BLOGAK.COM

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2008-12-30 16:26

Bada kontutxo bat aspaldi honetan kezkatu samartuta naukana: euskaldunon blogosfera. Hau da, euskaraz “blogeatzen” dugunontzat zenbat eta zer-nolako ziber-esparruak ditugun. Izan ere, euskaldunona bezalako mundu txikitxo batek arrisku handiak ditu, baita Internet sarean ere, irentsia izan eta, nolabait, desagerrarazteko.

 

EH sarean por ti.

 

Nik blog hau irekiko nuela erabaki nuenean, orain lauzpabost hilabete baino ez direla, oso garbi nuen euskaraz jardungo nuela blogean eta, horrenbestez, euskarazko blog-guneren batean izan beharko zuela oinarri. Zorionez, aukera bat baino gehiago nituen horretarako, baina, batzuk arakatu ostean, blogak.com webgunean egingo nuela erabaki nuen; aukera eroso bezain erraza begitandu zitzaidan eta, gainera, euskaraz! Zer beste behar nuen, ba?!

 

Aspaldi honetan, ordea, zerbitzari honetan sartzen naizen bakoitzean, ez beti baina bai askotan, erdara hutsean mintzo den blogen batekin egin behar izan dut topo, eta, egia esanda, amorratu egiten nau, erabat. Izan ere, iraingarria iruditzen zait euskaldunontzat espresuki diseinatutako esparru bat erdarak inbaditzea. Ez al dago behar beste webgune, eta euskaraz baino askoz ere gehiago, erdaraz jarduteko? Zergatik pairatu behar dugu euskaldunok beti erdararen ezarpena?

 

Dena dela, txarrena ez da hori, beharbada. Txarrena da, ezbairik gabe, ziber-esparru honetan erdara gorrian blogeatzen dutenek, nolabait, erdizka edo guztiz, euskaldunak izan behar dutela, derrigorrean, zeren eta bloga bera kudeatzeko mekanismo guztiak, nik dakidala behintzat, euskaraz hutsez eskaintzen baitira. Hots, euskarari berezko esparrua kentzen diotenak ez dira, antza, erdaldun peto-petoak, eta, horietako gehienek itxura baskista-edo ematen duten arren, erdara da nagusi euren blogetan. Hitz batean esanda: LOTSAGARRIA.

 

Badakit hala jarduteko hainbat arrazoi izan dezaketela. Bateko, euskaraz inseguru samar sentitzen direla eta, zelanbait esatearren, lotsa-edo sentituko luketela euskara "traketsean" idatzita beren blogetan; besteko, zenbait komunikazio blogeratzerakoan, jende gehiagorengana iritsi nahian, erdaraz egitea erabakitzen dutela, euskaldunok baikara Euskal Herriko derrigorrezko elebidun bakarrak, noski.

 

Bada, zer esatea nahi duzue, arrazoi batak zein besteak ez naute batere konbentzitzen. Euskaraz gutxi edota “txarto” jakin arren, gogora dezatela horiek nork berea dela euskararen legea, denon euskara baita beharrezkoa gure blogosferan; zuzen, polit eta egokiena nahiz trakets, zatar eta desegokiena. Eta, bestalde, jende gehiagorengana ailegatzeko aitzakiarekin egiten duten horiek, ba, jakin dezatela min ikaragarria eragiten digutela euskaraz bizi nahi dugunoi eta, erdaraz egitekotan, hamaika webgune dituztela zain Interneten barna.

 

Azkenik, eta inor mindu gura barik ari natzaizue, benetan, galdera bat egin nahi nuke: blogak.com-en arduradunek ez al dute ezer egiterik auzi honetan? Hau da, ezin dute, esaterako, erdaraz diharduen bloga, besterik gabe, ezabatu eta kito? Nik neuk, behintzat, horixe proposatzen dut.

 

Besterik ez, gaurkoz. Ondo amaitu urtea, eta hobeto hasi datorrena. Urte berri on euskaldun guztioi!


Utzi iruzkina: