Persepolis

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2008-01-21 16:57
5

Komiki bat oparitu didate.

- Komiki bat? -galdetu dut harrituta, ez bainaiz berez zalea, eta oparitu didanak badaki.

- Ez da komiki bat, nobela grafikoa baizik.

Pretentsio literarioa, sakontasuna eta publiko helduago bat bilatzen duen komiki mota omen da nobela grafikoa. Tira, pentsatu dut. Eta irakurtzen hasi naiz. Hasi eta bukatu. Azkar eta gustura. Persepolis da nobela grafiko hori, Marjane Satrapi iraniarraren autobiografia grafikoki nobelatua.

Tomoa osatzen duten lau liburuxketan istorio gazi-gozo eta askotan bortitz bat aurkezten zaigu. Satrapik berak hamar urte zituenean hasten da dena: orduan gertatu baitzen Sha-ren aurkako iraultza. Eta orduan ere hondamendia: errejimen islamista, Iran-Irak gerra, errepresioa, emakumeen deuseztapena… Umeen xalotasuna eta zuri-beltzezko marrazkiak erabiltzen ditu Satrapik irakurketa irensgarria egiteko, latzegia litzateke bestela kontatzen duen guztia. Familia aberats eta liberal bateko alaba izanagatik ere bonben eta exekuzioen hotsa gertu dauka. Horregatik Austriara bidaliko dute gurasoek: mendebalde-ekialde talka, nerabezaroaren ohiko problemekin nahastatua.

Baina  bakardadea eta deserria ezin eraman eta Iranera bueltatuko da autore-protagonista. Egoera gogorra den arren, familia eta lagunen inguruan mundu paralelo bat eraikiz egiten du aurrera gure neskak, Teherango unibertsitatean Arte Ederrak ikasten dituen bitartean. Errejimenaren absurdua erakusteko umorea baino ez da geratzen. Anatomia klasean chadorraz ezkutatutako emakume bat marraztera behartzen dituzte ikasleak.

Umorea, gaurkotasunez beteriko istorioa, biktimismo eza eta kritika zorrotza. Hori eta gehiago topatu dut nire lehenengo nobela grafikoan.

Berandu heldu naiz festara, bai. Badira bost urte-edo komiki (barka, nobela grafiko) honen lehenengo alea kaleratu zenetik. Pasa den urtean pelikula ere estreinatu zen. Berandu, beraz, baina geratzeko gogoz.

cineffo

cineffo 2008-01-21 21:09 #1

gustatu bazaizu, irakur ezazu ere MAUS, adibidez...nazismoari buruz, pertsonaiak arratoi itxurarekin...sakona ere eta dramatikoa, edo JIMMY CORRIGAN, oso tristea...Ongi etorri komikiaren mundura!

Esti

Esti 2008-01-21 21:44 #2

Neri ere Erregeek ekarri didate "Persepolis" etxera eta irakurri baino irentsi egin dudala zehaztu beharko nuke. 2000 urtean Iran bisitatu nuen oporretan eta oso interesgarria da han ikusi eta entzundakoak Marjaneren kontakizunarekin konparatzea. Ironia fina dauka eta horrelako egoera konplexua ulertzen errazten du. Oso ona benetan. Geure artean ere Marjane edo "Margari"-ren batek idatzi beharko luke horrelako historio bat...

Luistxo

Luistxo 2008-01-22 11:17 #3

Neure anaia nagusi (eta aitaponteko) Agustini oparitu nion urtebetetzerako.

patxi lurra

patxi lurra 2008-01-22 17:48 #4

Neuk be, Estiren moduan, irakurri baino irentsi egin nituen, Errenterian bizi dan E-gorrek lagata (berari esker ezagutu neban). Horietako bat Donostiatik Bilborako autobusean  "bentilatu" ez neban ba!

Bestela, etxean deukot "Brodats" ("Bordatuak") izenburukoa, katalunieraz baina. Datorren astean asmoa deukot Irakurlearen Tartera juteko, akaso eroango deutsut zeuk irakurtzeko. Enfoke feminista fina deuko liburuak, erabat.

Galdera: Marjane Satrapi Santutxuko I.T.ra gonbidatzea hain zaila izango zan? Asapalakoei esanez gero ez ziran animauko?

felipe

felipe 2008-01-26 08:19 #5

Bilbon eman zuten komiki honetan oinarrituriko filma ( edo alderantziz ote? ) eta guztiz interesgarria iruditu zitzaidan.

Utzi iruzkina: