HEGOAMERIKAR ESPAINOLAK = EUSKALDUN ESPAINOLAK ?
Ezagun da zer egin zuten espainolek Amerikan orain mende batzuk direla. Sarraskia izan zen nagusi, hango hizkuntzei eta kulturei dagokienez behintzat, eta bizimodu hobe eta oparoaren izenean esklabutza ezarri zuten, nola ez; “zibilizatzearen” prezioa indigena basatientzat.
Hala ere, badirudi indigena haien ondorengoek ez diotela garrantzirik eman genozidio hari, eta mirespen handia diote, oraindik ere, euren Espainia amari. Halaxe frogatu ahal izan dut nik, lurralde batean baino gehiagotan frogatu ere, Atlantikoaz bestaldera egindako joan-etorrietan. Oraintsu, atzera ere ikusi ahal izan dugu Espainia bakar eta handiari dioten goraipamena, berriki amaitu den estatuen arteko munduko futbol-txapelketan “la roja” animatuz eta haren golak ospatuz, nahiz eta gorriak ikusarazi zizkieten beren arbasoei. Izan ere, hemen, Euskal Herrian, ez Espainian, mundiala irabazi izanagatiko kale-ospakizunetan ikusi ditugun gehienak hegoamerikarrak (sudakak?) izan dira, edo PPSOEko espainolistak bestela.
Bada, kontua da amerikar-espainol horiek, gaur egun, gure etxeetan sumatzen ditugula, gero eta ugariago; eta ez diot gure kaleetan, ez, gure geure etxeetan baizik. Nik neuk neurean ez, zorionez, ez eta ikusiko ere, baina ezagutzen ditut batzuk, esaterako, euren guraso euskaldunen zainketa (?) horrelako bati eman diotenak. Aukera merkea da, ziurrenik, baina merketasunarekin batera, beste kontu batzuk ere badatoz. Esate baterako, hizkuntza arrotza (baita zaindaria ere, jakina) sartzea etxe-barruetan, gure hizkuntz emaileen, gurasoen, beharrizan intimoenetan laguntzaile, haiekin ordurik luzeen eta oparoenak emanez. Horrek, noski, bestelako ohiturak (eta ez linguistikoak bakarrik) ezartzen ditu orain arte euskara ziurren aurkitu den lekuan: euskaldunaren etxean.
Gero, hau ironia, euskaldun jator horien seme-alaba modernoek, tabernetan tragoak eta pintxoak hartu bitartean, kritikatu egiten dute hainbeste “sudaka” egotea gure gizartean, hainbeste “sudaka” zerbitzari topatzea gure taberna eta jatetxeetan, hainbeste “sudaka”, azken finean, edonon aurkitzea. Horietako asko, gainera, oso-oso abertzaleak izateaz harrotu ohi dira, eta eurak inor baino euskaldunagoak direlakoan bizi dira. Ez al da izango, ordea, euskaldun espainol hutsak direla, etsai inbasoreari euren etxeko ateak ere zabaldu dizkiotenak?
Bitxia da, baina, maiz, ez gara konturatzen zenbaterainoko kaltea egiten diogun Euskal Herriari gure etxetik bertatik hasita. Buru-hilketarako bide ezin hobea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: