NEOLIBERALISMOAREN ALTERNATIBA
Egunotan, Barack Obamak Amerikako Estatu Batuetako hauteskundeak “irabazi” dituela-eta, izugarri espekulatzen ari da aldaketaren beharraz. Batzuek diotenez, gauzak zeharo aldatuko dira Etxe Zuriko maizter berriarekin, baina, bestetzuen arabera, bere horretan segituko du denak.
Nik, ordea, biek arrazoi pitin bat dutela esango nuke; arrazoi zati moderatua, baina. Izan ere, batetik, Obamak kanpainan agindu dituen aldaketa guztiak ez ditu gauzagarri izango, baina zertxobait aldatu beharko du sinesgarri suertatzeko. Bestetik, Bushek bezain txarto ezin du jarraitu AEBetako politikak; ez ekonomian, ez kanpo-politikan, behintzat.
Hortaz, pentsatzekoa da garai hobeak datozela amerikar beltz eta txiroenentzat, baina ez gaitezen ergelak izan: oro har, kapitalismoaren apisonadorak berdin-berdin jarraituko du txiroen duintasuna zapaltzen eta aberatsen ondasunak handitzen.
Horregatik, ezinbestekoa litzateke gehiegizko neoliberalismo honi mugak ipintzea. Hau da, goitiko nahiz behetiko mugak. Sistema ekonomiko duin batek ezin baititu batzuk saritu eta gainerakoak bazter utzi. Eta, horretan, kooperatibismoak badu zer irakatsirik. Edozein enpresa edo langintzatan, soldata eta mozkin ezberdinak egon arren, proportzioan handitu behar dute guztien irabaziek. Gehien irabazten duenak gutxien irabazten duenaren hainbat halako irabazi ahalko du, baina ez gero eta gehiago irabazi besteak gero eta gehiago pobretzen den bitartean.
Perfektua ez, baina justuagoa litzateke, behinik behin, horrelako sistema kooperatibista bat ezarriko balitz mundu-ekonomian. Badakit ezinezkoa dela, boteretsuenek ez lioketela aukerarik emango halako proposamen ausartari. Badakit, bai, euskal kooperatibismoan ere gero eta alde nabarmenagoak daudela soldaten artean, gero eta deskontrol eta espekulazio handiagoa dagoela langile kooperatibisten artean. Baina ideia gisa, bederen, ez dago txarto.
Amets egitea libre. Bitartean, bihar, goizean goizik jaiki beharko naiz ostera ere lanera joateko, munduko kapitalistak aberatsagoak izan daitezen ni neu beti bezain "txiro" segitzen dudan bitartean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: