INTERNET ETA GIZA HARREMANAK
Garai batean, telebista zela-eta, larrua jotzeari utzi zitzaiola zioten hainbatek. Antza, batzuek telebista ikustea nahigo zuten bikotekidearekin larrutan aritzea baino. Beraiek jakingo zuten zergatik, baina, nire ustez, konparaziorik ere ez dago eta, ezbairik gabe, neuk behintzat, neskarekin ñiki-ñaka ibiltzea aukeratuko nuen. Beste garai batzuk ziren, dena den.
Gero, telebistaren aniztasuna etorri zen. Kanal bakarra barik, hainbat eskaini zitzaizkigun eta, lehenago zaila bazen txortan egitea, are zailagoa, omen, tele-eskaintza zabala eskura izanik. Horregatik, diotenez, jaio dira hain ume gutxi sasoi luze batean; sexu gutxiegi egiten zelako, alegia. Ikusi egin beharko zer gertatzen den 2010etik aurrera, telebista digitalaren etorrerarekin.
Egia da, egun, bikote askok eta askok orduak ematen dituztela kutxa tontoaren aurrean. Baina, hala ere, lehen baino maizago jotzen dela esango nuke nik. Beste garai batzuk dira, jakina, eta nik, aukeran, sexua nahiago edozein telesaioren aurretik, baina onartu beharra dago, batzuetan, sexurako nagia sortzen digula telebistak, gizonezko nahiz emakumezkoei, zoritxarrez.
Gainera, telebistaren eskaintza zabaltzearekin batera, urteak dira Internet iritsi zitzaigula, eta, poliki-poliki bada ere, egun, ia etxe guztietara hedatu dela esan daiteke. Gaztetxoen bizioa ei da, gehienbat, Interneten ibiltzea. Baina ez pentsa, helduek ere ordu askotxo eman ohi dituzte ordenagailuaren aurrean, eta ez bereziki lanean.
Kontuak kontu, hau dela edo bestea dela, euskaldunok beti kexaka ibiltzen gara Euskal Herrian larrua gutxi jotzen dela. Topiko hutsa da, gaur egun, Euskal Herrian larrua jotzea miraria dela dioen hori. Baina ohiko harreman sexualez ari bagara, noski. Izan ere, edozein putetxetara joanez gero, gizonez lepo daudela ikus dezakegu, ezkondu zein ezkongabe; beharra dagoelako seinale. Areago, Interneten gehien bisitatzen diren webguneak sexu edota pornografiari buruzkoak omen dira.
Eta, zergatik diodan hau guztia? Bada, bistan da neu ere euskalduna naizela, eta, telebistarik ia ikusten ez dudan arren, aitor dezadan ordenagailuaren aurrean ordu dezente ematen ditudala. Lana dela edo denbora-pasa dela, baina, azken finean, ordu askotxo direla iruditzen zait.
Horrelaxe pentsatzen du nire neska-lagunak ere: ea ez dudan nahikorik lanak eskatzen dizkidan ordenagailu-orduekin; ea zergatik irakurtzen dudan hainbeste Interneten eta ia ezer ez paperezko euskarrian; zergatik izan behar dudan blog bat, edo batzuk, ea ezezagunekin harremanik izateko beharra dudan, ez ote dudan nahikorik hezur-haragizko pertsonekin ditudanekin; eta abar.
Ez dakit zuei, irakurle maiteok, antzeko zerbait gertatzen zaizuen, baina nik erabakiren bat hartu beharko dut honen gainean. Zenbat eta ordu gehiago sartu Interneten, hainbat eta harreman sozial gutxiago dauzkagu, eta, nahitaez, kezkagarria da, oso.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: