BIDAIA INTIMOAK
Lau bidaia intimo aurkeztu dizkigu Jon Maia bertsolari zumaiarrak bere dokumentalean. Lau bidaiotan, gure hizkuntza, euskara izan da erabilitako ibilgailua; lau arrotz Euskal Herrira ekarri eta barneratu dituen ezinbesteko bitartekaria.
Izan ere, tokian tokiko hizkuntza da bide bakarra bertako bizimodua, ohiturak eta jendeak, ezagutzekotan. Euskal Herria ezagutu nahi duenak, beraz, derrigorrean jakin (edo, bere kasuan, ikasi) behar du euskaraz, bestela, Euskal Herria barik, País Vasco edo Le Pays Basque baino ez baitu ezagutuko.
Horixe da, hain zuzen, Euskal Herriak duen gaitzik latzena: bestek interpretatu izana, beti. Eta bertoko izan eta bere burua oso naziozaletzat duten askok eta askok egiten duten interpretazioaz ere ari naiz, noski. Erdaraz, eta bereziki gaztelaniaz, interpretatzen denean gure herria, ezberdin ikusten da dena, herri honen benetako dohainak eta izaera ez baitira bizigarriak euskaraz ez bada.
Eta, horretaz, badakit zer diodan, Jon Maiak baino hobeto, akaso. Izan ere, Jon Maia Euskal Herrian jaio zen, beraren gurasoek Extremaduratik Pais Vascora egindako bidaiari esker; nik neuk, ordea, neure bidaia intimoa Pais Vascotik Euskal Herrira burutu nuen, aspaldi, eta, egun, Euskal Herriaren eta País Vascoren artean bizitzera kondenaturik nago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: