Aspaldiko ipuin bat: HIRU

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2012-02-19 12:53
1



Badira hiru aste bezperako gurutzegrama egiten duela Bittorrek. Begirik itxiko ez duen ohera sartu aurretik jartzen da iraungitako egunkariarekin aurrez-aurre, zuri utziko lituzkeen koadrotxoak bezain bat alditan hozkatutako axota hatz dardaratien artean hertsirik.


Poliki-poliki, ongi meditatuz osatzen ditu lerroak. Lerro bat eta erdi minutuko, edo hor inguruan ibiliko da. Saiatzen da buruari bira zentzugabe gehiegi ez ematen, eta lortzen du, baina gero ez bedi segundoko 0,025 lerro tristeez harritu.


Segundoak segundo, orduak ordu, beti geratzen zaizkio koadrotxo zuriren batzuk. Eta egonezinaren morroi bilakatzen da. Erraietaraino sartzen zaio axota hozkada bakarraz hausteko gogoa. Sabelean liztorrak sumatzen ditu tximeletak baino. Eskutik helduta gainezka egitear nabaritzen ditu malkoak eta sua, elkar deuseztatu gabe.


Eguneko egunkaria hartzen du orduan, larri, asmatikoak bentolina bezalatsu. Azken aurreko orriari so egiten diote bere begi irtenek.


Egiptoko jainkoa.


Ra.


Uff! Seigarrengoz berdina galdetzen diotenerako azertatuko du apika.


Krudel.


Anker.


Ufff! Ez dago gaizki horrelakoei buruz ezer ez jakitea.


Suari dariona.


Kea.


Ufffff! Hau erraza zen, bai, baina nola asmatuko du sekula kerik arnastu gabeak?


Beren lekura itzultzen zaizkio begiak.


Ez du zalantza ñimiñoena jasaten lipar batez ere, ez zaio duda bat gehiago kabitzen bere baitan. Eta hala, hiru aste daramatza azala koadrotxo zuriz ezkatatuta, bere anaia non dagoen esango dion egunkaririk topatu ezinda.


Zalantzak ez bezala, itxi egiten zaizkio beren lekura bueltatu berri zaizkion begiak. Loak hartzen du orduan, egunkariei besarkatuta emazteari ordez.





***

Badira hiru aste Aitor desorientatuta esnatzen dela Julioren etxeko ohean. Gorroto du desorientazioa, berriz azaldu behar baitio bere buruari zergatik eta zertarako eman dion 360 graduko bira bizitzari, bereari eta besteenari.


Alabaina, desorientazioak ernai dirauela dirudi mintzo zaion begi pare bakoitzean. Ez dago kopetako galdera ikurra hatz erakusleaz seinalatzen ez dion ezpainik. Badirudi enplegu bulegoko ilara iraganari buruzko itaunketa zorrotzean baizik ezin daitekeela buka, inon amaitzen bada.


Eta enegarrenez errepikatzen du Aitorrek hiriaren anonimotasuna probatzeko etorri dela Madrila, Goierri txiki geratu zaiola. Eta Goierri txikia dela eta Madril handia.


Bazekien, ordea, Juliok ez ziola sinetsiko. Madril handia dela eta hori bai, baina anonimotasunarena bada ez. Juliok ondo gogoan zituen Donostiara inguratzen ziren egunak. Amaren eskutik Conchaz gozatzera hasieran; Igeldoko tiobiboaren erruz, amak maitasun osoz prestatutako tortilla ogitarteko hotza okada bakarraz botatzera ondoren; gau osoa irauten zuten errealaren partidak ikustera gero...


Zer ongi bizi garen gure Minidonostian! Aitorren hitz magikoak izan ohi ziren haiek, hogei urtek ere higa ezin ditzaketen horietakoak. Horregatik esan zion Juliori anaiaren etxean zama gisa zekusala bere burua, unatu zela etxe hartako hirugarren haurra izateaz eta besteak ere halatsu egonen zirela.


Hortaz, nork du errua, Goierriren txikitasunak ala apopiloaren muturrak? Bada ez batak eta ez besteak, suak du kulpa osoa. Gehiena.


Sententziak sententzia, hiru aste daramatza Aitorrek supiztekoa sakatu gabe. Nola sakatuko du bada, ibaira bota bazuen, bai-baitzekien, egokiena gehiago ez piztea zela jakinik ere, lehenago edo beranduago tentazioan eroriko zela.


Suari ezin zaio manatu, nahi duenenean nahi duena egingo du beti. Eta gerta liteke norberaren nahiak eta suarenak bat ez etortzea. Gerta liteke eta gertatu da.


Sua berez ez da txarra. Berez. Bestela da, ordea, zigarreta piztera ailegatzen bada. Eta zigarreta ere berez ez da txarra. Berez. Aldiz, dena da okertzen kea nikotinari alergia dionak arnasten duenean.


Aitorrek bazeramatzan hilabete batzuk zigarroaren argitan. Horregatik bota du pizgailua errekara, bere anaiak nikotinari alergia diolako. Anaiak alergia diolako eta berak adikzioa.




***




Badira hiru aste ezpainak margotzeari utzi ziola, dagoeneko ez baitauka erakargarri sentitzeko inolako premiarik. Sua bezain gorria omen da karmina, erakargarria, minbera.


Surik gabe eta karminik gabe, baina minbera sentitu du goizeko lehen argi printza. Betiko nagi bera sortu dio ohea egin beharrak. Senarraren mesanotxe gainean utzi ditu goizero mihise artean lo topatzen dituen herenegungo eta bezperako egunkariak.Aspergarria da ohea egitea, eta zentzuzkoa. Nahiago zuen izarak atontzea absurdoa zenean.


Aitorrentzat margotzen zituen ezpainak ohe egina Aitorrekin absurdo bihurtzeko. Ostean, nagiturik baino, gustuz sartzen zituen izarak koltxoipean, maite baitzituen osteko izarak. Horiek bai, eta ez goizeko mihise zuri bezain aspertuak. Zuriak eta aspertuak, gurutzegramako koadrotxoak bezala.

manu

manu 2012-02-23 09:20 #1

Bittor gaixoa...<br />


Utzi iruzkina: