Aberiatutako kameleoiak eta gizakiak

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2011-07-21 14:48
3

Ausardia.

Ahulezia.
Ardura.
Antsietatea.
Beroa.
Bertigoa.
Bakea.
Blokeoa.
Desioa.
Damua.
Egarria.
Erokeria.
Errua.
Egonezina.
Euforia.
Gosea.
Gogoa.
Gorrotoa.
Haserrea.
Histeria.
Hotza.
Izua.
Intriga.
Indarra.
Inbidia.
Jakin-mina.
Konfiantza.
Kezka.
Lilura.
Lotsa.
Maitasuna.
Mina.
Motibazioa.
Malenkonia.
Nekea.
Nazka.
Obsesioa.
Poza.
Presioa.
Plazera.
Sustoa.
Tristura.
Xarma.
Zalantza.

Aberiatutako kameleoiak gorritzen dira belarretan, zebrabideetan berdetu, zeruan hegan horitu. Aldrebes oso. Eta galduta sentitzean hargatik, erabakitzen dute aberiatuta daudela.

Munduak, aldiz, ez du aberiatutako kameleoirik ezagutzen, baizik eta zelaian amapola, semaforoaren argi berdea zebrabidean eta zeruan eguzkia.

Bada, halaber, aberiatuta dagoela uste duen gizakirik,
amorrua sentitzen duelako maite duenari begira,
intriga etsaiaren aurrean.
Aberriaz zalantza egiten duelako,
iraganak min egiten dion bitartean.
Zapaltzaileak xarma duelako beretzat,
plazeraren izu delako,
bakardadearen gose.
Bart ez zegokiolako alai egotea,
presioa eta nekea sentitzen dituelako desio zuen maitasunari begiak iltzatzean.
Egun damu iraunkorra delako behinola euforiaz bizi izan zuena.
Ez delako fio gehien babesten duenaz,
tristatzen delako badoanean ustez transzendentziarik ez duen bihotz hori.
Ama hotz besarkatzen duelako,
histeriko jartzen delako txorakeria batekin.
Bero jarri duelako nazka ematen dion gizonak, bere printzipioen lotsa izan delako,
gogoa eta ausardia dauzkalako zauritzeko...

Munduak, gainera, ezagutzen ditu aberiatutako gizakiak, hauek ez dakitelako aberia edo akats horretan bizitzen, kameleoien gisan besterik gabe amapola edo eguzki bihurtuz. Gizakia, izan ere, aberia konpontzen ahalegintzen da eta zelaia gorriz margotzen du, zebrabidea berdez eta zerua horiz. Aldrebes oso.

hgwxx/7

hgwxx/7 2011-07-23 18:33 #1

Zeru hori eta zelai gorriz osatutako
lurraldean barna mugitzeaz ohitzen zarenean, konturatzen zara
gutxiengo direla laino zuri eta itsaso urdinez inguratuta bizi
direnak. Zorionekoak beraiek. Besteok, hainbeste hitzen hartean galdu
eta egunak bata edo bestea aukeratzen pasatzen dugu, aurrean dugunari
egunero etiketa berri bat jarri nahian. Hitz horiek guztiek ez dakit,
ordea, norabait garamatzaten ala noraezean doan zig-zag ibilbide bat
besterik ez duten osatzen, pausoak ematea eta ibiltzea ez baita gauza
berbera. Duda guzti hauen aurrean askotan pentsatzen dut ez ote
litzatekeen hobe zuri-beltzeko mundu batean bizi eta dena errazago
bilakatzea, azken finean, kartoizko dekoratu bat eraikiz gero akabo
paisaia aldakorrak. Eta ez dakit hori egokiagoa ez den kamaleoi erotu
bilakatzea baino.

Baina ez, ez naiz engainatuko, zerbaitetan sinestekotan, bihurgunez eratutako ibilbide
malkartsu horretan sinisten dudala esan beharra daukat

errailak

errailak 2011-07-24 08:46 #2

Nahi duguna esango badugu ere, denok sentitzen gara aberiatuta inoiz. Norberak jakingo du zergatik. Bestalde, denok gara kamaleonikoak, inguruak behartzen baikaitu askotan kolorez aldatzera. Eta hori, neurri txiki batean beharrezkoa izateaz gain, neurri handian zinez kaltegarria da. Barkatu kameleoiegi edo inguruegi izan banaiz sekula.

orhiko sorgina

orhiko sorgina 2011-07-28 21:55 #3

Ez dut uste kamaleoi garenik, inguruak kolorez aldatzera behartzen gaituelako. Kamaleoi gara, gure barneko koloreak kontrolatzen ez dakigulako, noizbait estutuz gero eztanda egin ohi dutelako, koloreak aske utziz kamaleoiari nahi duen bidea hartzeko askatasuna ematen diogulako, izan aberiatu, konpondu, bihurgunetsu, zuzen, luze ala motz. Zorionekoak gu, zerua berde eta lurra urdin ikusten dugunok.
Eta koloreek erotzen badute inor, zuri-beltzeko munduarekin amestea aski da, itsasoa gris eta mendiak beltz ikusteko, zebrabideak gorri ikustera iritsi denak errex asmatuko baitu odola zuri-beltzean imaginatzen.
Ez al da hobe aberia onartzea, bide okerretik zuzentzen saiatzea baino ?
Ez al da hobe triste zaudela onartu, pirata orbanaren forma duen irribarrea bortxatzea baino ?

Utzi iruzkina: