MULTZOKARIAK

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2015-06-23 20:44

BERRIA, 2015-06-16 / Angel Erro

Euskaltzaindiak aspaldian gomendatu zuen -go atzizki multzokaria ez erabiltzeko, irakaslegoa bezalakoak beharrean, hitza soil-soilik pluralean emateko, hots, irakasleak, edo, ezinbestekoa bazen, -eria atzizkia baliatzeko. Euskaltzaindiaren erabakiak ez ohi dira gogo beroz hartu, baina esanen nuke arau horrek bai izan duela nolabaiteko atxikimendua, erdara hurbilenen desmasia orokortzaile batzuetatik libratzen gintuelako. Euskaraz hiritargoa edo hiritarreria esanen ez lukeen baten bati aditu izan diot ciudadanía hitza, gora eta behera, Nafarroan bizi izan dugun iraulketa politikoaz mintzo: herritarrak pozik daudela, herritarrek azkenean lortu dutela, herritarrek agur esan diotela UPNri.

Multzokarien erabilera ez dut gustukoegia. Gehiengo baten parte izan ala sentituta ere, kolektiboki hominem te esse memento bat errepikatu beharko genioke geure buruari: gogora ezazu gizabanako bat baino ez zarela, Erroman triunfoa eskaintzen ziotenari morroi batek belarrira xuxurlatzen zionez, bere burua jainkotzat har ez zezan.

Gurean, singular bana garela oroitarazteko beharko luke, gehiengo labain, behin-behineko eta galkor batean ausaz bilduta. Gutxiengoa ginenean ere ciudadanía-k nahita izaten zen.


Utzi iruzkina: