EHEk deituta VI. Hizkuntza Eskubideen Eguna izango da maiatzaren 3an Ondarroan

ehe 1456132095772 VI. Hizkuntza Eskubideen Eguna | 2009-04-25 00:00


EHEk seigarren Hizkuntza Eskubideen Egunean parte hartzera deitu ditu herritarrak gaur Bilboko La Bolsa eraikinean egindako prentsa agerraldi bidez. Euskaltzaleen hurrengo hitzordu garrantzitsuaren leloa "Euskaraz Biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!" izango da eta Ondarroan egingo da hurren maiatzaren 3an. Aurtengo Hizkuntza Eskubideen Egunaren helburu nagusia Euskal Herri euskaldunaren bidean euskaraz bizitzeko hautuak duen garrantzia azpimarratzea izango da besteak beste


Azken bost urteei jarraipena emanaz, Hizkuntza Eskubideen eguna ospatuko dugu aurten ere, oraingoan Ondarroan. “Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!” izango da aurten egun honek eramango duen leloa; izan ere, bai Ondarroa, bai eskualdea bera, Lea-Artibai, euskaraz bizi dira hein handi batean eta hain zuzen, hautu horri hauspo eman nahian, euskaraz biziz Euskal Herri euskaldunerako urrats esanguratsuak ematen ari garela azpimarratu nahi dugu.


Une honetan Euskal Herrian indarrean dugun banaketa administratiboak kalte andana ekarri dizkigu euskaldunoi. Duela aste gutxi egin zuen publiko Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2008ko urteko txostena eta bertan ikusi ahal izan dugu zein larria den euskaldunon hizkuntza eskubideen egoera.

Egoera horren adierazgarri, aurtengo Hizkuntza Eskubideen eguna kokatzen den testuinguru politikoa dugu. Aldaketa garaietan murgilduta gabiltza Euskal Herriko eremu zabal batean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, martxoaren 1ean ospatutako hauteskundeek eztabaida andana ekarri dute; ikusi ahal izan dugu, nola, hizkuntza izan den oraingoan ere, alderdi espainolisten eskutik, erasorako arma preziatu. Hizkuntza erabili dute, orain ere, herri baten aurka egiteko elementu gisa. EHEk kezkaz ikusi du alderdi hauetatik, zein abertzale izendatzen diren batzuen eskutik sortu den zurrunbiloa. PP-PSOE itunak aurrez erakutsi digu, hizkuntza bera akordiorako oinarri bat izan dela. Bi alderdiek jakinarazi dute euren arteko akordioa ez dela euskararen ibilbidean inolako atzerapausorik izango; aldiz, orain arte egindakoak ez du horren zantzu gehiegirik ematen. Are gehiago, orain arte indarrean egon den elebitasun egoera fiktizioa bere horretan mantenduko dutela gaineratu dute, edo okerragora eraman, hizkuntza-askatasuna bezalako hitz ponposoak eta potoloak erabiltzera mugatu direla.

Hizkuntza askatasunez aukeratzeko premisa defendatu dute hastapenetik, euskaraz ez jakiteko eskubidea, azken finean. Baina ez dira konturatzen, hemen inork erabakitzeko eskubidea baldin badu, horiek euskaldunak garela, gu baikara bi hizkuntza ikastera behartuak izan garenak. Administraziora jo eta euskaraz ez dakien norbaitengandik artatua izanez gero, erabakitzeko aukera gutxi du euskaldunak egoera horretan. Non dago, beraz, eurek horrenbeste aldarrikatzen duten erabakitzeko eskubidea egoera horretan? Non dago euskara despolitizatzearen beharra, euskara politika egiteko erabiltzen dutenen aurrean?


Une hauetan Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoak azken urteetan gure herriaren aurka jasan dugun erasoen adibide garbia dugu. Historian zehar gure lurraldearen zatiketa administratiboak eta indarrean diren markoen legediek euskara erdarekiko menpekotasunera eramaten dute, zapaldua eta jazartua izatera. Mendeetako asimilazio prozesuaren ondorioz, euskara bigarren mailakora eraman dute eta egoera hau aldatzearen beharra azpimarratu behar dugu gaur hemen. Aldaketa behar du euskarak, bere lurraldean bertan lehentasunezko izatera eramango duena, euskaraz bizitzeko egoerara eramango gaituena. Euskal Herri euskaldunerako bidea jorratu behar dugu gaurdanik, aldaketaren erroa aintzat izanik; baina, horretaz jabe izateaz gain, beharrezkoa izango dugu euskaldunok, bertatik bertara, inongo kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika eta erabakitzeko ahalmena izatea. Euskaldunok izan behar gara, ez beste inor, izan nahi dugunaren inguruan erabaki behar dugunak.



Maiatzaren 3an, HEE Ondarroan


Testuinguru politiko horretan iritsi zaigu 2009. urteko Hizkuntza Eskubideen eguna (HEE). Esan bezala, aurten Ondarroan, euskaraz bizitzeko eskubideaz jabetu eta hautu hori indartzeari begira kokatu dugu eguna. Gune euskaldunak babesteko badugu tresnarik, eta hori Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) dugu. Maiatzaren 3an egingo dugun HEErekin UEMA dela gure hautua azpimarratuko dugu. Badakigu, baina, tresna horren aurka hamaika oztopo jarri izan direla, Ondarroa eta Lekeitio egoerak kasu, non Espainiako Auzitegi Gorenak debekatu egin dien UEMAn parte hartzea. Baina traba bakarrak ez dira auzitegietatik etorritakoak izan; PNVk berak ere UEMAren aurka nola egin duen ikusi ahal izan dugu beste tresna batzuen aitzakian, herriak bertatik kaleratzeko. Hor ditugu Lea-Artibai eskualde bertako Munitibar, Etxebarri edota Mendexako kasuak, non erabaki politiko soilek eraman dituzten UEMAtik ateratzera. UEMA, beraz, gure aldarria izateaz gain, bertara iristeko izan ditugun traba eta oztopo guzti hauek salatzea ere izango da gure lana HEEean.

Egitarau oparoa prestatu dugu datorren maiatzaren 3rako. “Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!” lemapean egingo dugun manifestazioa eta ondoren Itsasaurre plazan egingo dugun ekitaldi nagusia izango ditugu egunaren ardatz, eguerdi partean. Horretaz gain, egun osoan zehar, hamaika kontu ezberdin ikusi ahal izango ditugu. Goiz-goizetik hasita, Herriko Kresala bandaren eskutik esnatuko dugu herria; ondoren, herriko puntu ezberdinetan zehar, herri-dantzak, antzerkia eta Ondarruko ikastetxeetako haurren kantaldia izango dugu; era berean, goizean zehar, Erakusketa aretoan, herri mailako zein bestelako herri mugimenduko kideen parte hartzea bultzatuz, “Euskaraz Bizi gunea” izango dugu; aipatutako manifestazio eta ekitaldiari, ohiko herri bazkariak jarraituko dio eta egunarekin amaitzeko kontzertuak Ze esatek eta Trikizio taldeekin.

Aurtengo Hizkuntza Eskubideen egunak badu berrikuntzarik; orain arte, Nazio Bilkura izaten genuen goiz partean egunean bertan. Baina aurten, eguna baina aste batzuk lehenago, herrietan eta auzoetan, euskalgintzarekin bilkurak deituko ditugu, hain zuzen, bide horretan eman beharreko aldaketaren inguruan ekarpenak eta iritziaz jasotzeaz gain, herrietan bizi dugun egoera aztertzeko. Auzolanean datza Euskal Herri euskaldunaren aldeko bidearen mamia; herritarrak izan behar gara akuilu nagusi eta zentzu horretan, berebiziko garrantzia ipintzen dugu herri eta auzoetan egin dezakegun lanari.


Honekin batera, dei ezberdinak luzatu nahi genizkieke euskal herritarrei: HEErekin eginiko hautuan bezala, Euskal Herri euskaldunaren bidean eta eraikuntza lanetan, bizi daitezela euskaraz. Euskaldunak gara euskararen garra bizirik mantentzen dugunak eta garra izatetik, su bizi izatera eramanago dugu! Eta bestetik, su bizi hori indartze aldera, datozen asteetan euren auzo eta herrietan ospatuko diren bilkuretan parte hartu dezatela eta maiatzaren 3an Ondarroara hurbil daitezela, Euskal Herri euskaldunerako bidea elkarrekin marraztuz joan gaitezen.



EUSKARAZ BIZIz, EUSKAL HERRI EUSKALDUNA ERAIKI!


Utzi iruzkina: