Atzerritarra

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2011-06-28 11:14
3

Tximeleta bat ikusi eta atzetik joaten natzaio, kometa bat edo ortzimuga bera ikusten ditudanean bezala. Oin-zolak finko dauzkadan tokitik altxa beharra sentitzen dut, txikle erraldoi bat zapaldu eta itsatsita nengokeen beldur.

Badakit zelaiotan txiklerik ez dela, ortzimugara iristerik ez dudala dakidan moduan. Barruak eskatzen dit, ordea, alde egiteko hemendik, ihes joateko hara edo harago, berriz itzul naitekeela-eta. Hala, joaten naiz, banoanez, baina nekez nahiz itzultzen, banoan honek ez baitu banatorrenaren antzik izaten.

Hargatik, bueltakotan atzerritartzat jotzen nautenean lagunen begiek, nintzena bihurtzen saiatzen naiz, kosmopolitismo zantzu oro ezkutatzen. Berriz etxeko sentitzea lortzen dudanean, aitzitik, barruak ez dit aduana pasatzen uzten, niganako pasaportea iraungitzen zait bat-batean. Kitto eta galdera dator: non izan nahi dudan kanpotar, nire herrian edo nire baitan.

Dakiena kontatzen didanak berak adina jakin dezadan gutxienez, nirekin lehen baino askoz denbora gutxiago ematen duenak, dakienak zeri diodan panikoa, deitzen didanak ezer ez esateko, mozkortzen denean soilik aitortzen didanak maite nauela, besarkatzen dudanak egunero lau aldiz. Horiek badakite non izan nahi dudan atzerritar. Ondo jardun ninteke, edo gaizki ari naiz, baina, barka iezadazue, halakoa naiz oraingoz (natorren honetan) eta harreman folkloriko behartuen aldean, nahiago dut denbora sentimenduak eta ideiak integratzen galdu.

e^x

e^x 2011-06-28 16:06 #1

Nik ere badakit zer den
joatea ta itzultzea,
zu guztiz aldatu arren
denak berdin jarraitzea,
gertatzen bada orduan
etxean ez aurkitzea
agian berriz hutsetik
eraiki behar da etxea.
Sentitzen dezuna egin
ta egina sentitzea,
kanpokoen eran barruko
tximeletei segitzea,
sufritzea, maitatzea,...
Ez al da hori bizitzea?
Sarritan ez da komeni
gehiegi integratzea...

errailak

errailak 2011-06-28 23:14 #2

Arrotz bazaizu sentitu
zenuen sentimendua,
ideia atzerritarrez
bete bazaizu burua,
onartu egin behar dira
ez hasi aurka gudua
hori delako bizitzan
integratzeko modua
barrutik hasi behar da
sortzen gure ingurua
neronekin izan nahi dut
leiala ta segurua
sortzen baitit sekulako
panikoa, apurua
norbera baino gehiago
ezagutzeak mundua.

orhiko sorgina

orhiko sorgina 2011-06-30 17:58 #3

berekoikerian aurka
a ze nolako burruka !
nahiago dugu ibili
ondokoa lagunduta
ta hargatik kanporantza
bidaia hasi ta buka
tximeletak, atzerria,
ta ortzimugaren punta...
Baina ez bagaude gure
barnekoan iltzatuta
ezinaren etsipena
ezin inola izkuta
gure burua ez dugu
oraindikan aurkitu ta
hargatik ibiltzen gara
munduan barna galduta

Utzi iruzkina: