Zorion iturriak
Bizitzan nork bere buruari helburuak jarri eta horiek lortzeko egiten dugu lan. Helburu edo amets horiek noizbait beteko direnaren esperantzan bizi gara. Denbora aurrera joan heinean, batzuetan helburu horiek sekula ez ditugula lortuko ohartzen gara, lortu ezinak direla; eta helburu izan beharrean beti amets izan direla konturatzen gara. Eta orduan, erabat atsekabetzen gara: bizitzak zentzurik ez duela pentsatzen hasten gara, ez dugula ezer lortu bizitza honetan, ez dugula ezertarako balio... Eta bitartean, igarotako denbora luze horretan, hainbat une paregabe, goxo, on eta alai behar bezala disfrutatu gabe denborak eraman ditu berarekin, eta ez dira sekula gehiago itzuliko.
Epe luzerako helburu eta handinahikeria horiek albo batera utzi eta errepara ditzagun une horiek guztiak. Goza dezagun une bakoitzean, unez une, segunduz segundu, uneoro. Gaurkoa azken eguna balitz bezala bizi gaitezen. Maite dugun horri oraindik maite dugula esan ez badiogu, esan diezaiogun izugarri maite dugula; eta noizbait esan izan badiogu, errepika diezaiogun egunero, egun hau azkena balitz bezala. Erabil dezagun “eskerrik asko” gehiagotan, batzuetan mesede handiren bat egiten digutenean bakarrik erabiltzen baitugu. Esan dezagun maizago hortaz, amak bazkaria jartzen digunean, mahaiean norbaitek ogia pasatzen digunean, kafe bat hartzera gonbidatzen gaituztenean, ulertzen ez dugun ariketa hori azaltzen digutenean… eta abarretan. Jar diezaiogun aurpegi ona bizitzari, egin dezagun irribarre goizero, eskein dezagun beti gure aurpegirik onena.
Has gaitezen behingoz benetako balioa duen hura baloratzen. Detaile txiki eta xumeena izan baitaiteke zorionik handiena eskein diezagukeena.
Honatx nire zorion iturriak: zure irrifar txiki bat, zure besarkada bat, zure ahotik “maite zaitut” entzutea, zuri “maite zaitut” esatea, “eskerrik asko” bat, edozertarako hor zauzkadala jakitea, zure alboan esnatzea …
Eta zuk zer diozu? Zeintzuk dira zure zorion iturriak?
Iruzkinak
Joseba 2008-01-25 19:10 #1
Zoriona ez da errez lortzen den zerbait. Bakoitzak dituen helburuen mailakoa izango da. Helburu zail bat duenak, helburua lortzean zoriontasun maila handia izango du, baina helburua zaila denez ez da gehiegitan zoriontsu izango. Berriz helburu errez bat duena errezago izango da zoriontsu, baina helburu hori lortzea gehiegi kosta ez zaionez ez du aurrekoaren zoriontasun mailik izango, baina aurrekoaren kontra, gehiagotan izango da zoriontsu.<br> Beraz zoriontasuna norberaren esku dago, norberak ipinitako helburuen esku. Nere ustez denok izan gaitezke zoriontsu, bakoitza bere mailean.<br>
Utzi iruzkina: