Alla kuidaus!

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2007-11-03 17:09
2


Ez dakit ezetz esaten (neskok, apunta ezazue datu hau) , hori dut txarra –besteak beste- nik; beraz, publikoaren eskariari men eginez nire zakarrontzia erakutsiko dizuet. Mezu luzea eta ozpina dela esan behar dizuet eta “mental disorders”-ena ere badakizue, asike abisatuta zaudete, alla kuidaus!


Hasiera hauxe zen:

Aurrekoan ikusi zenuten zakarrontzian pilatutako zenbait letra, baina, ez pentsa, ez dut hainbestetan erabiltzen zorioneko zaborrontzia. Hozkailua bai, aldiz; badira hozkailuan sartu nituen mezuak hotzaren hotzez izoztu ere egin zirenak, loturak iraungi, gaia zahartu...; beste batzuk hor daude oraindik, noiz pertxa egokia aurkituko, noiz esatekoa borobilduko, noiz argia ikusiko. Beroaldi batean idatzitako purrustadaren bat ere badago hor nonbait gordeta.


Idatzitakoaz damutu orduko idatzi nuen amaieretako bat:

Goiko punturaino 59 hitz; beste 306 idatzi nituen zakarrontziez, blogez, idazleez... Eta azkenean berotu, eta gero eta zakarrago nenbilela konturatu naiz.  Erabaki dut, orduan, hitzok hobeto egongo direla izozkailuan daukadan purrustadentzako tiraderan, edo bestela zakarrontzian zuzenean. Azken batean, ezerk ez du horren garrantzi handia; izan gaitezen zoriontsu eta utzi dezagun hurkoa bakean, egin dezala bakoitzak ahal duena, ze demontre.


Damutu baino lehenagoko purrustada:

Hor goiko guztiak ez du esan nahi argia ikusi duen guztiak merezi zuenik, ezta gutxiago ere; ez nire kasuan ezta inorenean ere. Argitaratzen den guztia ez baita munduko 8. marabilla izango, dela liburu, dela artikulu, kanta edo marrazki; are gehiago, argitaratzen den guztiaren ehuneko laurogeita hamar kaka da. Aspalditik genekien baina sinisgogorrenek erraz froga dezakete liburudendetako zein diskodendetako (*) apaletan.  Esaterako, aste honetan bertan erreferentziazko literatur telesaio bateko mahai inguruan parte hartu duen eta “hogei idazle bildu ginen” idatzi duen baten liburu ospetsu xamar bat hamazazpigarren orrialdean (**) utzi behar izan nuen aspaldi, eta ez pertsonaiak ez zirelako sinesgarriak edo trama josi gabe zegoelako; deklinabide, ortografia eta gramatika akatsez gogaitu nintzelako baino (***). Blogari askok baino txarrago idatzi arren, idazle deitzen dio bere buruari eta astekari zein egunkariek ere aitortzen diote izaera hori. Ez diot inbiriarik, eta ez diot nik kenduko tag hori bekokitik, ez horixe; baina argi eduki beharko genuke paperean argitaratzeak ez duela bat zuzenean artista bihurtzen.

Et, et, et, et... Quo vadis Jozulin? Honaino irakurri baduzue hasiak zarete pentsatzen atera zaiola Jozulini alde elitista, eta baten bat hasiko zen zarataka ea zer uste duen egolatra klasista horrek! Ez ba! Kakaren esistentzia defendatzen dut nik, horixe da nire tesia. Musikari jenialen ondoan herriko jaietan jotzen duen txistulari afizionatua ezinbestekoa da, edo gitarrarekin lagunarteko afariak alaitzen dituena. Eta hauek zergatik ez dute diskorik argitaratuko?  Debekatuko diegu?

______________________________________________________________

(*) Gelditzen da disko dendarik?
(**) 18 euro ordainduta, orrialdea euro bana kostatu zitzaidan; blogak, sikieran doan dira.
(***) alkol, hilehoria, unkitu, mahaietik, ziezaizkion, iezaidazu...

 

Amaiera bat hau zen:

Ai, ai, ai; azken purrustada hau ere ez ote legoke hobeto hozkailuan? Edo zakarrontzira zuzenean bota izan banu?


Eta beste bat:

Tira, tira, beti bezala traszendentalegi ari naiz; azken batean ezerk ez du horren garrantzi handia. Izan gaitezen zoriontsu eta utzi dezagun hurkoa bakean, berak ere egin dezala nahi duena. Hori bai, utz gaitzala gu ere bakean.

 

Tira ba, ikusi dituzue Jozulinen hozkailua, zakarrontzia eta mezuaren tripak. Honako aipu hau ere izan nintzen erabiltzeko, gure kuadrillatxoaren azken fitxajeak esandakoa da [kontuz, PDF 5 mega]: «Zirriborroei buruz hitz egitean agian idazleak bere burua gehiegi erakusten dio munduari».

 

 

leire

leire 2007-11-06 18:37 #1

Bueno! Nik uste neban zeozer gogorragua idatziko zenduala! Pentsatzen dot izozgailuan zatitxoren bat geldittu jatzula. Portzierto, pistarik emon zeinke zein dan jakitzeko?<br />

Jozulin

Jozulin 2007-11-06 20:33 #2

Perilla dauka, baina ez nirea bezain elegantea&nbsp; ^_^<br />


Utzi iruzkina: