DONOSTIA OSPITALEKO EUSKARA EZIN DA HAMAR ARGAZKITARA MURRIZTU

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2008-09-19 09:43

Hona hemen blog honetan bertan eta ERABILI.com webgunean nik neuk, Lander Landak, plazaratutako idazki ironikoari Osakidetzako Donostia ospitaleko euskara-batzordeak emandako erantzuna. Jarraian, neronek erantzun diot ostera ere.

::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

2008-09-17 /  Donostia Ospitaleko Euskara Batzordea

Ausartegia, benetan, Landa jauna. Bai, ausartegia diogu, zeren Donostia Ospitalean bi egunetan ordu batzuk eman, lagun erdaldunaz beste inorekin mintzatu ez eta, hala ere, errotulurik zaharrenetan ikusitako akats batzuk direla eta, adorea izan baituzu ospitalean azken urteotan euskararen alde egiten ari den lana Interneten oso modu doilorrean gutxiesten eta lohitzen saiatzeko. Zu bai kazetari zorrotza, informaziorik eskatu gabe errealitatearen zati objektibo nagusia ezkutatu eta erreportajeetan salbuespen txikiak soilik aipatzen dituzuna!

Nahi izanez gero, ez da zaila Donostia Ospitaleak azken urteotan euskararen normalizazioaren alde egindako ibilbidea ezagutzea. Aski duzu gure enplegatu edo pazienteei galdetzea. Izan ere, Osakidetzak 2003. urtean euskararen erabilera normalizatzeko dekretua argitaratu zuenetik, ospitalean etengabe gabiltza euskararen erabilera sustatu eta areagotzeko urratsak ematen: Euskara Batzordea, euskararen erabilera normalizatzeko plana, langileen hizkuntz prestakuntza eta lanlekuko trebakuntza saioak, itzulpen protokoloa, langile euskaldunen erregistroa, langile euskaldunen identifikazio bereizgarriak, "Osasunaz euskaraz" hitzaldiak, ingresatutako umeentzako euskarazko ekitaldiak, Joanes Etxeberri sariketa, ABIAN webgunea, bisita gidatuak, Ospitalean ere lehen hitza euskaraz kanpaina, etab. Gauza asko hobeto bideratu zitezkeen, dudarik gabe, eta oraindik beste asko ere egiteko daude, baina Euskal Herri osoan nekez topatuko duzu euskararen normalizazioaren alde hainbeste ekimen abiarazi duen ospitalerik.

10.000 errotulu ofizial inguru elebitan

Ospitaleko errotulu gutxi batzuetako akatsak dira zure irainen oinarri bakarra. Baina goiko kopurua ikusita, errotulazioan "axolagabekeriaz" jokatzen dugula uste al duzu?

Guk ez diogu errotulazioari garrantzirik kendu nahi. Kontrakoa. Guztiz ados gaude hizkuntz paisaia oso ondo zaindu behar dela euskarari beharrezko prestigioa emateko. Horregatik, azken urteotan ospitaleak lehentasuna eman dio errotulazioa euskaraz egoteari. Eta gaur egun errotulu ofizial guztiak euskaraz ditugu, baita errotulu informal ia guztiak ere. Hori zeure begiz ikusiko zenuen.

Datu bat emango dizugu: 2007an, 830 errotulu berri ipini ziren ospitalean -berrikusi eta aldatu egin zirenak barne-. Baina horrek kostu itzela dakar. Guk bihar bertan nahiko genituzke errotulu guztiak berrituta, argitaletxeek edizio zaharrak euskarazko arau berriei egokituta berehala berrargitaratu nahi lituzketen moduan. Alabaina, lehentasunak finkatu behar izan ditugu, eta, errotulu guztiak euskaraz egotea lehenetsita, zoritxarrez oraindik ezin izan ditugu errotulu zahar guzti-guztiak aldatu.

Bestalde, trakeskeria galanta deritzogu ospitale bateko errotulazioaren gaineko ondorioak ateratzeari ospitale baten funtzionamendua kontuan hartu gabe. Ospitaleek ez dute inoiz ixten, urte osoan, gau eta egun, egoten dira irekita, eta bertan etengabe izaten dira bat-bateko aldaketak, lekualdatzeak, baita berritze eta egokitze lanak ere. Eta horrek guztiak, nahitaez, eragin handia du errotulazioan, beti dago zer edo zer egiteke.

Terminologiari buruzko kritikak egiteko jakintza-arloa pixka bat ezagutu behar da

Aztoratu egin zara termino bat errotulu batean modu batera idatzita eta, handik gertu, beste era batera ikusi duzulako: "toraxeko kirurgia" eta "kirurgia torazikoa". Bai Euskaltermen -Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Banku Publikoan- bai Elhuyar eta 3000 hiztegietan, bi terminoak azaltzen dira, eta, beraz, Terminologia Batzordeak edo Euskaltzaindiak gomendiorik ematen ez duten bitartean, onartzekoak dira biak. Gainera, biak ederki ulertzen badira, zergatik erabili behar dugu termino bakarra? "Gaztelaniaz betiere cirugía torácica" esaten delako? Hortaz, gai izango zinateke euskarazko egunkaria gaitzesteko, orrialde batean "espetxe zigorra" eta ondokoan "kartzela zigorra" ekartzeagatik?

"Infekzio nosokomiala" terminoak ere harritu zaitu. Gaztelaniazko "infección hospitalaria" hobeto adierazita dagoela iruditzen al zaizu? Barkatu, baina osasun arloko edozein profesionali galdetuz gero, askoz zehatzagoa da "nosokomiala". Zergatik erabili behar dugu, beraz, "ospitaleko infekzioak" edo "ospitalean hartutako infekzioak"? Ulergarritasunaren izenean zehaztasun zientifikoa alboratzea proposatzen duzu? Ez, jauna. Ospitalean medikuntza eta osasun arloetako terminoak erabili behar dira, epaitegi edo notaritzetan termino juridikoak erabiltzen diren legez. Eta hori dela eta, euskaraz maileguetara jo behar izaten dugu sarritan. Zurea bezalako jarrerekin jai dauka euskarazko medikuntzak.

"Paziente programatua" ere ez duzu ulertzen eta gaztelaniazko "paciente programado" irakurri behar duzu esanahiaz ondo jabetzeko. Harrigarria, benetan.

Hizkuntz normalizazioa errotulazioa baino zerbait gehiago da

Hizkuntz normalizazioari dagokionez ere ikuspegi murritza erakutsi diguzu, Landa jauna. Zenbait errotulutako akatsengatik irits daiteke ospitaleak "euskaldunoi barre egiten digula" eta "euskararen alde eta gizarte elebidunaren alde egiteko benetako asmorik ez dagoela" idaztera? Errotulazioko zuzentasunera mugatzen al duzu euskararen normalizazio prozesua? Ez al dute esker oneko hitzik merezi egunean-egunean lanean euskaraz jarduten duten profesionalen ahaleginek, edo lanaldia amaitu eta euskaltegira joaten direnek, edo euskararen erabilera bultzatzeko antolatutako ekimenek?

Trebakuntza saio bat Donostia Ospitaleko unitate batean

Zuk idatzitako esaldi gehiago:

  • "Ez naiz batere animaturik sentitzen halako lekuetan euskaraz egitera".

Errotulu bateko akatsek benetan baldintza dezakete zure hizkuntz aukera? Hain gutxi behar duzu euskara baztertu eta erdarara jotzeko?

  • "Hurrengo batean, baldin eta lagun edo familiarren bat bisitatzera joan behar badut ospitalera, bi aldiz pentsatuko dut joan aurretik; eta, adibidez, Gurutzetan badago ingresatuta [ baina zeuk ere erabiltzen al dituzu Xuxenek ontzat ematen ez dituen hitzak? ], seguruenik, ekidin egingo dut bisita".

Eta egunen batean zu zeu gaixotzen bazara, nora joango zara sendatzera?

Pazientea eta Erabiltzailea Artatzeko Zerbitzua (PEAZ)

Amaitu aurretik, aditzera eman nahi dizugu Osakidetzako gainontzeko ospitaleetan bezala gurean ere badagoela Pazientea eta Erabiltzailea Artatzeko Zerbitzua (PEAZ). Ospitaleko korridoreetan ibili zinenez -ospitalekoak bai baitira korridoreak eta ez Txorierrikoa, zeure blogean idazten duzun bezala-, agian ikusiko zenuen, ez baitzinen PEAZetik oso urruti ibili. Bertara joan izan bazina, gustura asko artatuko zintuzten, euskaraz jakina, eta nahi adina kexa aurkeztu eta iradokizunak egiteko aukera ere emango zizuten, gizalegez. Baina argi dago zure asmoa ez zela inorekin hitz egitea.

Erabili.com-eko irakurle guztientzako gonbita

Azkenik, Donostia Ospitaleko Euskara Batzordeko kideok Erabili.com webguneko irakurle guztiok atseginez gonbidatu nahi zaituztegu, gure ospitalera etorri eta bai errotulazioa bai euskararen ahozko eta idatzizko erabilera gure pasilloetan, itxarongeletan, kontsultetan edota bulegoetan ikusi eta aztertu ditzazuen. Hemen izango gaituzue nahi duzuenerako.


DONOSTIA OSPITALEKO EUSKARA BATZORDEA

::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

Eta hona hemen nik egindako puntualizazioak:

Donostia ospitaleko “Batzorde” jaunari, adeitasunez:

2008-09-17 / Lander Landa

Bikain, “Batxor” (eta ez molestatu hainbeste intimatzeagatik, bale?). Ikaragarria izan da egin duzun alardea. Ezin hobeto luzitu zara batzordekideen artean (baldin badago batzordekiderik), eta, ospitaleko gainerako langile-lankideek, dudarik gabe, irudi ezin hobea izango dute zutaz hemendik aurrera; seguruenik, berorika egingo dizute aurrerantzean.

Goi-mailako titulurik ez zaizu faltako (lepoa egingo nuke filologoa zarela, zure promozioko lehenengoetarikoa gainera) eta, horrela segituz gero, ez izan zalantzarik egunen batean Euskaltzaindiak berak irekiko dizkizula bere ateak. Bistan da asko aritua zarela; aditua, ordea, giza harremanetan-eta, behintzat, ez dut uste zarenik.

Izan ere, ez duzu tutik ere ulertu nik idatzitako hartatik. Edo, beharbada, ez duzu ulertu nahi izan. Baina, nire iritziz, ezina izan da gehiago nahi-eza baino. Tira, zer egingo zaio, bada?

Lehengo nire testu hori (“Osakidetzako euskara hamar bat argazkitan”), ezer izan bada, ironiaz beteriko testua izan da. Egoera bat salatzeko erabili dudana, noski, baina errespetuan oinarritua eta inori irainik egin gabe. Zuk, ordea, ez duzu horrela ulertu eta, batzorde baten babespean aritzeak anonimotasunetik jarduteko ematen duen aukera korporatibista baliatuz, haserrea eta gorrotoa ageri dituzu nire kontra, biktima minduarena eginda. Nik doilorkeriatik eta enparauetatik ezer gutxi izan nezake, zinez diotsut. Hori jakiteko, egunero begiratzen baitiot neure buruari arimaren ispiluan; egizu zuk berdin, mesedez, akaso sorpresaren bat hartuko duzu eta.

Jakina, ironiaren kontu hori ulertzen irakasten duen ikasgairik ez dago fakultateetan; berezkoa da hori, eguneroko bizimoduak ematen diguna. Nik ironia, gainera, euskaldunon dohainetako bat zela pentsatu izan dut beti, baina oker nenbilen, antza; ez naiz ni oso euskalduna izango, ziur horregatik dela.

Tira, edonola ere, hamar bat puntualizazio (argazkiak adina, gogoratzen?) egingo dizkiot zure idazki txit dotoreari, eta, ulertu ezean, lasai hartu, ez baitut zuelakoengandik gauza handirik espero.

Gauza dezente esaten didazu zure testu horretan ("Donostia ospitaleko euskara ezin da hamar argazkitara murriztu"). (Des)kalifikazio neurtuak bota ostean, horrelakoak diostazuz:

1- “Osakidetzak 2003. urtean euskararen erabilera normaltzeko dekretua onartu zuenetik…” Lotsa behar da, gero, hain erraz zabaltzeko datu hori. Badirudi Franco 2000n hil zela eta euskararen legea eta koofizialtasuna 2001ekoa dela. “Euskalduntze” prozesua hain berandu eta txarto haste hutsagatik, kritikagarria iruditzen zait, guztiz, Odakidetzak euskararen gainean egin dezakeen edozer. Eta “txarto” diot, arrazoi askorengatik, besteak beste, oposizioetan hain garrantzi eskasa emateagatik euskarari; edo, bertako langileen euskara-maila ez duelako zorioneko eskakizun linguistiko batek bermatzen, lantokiko eguneroko erabilerak baizik. Hori bakarrik nahiko iraingarri eta mespretxagarria iruditzen zait euskaldunon komunitatearentzat.

2- “Euskal Herri osoan nekez topatuko duzu euskararen normalkuntzaren alde hainbeste ekimen abiarazi duen ospitalerik” Jakina! Horixe besterik ez genuen falta! Nahi baduzu Arabatik hasiko gara Euskararen Herria eraikitzen. Nik garbi asko esan dut aurreko testuan Gipuzkoa, oro har, eta Donostia bereziki, gainerako zonaldeak baino euskaldunagoak izaki, euskara zainduagoa eta babestuagoa izango zutela, eta horretxegatik harritu nintzela Donostia ospitalean ikusitakoak ikusita.

3- “Ospitaleko errotulu gutxi batzuetako akatsak dira zure irainen oinarri bakarra”. Onartu, sikiera, onartzen duzu akatsik badagoela. Baina nik salatutako adierazgarrienak ez dituzu, ez, berraipatu, badaezpada ere. Gainerako txikikeria batzuei, berriz, lupaz begiratu eta buelta nola eman asmatzen izerdia bota duzulakoan nago, nire kritika xumeen gainean erantzunik topatu ez eta bestelako diskurtso merke batzuk asmatuz.

4- “… hizkuntz paisaia oso ondo zaindu behar dela euskarari beharrezko prestigioa emateko.” Hala bada, eta nik sinetsi nahi dut benetan hala sentitzen duzu(e)la, zenbat urte daramate hor jarrita errotulu “zahar” akastun horiek? Zergatik ez dago horrelakorik gaztelaniazkoetan? Eta, egon izan balira, zenbat denbora emango zuten agerian? Egunbete, beharbada? Mesedez, seriotasun pixka bat.

5- “trakeskeria galanta deritzogu ospitale bateko errotulazioaren gaineko ondorioak ateratzeari ospitale baten funtzionamendua kontuan hartu gabe”. Barkatu, baina nik ez dut horrelakorik egin. Gorago esanda bezala, ironizatu egin dut; ondorioak zerorrek atera dituzu, “Batzorde” jauna.

6- … “toraxeko kirurgia” eta “kirurgia toraxikoa”( …) “Terminologia Batzordeak eta Euskaltzaindiak gomendiorik ematen ez duten bitartean, onartzekoak dira biak”. Jakina, eta nork esan du ezetz? Kontua ez baita onartzekoak direnentz, ezta ulertzen direnentz ere. Zergatik ez duzue jarri gaztelaniaz ere bietara, “cirugía torácica” eta “cirugía del torax”? Beharbada ez delako komeni paziente eta bisitariak zoratzen ibiltzea. Baina euskaraz bai, erakutsi egin behar dugu zenbat euskara dakigun, zer-nolako sinonimia aberatsa daukagun eta abar; bada, hori baldin bada filosofia, jarri era gehiagotara, askoz gehiago egon baitaitezke beti, ez soilik bi. Gainera, errotulu bat da, jesus! Ez da egunkari bateko albiste baten kontaketa, eta absurdoa da, beraz, diostazun bezala, albiste batean sinonimo bat erabiltzeagatik ea baztertuko ote nukeen egunkari hori. Mesedez, zer-nolako argudioak dira horiek? Ez al dakizu haserrearen beroaldiari eusten?

7- “… osasun arloko edozein profesionali galdetuz gero, askoz zehatzagoa da “nosokomiala”. Zergatik erabili behar dugu, beraz, “ospitaleko infekzioak”… Ene, bada, irakurtzen ere ez zuten irakasten zu joandako eskolan, nonbait. Eta, profesional bati galdetze soilagatik da zehatzagoa? Aibala! (ironia da, ez erretxindu, mesedez). Izan ere, nork galdetu du hori? Edo nork proposatu du termino bata ala bestea? Neuk? Nik idatzi dudan gauza bakarra da gaztelaniaz “hospitalaria” idatzi bada, ez dudala logikoa ikusten euskaraz “nosokomiala” idaztea, besterik gabe, eta ez dut ezertxo ere esan termino bataren edo bestearen zehaztapen-mailaz (filologoak zeuek zarete, gogoratu). Bestela, galdetu ospitaleko pazienteei, gaztelaniaz galdetuta, ea “infección nosocomial” eta “infección hospitalaria” entzunda, biotarik zein ulertzen duten ondoen.

8- “… “paziente programatua” ere ez duzu ulertzen… Harrigarria, benetan”. Bai harrigarria dela, baina duzun deskodifikatzeko ahalmen eskasa da harrigarria. Izan ere, kartel hori, ekografia-gelari buruzkoa, irakurtzeko gonbita egitean, badira akats nabarmenak eta horiexei erreparatzeko eskatzen nuen. Ez dakidana da pazienteak bezain “programatuak” diren akatsok:

Hona hemen:

a) “Ordutegia gutxi gorabeherakoak dira” (singularra eta plurala nahasian; komunztadura arazoa-edo ez diozue esaten zuok?).

b) “Lehentasuna emango zaie Larrialdietako. Zerbitzutik etorritako pazienteei” (honetan ere ez al duzu akatsik ikusten? Puntuak zertarako erabiltzen dituzue zuek, bada? Edozertarako?)

9- “Ez al dute esker oneko hitzik merezi egunean-egunean lanean euskaraz jarduten duten profesionalen ahaleginek, edo lanaldia amaitu eta euskaltegira joaten direnek, edo euskararen erabilera bultzatzeko antolatutako ekimenek?" Mereziko ez dute, bada! Eta zer du txarrik, apur bat zirikatuz, horrekin guztiarekin ironizatzeak, hain zuzen, are gehiago bultzatzeko prozesu hori berori? Dena den, ez dezagun ahaztu profesional horietako asko eta asko ez direla joaten, hain juxtu, esker onez eta izugarri ahaleginduz euskara ikastera, eta are gutxiago gerora erabiltzeko asmotan. Eta ez dezagun ahaztu, era berean, batzuek lanaldiaren ostean baina beste batzuek lanalditik liberatuta eta denon patriketatik ordainduta “ikasten” dutela euskara, baina euskararen kontra azalduz, eta horiexek, hain zuzen, oztopatzen dutela gehienbat administrazioaren euskalduntze prozesua, euskaldunak dauden lanpostuetan gaztelaniaren erabilera erabilaraziz. Ezin da orokortu, badakit, baina ez dira gutxi nik diodazen horiek. Eta zuk ez al duzu, bada, orokortu, nik idatzitako guztia bestaldeko muturrera eramanda eta bistako akatsak ezkutatu edota zuritu nahian?

10- “Eta egunen batean zu zeu gaixotzen bazara, nora joango zara sendatzera?”. Orain zera erantzun beharko nizuke: “Barkatu “Batxor”, baina Jainkoaren seme-alabok ez gara sekula gaixotzen” Baina hori ere ironia litzateke, eta susmoa dut berori ere ez zenukeela ulertuko, lehentxeago esan dudan bezala, ironia eta umore ona berez ikasten ditugun kontuak baitira, eguneroko bizimoduari aurre egitean ikasiak.

Izan ere, Batxor, sakon-sakonean eta zintzoki esanda, tristatu egin nau zure idazkiak. Gatxa da onartzea, batzuetan, zer-nolako aldea zabal daitekeen norberak kodifikatzen duenaren eta bestek deskodifikatzen duenaren artean; hau da, igorleak esan nahi eta hala esan duela uste duenaren eta hartzaileak jaso duen edo ulertu nahi izan duenaren artean. Baina, tira, (in)komunikazioaren kontuak dira, ezinbestean pairatu beharreko kontuak.

Susmoa dut, hala ere, erantzuteko orduan izan duzun beroaldi horren atzean beste zerbait ezkutatzen dela. Halako inpotentzia ezin onartuzkoa eta, beharbada, mespretxu handi bat bizkaiTXarrokiko. Testu hartan esan ditudan gauza batzuengatik diot hau, ironikoki esan baditut ere. Baina lasai egon, mespretxu hori ez baita norabide bikoa. Nik lagun onak ditut hor, ez Donostian, Gipuzkoan baino. Eta nire bihotzeko bigarren futbol-ekipoa, gainera, beti izan da Reala; ez “bigarrenean” dagoelako, ez gaizki pentsa, lehenengoan Athletic dudalako baizik, noski.

Azkenik, Batxor, eta zergatiaren bila hainbat egunetan burua alferrik berotu ez dezazun, esango dizut zergatik jarri diodan “jauna” abizena zure izen korporatibista horri. Bada, jakin badakidalako gizonezkoa izan behar duzula, derrigorrean, bestela ez baitago ulertzerik nolatan hainbeste haserretu eta hainbesteko “malaostia” (bai, horrela esaten dugu gurean; zuk jarri euskara jatorrean eta hainbat sinonimo emanda) azaldu ahal duzun zure “erantzunean”. Ironia zen, Batxor, ez besterik.

Besterik gabe, izan ontsa eta beti arte.

Lander.


Utzi iruzkina: