SANFERMINAK GAINBEHERAN

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2008-07-11 12:42

Berriz ere sanferminetan gaude. Hogeita lau orduko festa erraldoia astebetean zehar. Denetik egiteko aukera omen dago euskal jai hauetan, baina, ezerengatik ezagunak badira sanferminak, zalantzarik gabe, entzierroengatik da. Gainerako ikuskizunak, egia esanda, beste jai batzuetan ere badauzkagu eta.

Bada, egunotan entzierroak ikusten nabil. Telebistan, jakina, urteek jada ez baitidate parrandarako gogo handirik uzten, ez behintzat horrelako parrandetarako. Eta, entzierrook ikustean, gauza batek tristetu nau gehien: sanferminen gainbeherak.

Alderdi askotan suma daiteke gainbehera hori. Txipinazo egunean bertan, esaterako, bere burua abertzaletzat duen Uxue Barcosek metxa piztu zuen une bertsuan, ikurrina balkoian eskegi nahi izan zuten zinegotzi ilegalizatuak geldiarazi behar izan zituzten euskal adierazgarririk jar ez zezaten udaletxean. Txupinazoa botatakoan, dena den, garbi asko ikusi ahal izan ziren ehunka ikurrina jendetzaren artean. Badirudi Euskal Herriaren seinale oro apartatu beharra dagoela sanferminetatik, beraien euskal erroa ezabatu nahian-edo.

Baina bada beste kontu bat desagertzen ari dena, globalizazioaren izenean, akaso, eta gainbehera horren adierazgarri ere badena. Gero eta korrikalari gehiago ikusten dira entzierroetan, urterik urte gehiago, zuriz jantzita EZ doazenak. Askok eta askok kolore bereizgarriren bat janzten dute, gerora, argazkietan edo telebistako emanaldietan errazago bereizteko euren burua; esan ahal izateko lagunei "beitu, hi, hemen nagok, hemengo hau neu nauk ez zakiat noizko sanferminetan". Entzierroa korritu izanaren balentria ageri, eta horren froga altxor gisa gordea, betiko.

Entzierroa por ti.

Ez dakit, baina sanferminak ez dira lehengoak. Edo, segur aski, ni neu ez naiz lehengoa. Edonola ere, penatu egiten nau hain gurea izan den festa baten identitate-ikonoak hain erraz aldatzeak, eta inork ezertxo ere esan gabe, gainera.

Lander Landa.


Utzi iruzkina: