Zapatu honetan Erreka Eguna
Dakizuenez, Agenda 21 izeneko proiektuan murgilduta gaude azken urteotan. Proiektuaren helburua Legazpi ingurune iraunkorra izan dadila lortzea da.
Proiektu horrekin ingurumen osasungarria eta gizarte elkar lotua, solidarioa, arduratsua eta parte hartzailea lortu nahi da. Horretarako ezinbestekoa da udaletxearen eta legazpiarren arteko ahalmenak lotzea; horrela, 2001. urtez geroztik batzar desberdinak antolatzen dira eta horietan herritarrek hartzen dute parte, haien kezkak, nahiak eta proposamenak azalduz.
Parte-hartze batzar horietako batean, herriko ikastetxeetako ikasleek erreka garbitzeko eguna antolatzea proposatu zuten. Ekimen hori begi onez hartu zuten eta bertan parte hartzea erabaki zuten herriko beste erakunde batzuk, hala nola, CEIDA, Lenbur, Ur Kontsortzioa, Katagorri elkartea, udaletxea,…. Azkeneko bi urteotan (2004, 2005 eta 2006) ospatu da Erreka Eguna eta urtero 100 pertsona baino gehiago bildu dira garbiketa-lanak egiteko.
Orain hondakin-urak eta industriako urak araztu egiten dira eta horri esker orain erreka lehen baino garbiago dago; hala ere, ohikoa da errekan bestelako hondakinak ikustea: plastikoa, metalak,…. Beraz, zure laguntza eta parte-hartzea oso inportantea da eta Urola ibaia auzolanean garbitzera animatu nahi zaitugu.
Garbiketa-lan hori datorren irailaren 22an, larunbata, goizeko 11:00etan egingo dugu. Arratsaldeko 13:00etarako lana bukatutzat emango dugu eta, ordu horretan, udaletxeko plazan bilduko gara eta musika eta mokadu bat eskainiko zaie parte hartu duten guztiei.
Legazpiko herritar eta elkarte guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta.
Zuen elkarteko kideen parte-hartzea bultza dezazuen nahiko genuke. Horretarako 5-10 kideko taldeak osa ditzakezue eta arduradun bat izendatu (bere telefono-zenbakia azaldu). Izen-ematea Lenbur Fundazioaren egoitzan nahiz Legazpiko udaletxean egin ahal izango da, edo baita www.legazpiko-udala.info web orriaren bitartez.
Azken eguna: irailak 18.
Egun horretan elkar ikusiko dugulakoan, har ezazue gure agurrik beroena.Legazpin, 2007ko irailaren 4an
Tokiko Agenda 21eko herritarren Foroa
Iruzkinak
Utzi iruzkina: