ARROZTE POLITIKOA

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-02-15 11:36

Orain urte dezente egokitu zitzaidan munduratzea eta horrek, dudarik gabe, eskarmentua eman dit bizitzan. Ez maila pertsonalean bakarrik, baita bizimodu soziopolitikoan ere. Gogoan dut laurogeiko hamarkadan dena zela militantismoa. Batzarrik batzar bizi ginen orduko gazteok, eta gure aisialdia ere, hein handi batean bederen, zerbaitetan militatzean zetzan. Halaxe zabaltzen genuen geure sare soziala, inplikazio soziopolitikoaren bidez.

 

   Hautes-ontzia por ti.

 

Orain, enegarren aldiz, hauteskunde-kanpainan omen gaude. Eta “omen” idatzi dut, ez baitut bereziki neure burua inplikatuta sentitzen oraingo hauetan. Badakit biziki garrantzitsuak direla hauteskundeok, beraietan jokatuko baita Erkidego Autonomoko euskaldunon etorkizun hurbila, datozen lau urtekoa gutxienez. Baina gauzak nola dauden ikusita, honetatik guztitik kanpo sentitzen naiz, sentiarazi naute.

 

Nik ezkerreko boto naziozalea daukat. Betidanik eduki dut eta, nire ustez, betiko izango. Kapitalismo neoliberal honek, berriz, ez du aurreikusten nirea bezalako botorik. Horregatik utzi gaituzte jokoz kanpo; futbolean ari bagina bezala, gol bikaina sartzera goazela, jokoz kanpokoa asmatu eta pitatu digute, eta, gainera, injustiziaren aurrean protesta egin dugulako, partidatik eta ligatik ere kanporatu gaituzte. Orain, ez partidarik, ez ligarik, ez ezer. Harmailetan egon behar.

 

Kontua da harmailetatik zer egin ahal edo behar den. Harmailetatik ere alde egin ala hurbilen sentitzen dugun ekipoa animatu. Txikitan, etxean, ederto ikasi nuen Athletic zela gure ekipoa eta, beronek jokatu ezean, Reala zela gurea, edo Osasuna ostean, eta horrela beti, gureen alde. Politikan, ordea, ez da erraza “gureak” bereizten, arrotz gehiegi baitaukagu jokoan, baita “gure” ekipoen barnean ere.

 

Horrela, arrozte politikoa lortu nahi dute gurekin. Desilusioa eta nagia zabaldu gura dute gu bezalako naziozaleon artean, bozkatzera ere joan ez gaitezen. Arrotz sentiarazi gure etxean. Eta, neurri handi batean, egia esanda, lortua dute. Baina nik bozkatu egin nahi dut, hala ere. Eta, aurreko post batean nioen bezala, ezkerreko bozka naziozalea eman nahi dut. Boto nuloak ez baitu ezertarako ere balio; baliogabea ezdeusa da eta.


Utzi iruzkina: