GUTUN MAITEMINDUA
Ezinezkoa suertatu zen gutun hau bidaltzea. Oso zaila da zuganaino iristea, eta hau da horretarako egiten dudan beste saiakera bat. Beharbada ez zara zu nik nahi dudan pertsona, bai agian zuk ere sentiarazi duzu horrelako zerbait.
Gabon politta,
Aspaldidanik
ekarri gabea zuen udazkenak maitasuna eta hau zuri idaztean horretaz ari
naizenik ere ez dakit,horrenbeste denbora igaro da…Ez dakit zein den honen
guztiaren arrazoia, ezta hau zugana iritsiko den ere.
Orain dela denbora
asko atzera ikusi zintudan lehenengoz eta,egia esan, ez zenuen nigan orain
sentitzen dudanaren arrastorik ere utzi. Baina, ostiral gau hartako giro lasai
eta atsegin hartan, zure presentziak ezberdin sentiarazi ninduen. Abesti bat
momentu hartako magia pizteko eta zu, berriz, magia hori benetazko bihurtzeko.
Melodia hura
zure begirada harekin tartekatuz pasa ditut azken egunak. Irribarre lotsati
hura, negar tantak erortzear zituzten begi dizdiratsu haiek,emozioa,sentimendua,
goxotasuna...Hori da, goxotasuna. Goxotasuna zen kanta haren doinuak zugan
eragin zuena,zure barrenetik nerera garraiatu zenuen hori. Sekula sentitu
gabekoak, han eta hemen, atzo eta gaur.Inork sentiarazi ez dizkidanak sortu
dituzu nire barnean eta dena, aldeetako batean kolore eta mugimenduak dituen lauki
itxurako kaxa baten bidez.
Gezurra dirudi
telebistak egin dezakeena. Gau hartakoa behin eta berriz ikusiko nuke eta, ziur
egon, ez nintzatekeela sekula nekatuko. Ezinegona dut orain nere barnean. Ezin
dizut sentitzen dudana nahi bezela azaldu, ez dago hitzik horretarako. Egun hauek
zurekin aurrez aurre egoteko momentuan pentsatzen eman ditut, baina horretan
ere ez dakit gai izango nintzatekeen hau guztia agertzeko. Ikaragarria da,
benetan.
Ez dakit hau
guztia nori eskertu, zuri beharbada, horren polita den zerbait
sentiarazteagatik. Deskriba ezineko zerbait, distantziak banandu baina oztopatu
ez duena.Ez zaude hemen baina alboan dudan edozeinek baino sentsazio gehiago
sortarazi dizkidazu. Bihotz taupadak arin, orain arte poesia hutsean entzuten
nituen bihotz taupada horiek taupaka sentitu ditut behingoz.
Besterik gabe
agurtzeko garaia da. Sarritan hitzak haizeak eramaten ditu, baina oraingo
honetan paperean daude kateaturik, zure bihotzean preso geratzeko bidean. Hori
da nik gehien desio dudana. Badakit ia ezinezkoa dela elkar ikustea, egun
hartakoa benetan dastatzea; baina zuri hitzok irakurtzean zerbait
sentiaraztearekin nahikoa dut. Jakin ezazu zoriontsu egin nauzula,ezberdin,berezi.
Momentu laburra,bai, baina nere barrenean luzaroan gordeta egongo dena.
Eskutitz
honek har dezala hartu beharreko bidea, baina bidai luze horretan gera dadila
zure geltokian eta gorde ezazula zurekin; gainean ez bada ere, bihotzean.
Aspaldian eman gabeko muxurik goxoena,
zuretzako
Iruzkinak
Utzi iruzkina: