SOS Eskubideak eta Askatasunak

alternatiba 1456130686283 Alternatiba | 2010-02-08 20:13



Bertold Brecht
ek hauxe esan zuen bizi izan zen garaiari buruz: «Garai bat latza da, baldin eta begien bistakoagatik borroka egin behar bada». Urte asko joan dira baieztapen hartatik, baina ezinago baliagarria da Euskal Herrian eta munduan egun dugun egoeraz mintzatzeko ere.

Begien bistakoa da bere burua demokratikotzat daukan gizarte batean lehentasunezko araua behar duela izan eskubide eta askatasun guztiak indarrean egotea gizaki guztientzat. Begien bistakoa da, halaber, emakume eta gizon askeek osaturiko gizarte horretan indarkeria ez dela onargarria inolaz ere.

Baina, zoritxarrez, premisa teoriko horiek praktikan ez dira betetzen gure herrialde txiki eta atsekabetu honetan. Hala, bada, planetako pertsona eta herri gehienen eskubideak urrakorrak dira, oro har; Euskal Herrian, berriz, kiribil ezinago kezkagarrian sartuta gabiltza, hainbat eskubide zibil eta politiko urratuta. Beraz, argi eta irmo erantzun beharra daukagu lehenbailehen: eskubide guztiak pertsona guztientzat.



Alde horretatik, ezer berririk ez dugu ageriko egingo, baldin eta esaten badugu agente urratzaile nabarmena dela ETA eta haren indarkeria zentzugabea, eta hark eragindako urraketek ondorio etiko, politiko eta sozial zorigaiztokoak dakarzkiola elkarbizitzari eta garapenari; ezinbestean salatu beharrekoa daukagu, beraz, ETAren estrategia militar antzua bezain mingarria.

Nolanahi ere, berehala eta betirako amaitu beharra dauka indarkeria halakoak; ezin du balio, eta ez du balio behar, eskubideak eta askatasunak sistematikoki urratzeko alibi gisa, gure lurraldean gero eta modu etengabeagoan eta kezkagarriagoan gertatzen ari denez.

Duela dezente urtedanik, bada, Estatuak eta haren bitartekoek erantzun bakarra eman diote ETAren indarkeriari: zapalkuntza bideak areagotzea, eta oinarrizko eskubideak eta askatasunak ukatzea; eta horrek guztiak zatiketa eragin du gizartean, zeina bat baitator haien hitzek eta egintzek proposaturiko nortasun zatiketarekin.

Argi dago Euskal Herrian hainbat ekimen jarri dituztela abian, batzuen batzuk legegintzaldi izaerakoak, eta horiek ezpata ukaldi hilgarria eman diote gure gizarteko demokraziaren zimentarriari.
Baieztapen horren argigarri, eta korolario zabalago bateko adibide gisa, hona hemen hori bermatzen duten hiru mugarri edo osagai:
Espainiako Estatuak eta haren Gobernuak bestaldera begiratzen du, oraindik ere, Amnesty Internationalek eta beste hainbat erakundek Estatuko poliziek egindako torturak direla-eta aurkeztutako salaketak ez entzunda. Torturak onartzeak eta ezkutatzeak, torturatzen dutenak ez ezik, torturei bide ematen dietenak eta torturak onartzen dituztenak doilortzen ditu.

Espainiako Estatuak eta haren Gobernuak, oraindik ere, arbuiatu egiten ditu Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren erabakiak, eta, bide batez, ukatu egiten du haren ustezko subiranotasuna, Euskal Herriko presoen sakabanaketa politika ankerrari bezain bidegabeari bere hartan eutsita. Politika hori legearen kontrakoa da, kartzela politikak ardatz izan beharko lukeen gizarteratze eta gizartekotze irizpideari begiratuta; eta zigor erantsia ere bada ezertxo ere egin ez dutenentzat, presoen senitartekoentzat.
 
Espainiako Estatuak eta haren Gobernuak lege bat jarri du abian, Alderdien Legea izenekoa. Lege horrek, legezkoa den ideologia politiko bat desegiteko berariaz egindakoa izaki, oinarrizko hainbat eskubide eta askatasun murrizten ditu, hala nola elkarteratzeei, manifestazioei, eta adierazpide nahiz parte-hartze politikoei dagokienez. Lege horrek hauteskunde errentagarritasun handia dakarkie haren alde daudenei eta hura babesten dutenei; horrez gain, ordea, askatasun publikoen sistemaren kontra doa zuzen-zuzenean. Eta lege horren interpretazioa ere lasaia denez gero, Gobernuaren interes ilunei enbarazu egiten dieten buruzagiak atxilotu eta kartzelako balio du. Testuinguru horretan sar daitezke Arnaldo Otegiren, Rafa Diezen eta beste hainbaten atxiloketak.

Nahiko adibide dira horiek, gauden egoera politikoaz jabetu gaitezen. Hala ere, Alternatibakook uste dugu ez dela etsipenerako unea, ez eta garai hobearen zain geratzekoa ere, babeslekuetan ezkutaturik.

Argi hitz egiteko unea da, salaketak egitekoa, eta ekitekoa. Objektiboki, eragotzi egin dute -hein batean, ETAren indarkeria dela bitarteko- gaur egun gailen den ekonomia, gizarte eta politika sistema gainditzea; sistema hori desegiteko unea da, Euskal Herriko ezker alderdi ugarien arteko harremanak samurtu daitezen eta baturik jardun dezaten, baina ez salbuespen modura, baizik eta orain eta beti.

Unea da, halaber, agerian uzteko ezinago barregarriak izan direla Barne Sailak gauzaturiko jarduerak -Ares jauna buru dutela egindakoak-, ideia eta proiektu legezkoei jazartzeko asmoz. Salatu egin behar da epaileen eginkizun arbitrarioa, botere politikoen agintaritzapean baitihardute.

Unea da, azken batean, herrialde honetako ezker askotarikoak eta aniztunak argi eta irmo salatu ditzan alde batean eta bestean gertaturiko gehiegikeriak; ezkerrak salatzen ez baditu, ez ditu beste inork salatuko.

Horrez gainera, aukera hau baliatu nahi dugu argi eta garbi adierazteko Euskal Herria ez dela bakartuta bizi, eta planeta osoan zeharo zabalduta dagoela, zoritxarrez, eskubideak eta askatasunak murrizteko jarduera. Baliteke hemen, gure eremu berezi honetan, beste inon baino areago jasan behar izatea, baina mundu osoko errealitate mingotsa da, oro har.

Geure burua ezkerrekotzat dugunok gogoan izan behar dugu botereak hainbat modutan zapaltzen dituela eskubideak: besteak beste, berdintasun politika eraginkor eta benetakorik ez ezarrita, emakumeen eskubideak lortzeko; gainerako herritarrei baino eskubide gutxiago aitortua herritar batzuei, beren sorterriko bizi-baldintzak direla-eta ezinbestean etorri behar izan dutelako gurera; gizon-emakume langileen eskubideak sistematikoki zapalduta, beren handinahikeria dela-eta krisi hau jasanarazten ari zaizkigunen egoera arintzearren; ingurumen iraunkorra izateko gure eskubidea bertan behera utzita, betiko gutxiengoen, pertsonen, taldeen... onurarako.

Ezbairik gabe, aldarazi beharreko egoeraz beteta daukagu agenda Euskal Herriko ezkerrekook, eta geure esku dago horri ekitea, edo aurrerantzean ere damututa ibiltzea eta ematen dizkiguten apurrekin etsitzea. Alternatibako kideok argi daukagu, egin egin behar dugu ezkerra: eskubide guztiak, pertsona guztiontzat.


Utzi iruzkina: