Oianone
Gelan sarthu ginenean
Gauerditan ilhunean,
Mundua egin zan mutu
Zuten izarrek kantatu
Biok etzan ginenean.
Oianone! Oianone!
Gau hunetan zaitut ene;
Larru legun eta zuri,
Bulhar samur, sabel guri,
Nire neska Oianone.
Zure baratzeko borthan
Arrotz batek jo du. Bertan
Sarbidea emaiozu
Zamar baithakar pisu,
Ez dezagula utz borthan!
Egin du irri Ilhargiak;
Hesten zaizkiola begiak
Neskatilak erraiten dau
Esker onetan othoitz haur,
Dantzularik Ilhargiak:
«Gora izan hadi, Suge,
Hi haizenik ene Rege,
Hi haizenik ene Jainko
Gau huntan eta bethiko,
Urrhe-buztaneko Suge!
Hathorkit berriz laztanik;
Janhari gozo ba dut nik
Ene baratzean are
Ezti gehiagorik Hire
Bil ezak berriz laztanik».
Suge laztana nekhatu
Zan ordea... loak hartu...
Ezti loreetan etzanda
Atseden hartzen ari da,
Gaizoa baita nekhatu.
Ene maitea, moxu bat
Has dezantzat bertze hainbat!
Sugea baitatza lotan
Indarren bihurtzekotan
Oi! emaiozu moxu bat...
Jon Mirande
Iruzkinak
Utzi iruzkina: