OSAKIDETZAKO EUSKARA HAMAR BAT ARGAZKITAN
Hona hemen, oraintsu, erabili.com webgunean argitaratu didaten iritzi-artikulu bat. Bertan, Osakidetzako Donostia ospitalean behatutakoa kontatzen dut, sakelako telefonoz ateratako argazki batzuekin ilustraturik.
Eskerrik asko, zinez, ERABILI.COM webgunearen arduradunei.
Lander Landa.
Egunotan, Osakidetzako ospitale batean izan naiz. Bisitan joan natzaio gaixorik ibili den lagun erdaldun bati; Donostia ospitalera, hain zuzen. Estreinako aldiz izan naiz ospitale horretan, nik beti Nuestra Señora de Aránzazu deitzen zela uste izan dudan berean, antza. Laguna dagoeneko ongi dabil, zorionez, eta etxera bidaliko dute bihar-etzi. Ospitaletik baina, sari polita atera ahal izan dut bisitari ibili naizen bi egun horietan: Osakidetzak darabilen euskara jatorra.
Izan ere, ia kartel edota errotulu guztiak elebidun dituzte idatzita eta, berorietan, euskara ederra, benetan komunikatiboa eta akatsik gabea islatu dute euskaldunon gozamenerako (lastima lagun gaixoa erdaldun hutsa izatea, berak nik baino askoz ordu gehiagoz gozatuko baitzuen Osakidetzaren euskara txit ona).
Bada, kontuak kontu, sakelako telefonoa patrikatik atera eta argazki batzuk egitea bururatu zait, diodan hau guztia apur bat ilustratzeko-edo. Jarraian, azaletik bada ere, iruzkinduko dizkizuedan hauek dituzue argazkiok:
1. Argazkia: EZ EGON KORRIDORETAN
Eguneko ospitalerantz (gauekorik ote dagoen ez dakit) nindoala, "ez egon korridoretan" zioen kartela topatu dut lehendabizi. Ez dut jakin zein korridoretan esan nahi zuen; alegia, guztietan, bakarren batean ala hainbatetan ezin egon zitekeen, baina, gaztelaniaz ere badakidanez (neu poliglota!), berehalaxe konturatu naiz itzulpen arazo txiki bat besterik ez zela, plurala eta mugagabea nahasturik euskaratuta (gogora dezagun erakunde publikoetan euskaraz dauden kartel eta errotulu guztiak lehenago erdaraz pentsatu direla, eta haietatik euskaratuta gerora). Ez diot garrantzirik eman nahi izan eta aurrera segitu dut, enbarazutik kendu nahian.
2. Argazkia: EGON GELA
Laguna gela jakin batera noiz igoko zain zenbat denbora emango nuen jakin ezinik, aterpe hobearen bila abiatu naiz, korridoreetan barrena. Eta hara non topatu dudan orduantxe behar nuena: egongela bat. Baina, hau kasualitatea, beronek ere zertxobait zuen gaizki idatzirik, bi hitzetan bereiz azaltzen baitzen, eta ez bakarrean, behar lukeen bezala.
Tira, hainbesterako akatsa ere ez da. Gainera, akats txiki horiek konpentsatuta daude, euskarazko errotulazioa hizki potoloagoz idatzita egonda, nolabait nabarmendu nahian (euskara, ez akatsak, noski). Hortaz, horri ere muzin egin eta zain egon naiz egongelan.
Tartetxoa eman behar izan dut zain, eta, asper-asper eginda nengoela, altxatu eta korridoreetan zehar ibili naiz pixka batean, denbora eman guran. Orduan, asperduraren asperduraz, kartelak irakurtzeari ekin diot pausoz pauso ari nintzela, eta kontu bitxiak topatu ditut.
3. Argazkia: MIHISETEGIA=MIHISATERIA (??)
Jesus! Pentsatu dut. Hau itzulpena! Izan ere, nik erdarazko "lencería" irakurrita, bestelako zerbait pentsatuko nuen (ez dakit zuek baina...), eta ez "arropa zuria, oro har", hiztegiak dakarren moduan. Dena den, hiztegiak "mihiseria" dakar, eta "mihise" erdarazko "sábana" edo "lienzo" da, antza, baina Iparraldean, Hegoaldean "izara" edo "maindire" esaten ohituago baikaude. Banengoen, bada, Donostiako hauek frantsestu samarrak direla.
Ospitaleko beheko solairu batean, lehentxeago, "mihisetegia" nuen irakurrita; hala ere, hiztegiek ez dakarte, neuk ikusita. Hau da, badirudi bururatzen zaien lehenengo hitza baliatzen dutela gaztelaniazko errotulazioa euskaratzeko, eta, areago, ez dutela irizpide batasunik, eta erdaraz hitz bakarrean adostua dena, euskaraz, aldian aldiko itzultzailearen arabera erabakiko dela zein hitz erabili. Tankera horretakoa da hurrengo hau ere:
4. Argazkia: TORAXEKO KIRURGIA = KIRURGIA TORAZIKOA
Erdaraz (gaztelaniaz) betiere "Cirugía torácica" irakurriko dugu, nahasmendurik gabe, baina euskaraz, dirudienez, asmatu egin behar da lehenengo nola duen izena zorioneko arloak-edo. Nekez asmatuko dute diagnostikoa Osakidetzako sendagile hauek, zein solairu edo arlotan ote dauden aurretik jakin gabe.
Bestalde, eta laugarren argazki honekin amaitzeko, erreparatu lehenengoari, eta ikusiko duzue kartel berean "kirurgia" (zuzen) eta "kirugia" (txarto) idatzi dutela. Ez al dute gutxieneko zuzentzailerik erabiltzen Osakidetzan? Ez ote dute "Xuxen" ezagutzen?
Izan ere, apur bat aurrerago, zorioneko bigarren solairu honetan ere, beste hau ere topatu dut:
5. Argazkia: CIRUGÍA MAXILOFACIAL = KIRUGIA MAXILOFACIAL
Hau bai euskara erraza! Erdara jakinda, zertarako euskaltegira joan? "K" ziztrinen batzuk jarri hor nonbait eta listo! Badakizu euskaraz! Vaya Semanita-koek ere ez lukete hobeto egingo. Harrigarria!
Baina ulertzen ez dudana zera da, nola jarri ote duten errotulu hori hain txarto idatzita eta metro batzuk albo batera, berriz, beste hori (laugarren argazkiko bigarrena), non "Masail eta aurpegiko kirurgia" jartzen duen. Nork egiten ote ditu halako txapuzak Osakidetzan?
6. Argazkia: INFECCIÓN HOSPITALARIA = INFEKZIO NOSOKOMIALA
Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Erreparatu kartel honetako lehenengo esaldiari. Osakidetzako itzultzaile hauek badakite euskaldunok oso jakintsuak garela eta, horregatik, esaterako, "nosokomial" bezalako hitz polita ezar dezakete edozein errotulutan; egia esanda, K-z idatzita euskaldun-euskalduna dirudi eta, horrela, "Ospitaleko infekzioak" edo "Ospitalean hartutako infekzioak" bezalako azalpenik eman beharrik ez, noski. Baina nork ote daki "nosocomial" hitzak benetan zer demontre adierazi nahi duen? Ospitalera doan edozeinek?
Kartel berean, gainerako esaldietan, ordea, ez dira asko ahalegindu erdarazko hitzak baztertzen, antza. Osorik irakurri, bestela.
Eta bada besterik, jakina.
7. Argazkia: EKOGRAFIA-GELA
Tira, zuzen idatzita dago "Ekografia-gela", bai horixe. Baina irakur ezazue, mesedez, eta euskaraz soilik, gela horri buruz dakarren informazioa, eta, ea ezer ulertzen duzuen eta gaztelaniazkorik behar duzuen ala ez ulertu ahal izateko.
Tira, hau guztia arratsalde bateko tarte txiki batean ikusi ahal izan dut, Donostia ospitaleko 2. solairuan (ala "landarean" idatzi beharko nuen?).
Lagunarekin ordubete inguru eman ostean, beherantz abiatu naiz, kafetegia bilatu eta bertan zerbait hartzekotan, etxeratu aurretik. Bidean, zera irakurri dut:
8. Argazkia: CUIDADOS MÉDICOS INTENSIVOS = ARDURA MEDIKU INTENSIBOAK
Ikusitakoak ikusita, ordurako ez nekien dena ote zegoen gaizki idatzita ala neronek ikusten nuen dena txarto. Baina, nire uste txit apalean, "ardurak" eta "zainketak" kontu ezberdin bi dira, eta, "intentsiboak" idaztekotan, "ts" idatzi behar ezinbestean.
9. Argazkia: PLATOS COMBINADOS = PLATER KOMBINATUAK
Eta kafetegira ailegatuta... Mesedez, hainbeste kostatzen al da euskarazko grafia, behintzat, errespetatzea? Oraindik ez al dugu ikasi gaztelaniazko MB eta MP ez direla euskaraz idatzi behar?
Amorraturik, kafetegian ezer kontsumitu barik, etxerako bidean abiatu naiz. Kaleratzerakoan, aldiz, beheko atarian, autobusen noiz-nongoak azaltzen dira panel elektroniko batean.
10. Argazkia: LLEGADA ESTIMADA = IRISTEKO FALTA (??)
Iruzkinik ez.
Jakina, hau guztia gerora ari natzaizue narratzen. Argazkiok, ordea, ez ditut atoan atera, hurrengo egunean baizik; esan baitizuet gorago pare bat egunean izan naizela laguna bisitatzen. Bigarren egunean, bisitaldia lasaiago hartuta, argazkiak atera eta hona ekartzea pentsatu dut, zuek ere, irakurle maiteok, goza ditzazuen.
Zer esan?
Gauza askotxo esan litezke honetaz guztiaz, baina susmoa dut dena esanda dagoela dagoeneko eta euskaldunoi barre egiten digutela aurpegira. Hau da, ez dagoela benetako asmorik euskararen alde eta gizarte elebidunaren alde egiteko; dena azalkeria hutsa da, hipokrisia.
Osakidetzan euskara-eskakizunen bat eskatzen omen diete bertako langileei, baina, ikusitakoak ikusita, irudi eskasa ematen ari dira. Neu, behintzat, desmotibatu egiten naute eta ez naiz batere animaturik sentitzen halako lekuetan euskaraz egitera. Horrenbesteko axolagabekeriaz idazten badituzte errotuluak, zer erantzun ahal digute euskaraz galdetuz gero? Eta zer diagnostiko on egin dezakete, euskaraz, gaixoen gainean?
Bestalde, bizkaitarra naizen aldetik, beti pentsatu izan dut, Gipuzkoan, euskarak egoera hobea duela arlo guztietan; jende gehiagok egiten duen neurrian, zainduago dagoela eta atxikimendu handiagoa diotela. Baina ez da horrela, nonbait.
Hurrengo batean, baldin eta lagun edo familiarren bat bisitatzera joan behar badut ospitalera, bi aldiz pentsatuko dut joan aurretik; eta, adibidez, Gurutzetan badago ingresatuta, seguruenik, ekidin egingo dut bisita, ez nazan euskararen birusak kutsa.
(LANDER LANDA kazetari-blogaria da)
Iruzkinak
Igortxu 2008-09-12 11:15 #1
Barregurea ematen du baina negar egiteko da...<br>
Utzi iruzkina: