Billabonako Udalak 2008n antolatutako Amodio Gutunen Lehiaketara bidalitako gutuna.
Gabon politta,
Eskutitz hau ez
nuke edonoiz horrela hasiko. Gaurko honetan hautsak estali gabeko liburu zahar bateko
istorio moduko bat egitea gustatuko litzaidake guretzako. Guretzako bai. Batean
bihurtu gara, eta jada ez dut zure printzarik gabeko bizitzan sinisten.
Orain urte asko
atzera ez nuen maitasuna ezagutzen. Ez nekien zer zen, ez non aurkitu, ez nori
eskeini.Urteak aurrera, denborak gauza asko erakutsi dizkit. Bizitza krudela da
hor behetik begiratuta, baina ingurura begiratzen hasiz gero iluna dirudien
hori argian bihurtzen da.
Ez dut gogoratzen
noiz ikusi zintudan lehen aldiz. Neguko goiz hotz euritsua izan liteke, edo
hodeirik gabeko arratsalde beroa,nork daki. Urte asko pasa ditugu elkarrekin
baina orain arte ez dut zuganako ezer sentitu. Itxaron, oker nabil. Ez
sentitzea baino sentimendu horretaz ez jabetzea izan da nire akatsa. Bai, hori
da.
Sentimenduak hor
daude, beti daude sentimenduak. Batzuk kanpora doaz, besteak berriz kateatuta
geratzen dira barnean, atera ezinik. Nigan sortarazi dituzunak barrenean egon
dira luzaroan, baina soketatik askatu eta libre izatea lortu dute. Nire lotsa
eta beldurretatik ihes egin dute eta paper honetara iritsi dira.
Orain dute
aukera. Orain diotsute ezberdina zarela, berezia eta bakarra. Gauza asko
erakutsi dizkidazu urte hauetan zehar, baita maitasuna zer den ere. Zure alboan
ezer ez da berdin eta hori baino gustokoagoa dudanik ez zait orain bururatzen. Ez
dakit nori eskertu, zuri seguruenik, horren polita den zerbait sentiarazteagatik.
Badakizu ez
dudala gogoko gauza hauetaz hitzegitea. Sentimenduak ez dira azaltzen errezak, eta
gaurkoan zailagoak egiten zaizkit gainera. Aitak orain urtebete utzi gintuen.
Momentu gogorra izan zen, baina harek sekula bezela batu gintuela badakizu zuk
ere. Ez dut hartaz pozten naizenik esango, baina bakardadearen arrastoa atzean
utzi izanak zoriontsuen egiten nau zure begietara begiratzean.
Metaforak erabili
ahalko nituzke hau edertzeko. Hori baino sinpleagoa da, ordea. Ez dizut sekula
maite zaitudanik esan, ez diot inori sekula halakorik adierazi. Hemen ere ez
dut egingo. Orain, eskutitzarekin batera mesanotxean dagoen giltza hartu eta
zatoz egongelara; sentimenduen atea ireki ondoren bi hitz entzun behar dituzu
eta.
Muxu bat amatxo,
Iruzkinak
Utzi iruzkina: