Oporrak

ilargiarenjakinmina 1456147824642 Jakin-mina eta ilargia... | 2015-07-20 00:00

Oporrak hartzea onuragarria dela denok dakigu. Izan ere, gorputzarentzat eta garunarentzat mesedegarria da erlaxatzea, lo egitea, kirola egitea eta erlojurik gabe bizitzea. Nik gustuko ditudan oporrak honelakoak izan behar dira:

  • Aktiboak: oporretan gorputza mugitzen dugu, paseotxoak ematea, igeri egitea, edo bestelako kirola egitea ondo baino hobeto datorkio urte osoan sofa gainean edo bulegoko aulkian herdoiltzen egon den gorputzari. Bulegoko lanak egiten ditugunok, batez ere, gorputza mugitu behar dugu. Mugitze horrek energia berriak sortarazten dizkigu, sasoian mantentzen gara, eta errutina zaharrak baztertzen ditugu. Askotan, umeen aktibitatea jarraitu behar izate hori nekagarria izan daiteke, baina, zein ondo egiten dugun lo! Helduak umeak baino goizago geratzen gara lo-seko!

  • Dibertigarriak: denok gozatu behar ditugu oporrak. Beraz, beste lagun batzuekin joan ohi gara oporretan. Ume eta gazte asko elkartzen direnean hobeto pasatzen dira egunak, haiek ere zer esana dutelako oporrak antolatzeko garaian, eta urtetik urtera, gero eta gehiago arduratzen dira antolaketaz. Hortaz, kruzeroak, parke tematikoak edo piszinak ezinbestekoak izaten hasi dira gure oporraldietan.

  • Didaktikoak: ikastea, mundua ezagutzea eta kultura desberdinetan murgiltzea gustuko ditut. Beraz, egunero lekutxo bat eskaintzen diogu herriak eta bertako jendea ezagutzeari, paseatzeari, historia eta elezaharrak ikasteari, eta gastronomia dastatzeari.

  • Berritzaileak: aktibitatea lasaitasunarekin elkartzea merezi du noizbehinka, erlaxatzea ere beharrezkoa delako. Berandu jaiki, piszinara joan, liburua hartu eta zuhaitz baten azpian irakurri, bazkaldu, lo-kuluxka egin, berriro eguzkitara, afaldu, solasaldi lasaia kafe baten aurrean gozatu... errutina lasaigarri horiek bateriak kargatzen dituzte urte osorako. Gainera, askotan lanaren eta bizitzaren arazoak ahazteak ere konpontzen lagun dezake. Hain zuzen ere, ikuspuntua aldatzeak gure sormenari lagun diezaioke.

  • Gure kasuan, AUTOKARABANAZ bidaiatzeak ahalbidetzen du gustuko ditugun oporrak egitea. Gure motordun etxetxoak opor aktiboak, dibertigarriak, didaktikoak eta lasaiak bermatzen ditu eta. Hala ere, bidaiatzeko era honek garrantzi handiko beste ezaugarri batzuk ere baditu, hau da, askatasunaren, umiltasunaren eta ekologiaren sentimenduak lantzen ditu.

  • Askatasuna: berdin dio oporrak antolatzen dituzun ala ez, autokarabanaz bidaiatzen duzunean beti gertatzen dira ezusteak, eta plan guztiak pikutara joan daitezke une batetik bestera. Baina orduan ere zuk norabidea alda dezakezu egoera berrira egokitzeko. Eguraldia ez zaizula gustatzen euria edo bero gehiegi egiten duelako? Bada, bi ordutan eguraldia egokiagoa izango den beste hiri batean egon zaitezke, eta beharbada, beste herrialde batean. Museo bat edo paisaia interesgarria topatzen duzula? Bada, hementxe bertan gelditu zaitezke ingurune hau hobeto ezagutzeko. Kanpin eta lo egiteko gune guztiak beteta daudela? Bada, akanpada librea egingo dugu gustuko dugun edozein tokitan. Horrek guztiak emozio puntua gehitzen dio bidaiari. Bat-batekotasuna, malgutasuna eta edozein ezusteri aurre egiteko ahalmena izatea gure gizartean balore garrantzitsuak direla uste dugu gure familian.

  • Umiltasuna: benetan garrantzitsuak diren gauzei egiten diegu kasu. Oporretan ez ditugu etxean dauzkagun beste tresna, ezta teknologia ere. Normalean ez diegu telebistari, ordenagailuari edo bideojokuei denborarik eskaintzen. Hilabete batez gure jokuak antzinakoak dira eta gure ohiturak, betikoak. Oporretan familia eta lagunekin egoteko denbora izaten dugu, hau da, paseo luzeak ematen ditugu, betiko jolasak berreskuratzen ditugu, elkarrizketa luzeak konpartitzen ditugu... Bizitza erreala Interneten ez dagoela erreparatzen dugu, eta teknologiarik gabe bizitzea badaukagula konturatzen gara. Garrantzitsuak diren gauzak nimiñoenak eta txikienak direla jabetzen gara: bazkaldu ondorengo zuhaitzen azpiko lo-kuluxka, hamakaren kulunka eta haizearen hostoak mugitzen ikusten gozatzen ditugun bitartean, besteak beste.

  • Eta bukatzeko, autokarabanan ere ekologiaren baloreak lantzen ditugu. Izan ere, gutxirekin bizitzera ohitzen gara: leku, ur, energia eta tresna gutxirekin bizi daitekeela konturatzen gara egunero. Gauzei daukaten garrantzia ematen diegu, hau da, oso gutxi. Hori bai, etxera itzultzen garenean, orduan bai apreziatzen ditugula etxean dauzkagun erosotasun guztiak! Dena zoragarria dela iruditzen zaigu: etxea jauregi bat baino handiagoa, iturritik ateratzen den ur beroa agortezina eta ugaria, etxetresna elektrikoak magikoak, argiak jainkoen oparia...

 


Utzi iruzkina: