KONDENA ANTZUETATIK HAUTESKUNDEETARANTZ
Hauteskunde autonomikoen atarirantz hurbilduz goazen honetan, ohiko “demokratek” abian jarri dute, ostera ere, kondenetan oinarrituriko aurre-kanpaina bat. Betiko leloa, ezer berririk ez zerupean. Azpeitiko atentatuak aitzakia ezin hobea jarri du batzuek zein bestetzuek beren horretan jarrai dezaten, euren betiko leloei eusten, alegia.
Ezker Abertzaleak ETAren ekintza armatuak inoiz kondenatuko balitu, jakina da gatazka ez litzatekeela, besterik gabe, konponduko. Arazoa politikoa baita, eta oso arazo sustraitua gure artean, gainera, euskal gizartean. Konponbideak, beraz, politikoa ere behar du izan, horretan ez daukagu zalantzarik euskal herritarrok. Politikariak, ordea, jo eta ke ari dira betidaniko formula zaharrak ezarri nahian, ezertxo ere berritu gabe. Eta, jakina, gogaituta gauzkate herritarrok.
Hauteskundeak hurreratu ahala, segur aski, udal baten baino gehiagoren deuseztapena ikusi beharko dugu, bai eta ilegalizazioaz gero eta kontu gehiago entzun ere, orain arteko ikasbideak ezer irakatsi ez baligu bezala. Horrela, giroa prestatu nahi digute balizko bipartidismo baten aurrean TXARRA ala OKERRAGOA aukera dezagun; hau da, orain arte bezala jarraitu, Ibarretxe lehendakari delarik, ala okerrerako (edo hoberako) “aldaketa” ekarriko ligukeen Francisco López lehendakaritzara aupatu. Izan ere, herri honen aniztasuna islatzen eta bermatzen duen ordezkaritza politiko askotarikoa erauzi nahi dute, deslegitimatu, isilarazi, beraiek bailiran ordezkari demokrata eta baliozko bakarrak.
Herritar askok, aldiz, ez dugu ez politikari hauengan ez eta sistema politiko bipartidista eta antidemokratikoan ere sinesten, eta, ondorioz, ez gaituzte bazterraraziko, ez isilaraziko, eta gure esparru politikoa eskatu eta exijitu ere egiten dugu. Ez dezatela pentsa Urkulluk eta Lópezek, horrela jokatuta, beren burua legitimatzen ari direnik herritarron aurrean, eta jakin dezatela, bazterkerian eta ilegalizazio antidemokratikoaren bidetik, gainerako bide politikoak ere ari direla legitimatzen; gerora, berriro ere, alferrikakoak izango dira kondena hitzok.
Bitartean, ez legoke txarto Ezker Abertzaleak ekintza armatuen gaineko gaitzespen-hitzak aireratuko balitu, sikiera aspaldiko "por imperativo legal" edo "legeak hala aginduta" formula zahar hura berrerabiliz. Ezkerreko abertzale askok zain jarraitzen dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: