Zoofilia eta adulterioa: hurbileko kontzeptuak

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2007-03-14 20:29
1

(Aurreko mezutik dator)

Goazen Minos erregeari buruz hitz egitera. Zeus zen bere aita, Europa bere ama. Hain guraso notableekin erraza izan zitzaion postutxo on bat lortzea administrazioan. Zehazki Cretako erregetzan.

Minosek bazekin bere botere eta zorte on guztia jainkoei zor ziela, bere entxufe paregabeari, eta, eskerronekoa izaki, Poseidoni eskatu zion Zeusi eskaintzeko moduko opariren bat. Poseidonek zezen zuri lerden bat eman zion (bai, ari gara adarren kontura gerturatzen), baina zezena ikusitakoan Minosek pentsatu zuen: “Nolatan sakrifikatuko dut zezen eder hau? Edozein zezen arrunt hartu eta hura sakrifikatuko dut, total…” Poseidonek bidalitako opariarekin gelditu nahi zuen, jakina, eta aitari edozein purtzilkeria eman.

Poseidoni ez zitzaion oso ondo iruditu irizpide aldaketa hau. Egia esanda, arrunt haserretu eta bengantza agindu zuen. Eta nola mendeku hartu? Erraza, jainkoa izanda.

Parsifae, Minosen emaztea zena, zezenaz maiteminarazi zuen. Sentimenduarekin nahikoa izan ez, eta maitasun hori kontsumatu nahi izan zuen emazteak. Nola egin, ordea, naturak zoofiliaren kontra diseinatzen gaituenean? Dedalo ekarri zuen orduan gogora Parsifaek, garai hartako diseinatzaile ospetsua, eta berarentzako karkasa antzeko bat diseina zezan eskatu zion. Egurrezko behi huts bat otu zitzaion Dedalori, eta bertan sartu zen emakumea, hankak zabalik. Zezena bazkatzen ari zen belardira joan eta… naturak bere bidea egin zuen.

Handik bederatzi hilabetetara, gutxi gorabehera, Minotauroa jaio zen, tauro bere aitarengatik, eta Mino, “adarrak jarri zizkioten” errege horren omenez-edo.

2008-03-13 11:13 #1


Utzi iruzkina: