bere falta somatzen, zargatik ote? Konfiantza da maitasuna, jakitea zure gorputza atzerantz botatzean, han egongo dela bera, zu hartzeko prest. Jakitea, negar malko bat isuri bezain laster berak eskeiniko dizula zapia, eta sorbalda, eta behar duzuna. Ez ote naiz idealistegia zentzu honetan! Amodioa, berak gogorra den zerbait esaten dizunean benetan minduta sentitzea da, eta ez dagoenean, bizitzak zuen hanketako bat galdu eta erortzeko beldurrez ibiltzea, kolokan, orekarik gabe.
Egia esan, niretzako, amodioa emozio korapilatsua da, nahas-masa, ulertzeko zaila egiten zaidana. Baina badakit gauza bat, nik maitasunik gabe ezingo nuke bizi. Kolorea ematen die geure egunei, batzuetan argia, bizia, beste batzuetan iluna, baina kolorea azken batean. Nik pentsatu ohi dut, guztiari egin diezaiokedala aurre, ez dudala inoren beharrik, eta ondoan nuen pertsona joan bada, ohituo naizela hutsune horretara edo beste norbait aurkituko dudala. Baina gezurra da.
Behar zaitut, behar zaitut zu eta ez beste inor, zure hutsunea baita sentitzen dudana, ez beste inorena. Ahaztu nuen hanka bat zinela, eta lau hankako mahaia gaizki manten daitekeela hiru hanken gainean. Behar dut hanka hori, nire bizitza den mahaia eusteko, bestela, agian, gainera jausiko zait.
Ezinegona hemen ez bazaude, eta mina hemen egon eta urrun sentitzean. Konturatu nintzen distantzia ez zela ezer, askotan gehiago sufritzen dudala zu hurbil izanda ikutu ezin bazaitut. Zu ikutu, zure barnea. Zure begirada ulertu, eta hitzik esan gabe besarkatu. Ez badidazu esan nahi ez zait inporta, nire babesa eskeini nahi dizut. Esan nahi badidazu orduak igaroko ditut zure ondoan, nekatzen zaren arte. Ni ez bainaiz nekatuko. Orain txiki sentitzen naiz eta altxoaren berotasuna sentitu nahi dut. Jakin nahi dut hemen zaudela, nirekin. Nahi dut jakin dezazun, hemen nagoela, zurekin.
Iruzkinak
indezent 2007-04-23 10:34 #1
Asko gustatu zait azken paragrafoa. Hala ere iltze bat beste iltze batekin kentzen da eta zuloak bete daitezke, are gehiago hustu aurretik zuen "rellenoa" behar zena ez zenean. Arazoa da horretaz konturatzea gehiago kostatzen zaigula, horrelakoa da maitasuna...
Sugoi 2007-04-23 19:04 #2
Bai, hiltze bat beste batekin kentzen omen da, bina nk ez dut hiltzerik atera nahi. "Relleno" hori bazan egokia, eta jarraitzen du izaten baina lan egin behar dut lehengoa berreskuratzeko, besterik ez.
2011-03-14 09:16 #3
Ta gaur ondoan behar zaitut berriro ez bait naiz nire bizitzaren jabe.

Maitasuna, gorrotoa, nahi eta ezinaren muga.

Zalantzak beldurtzen nau, beldurrak babesten nau.

Zenbat malko maite zaitudalako.

Zu zoriontsu izatea nire azken eskaria

Utzi iruzkina: