Merkataritzan euskara aurrera

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-05-30 20:34


Maiatzaren 31n azkenengo saioa izango da Legazpiko KZ gunean, 15:00etan.

Euskaraz? Pozik gainera! Hori esanez hasi zuten urtea dendariek eta gogotsu dihardute euskara sustatzeko ahaleginetan. Maiatzean ere jo eta ke aritu dira Legazpi, Urretxu eta Zumarragako dendariak kartelak egiten ikasteko saio praktikoak direla eta.

Maiatzaren 21ean eta 24an Urretxuko Zintzo Mintzoren egoitzan izan ziren lehenengoak, Nola egin ordenagailuz. Bertan elkartu ziren dendariei, ordenagailua piztu eta Word testu bat editatzera bitarteko pausuen berri eman zitzaien. Bi saio xumetan dendariek emaitza txukunak lortu zituzten eta baita gehiagorako gogoz gelditu ere!

Hurrengoa, Zer idatzi karteletan, maiatzaren 28an, hasi zen Legazpiko KZ gunean eta 31n bigarren saioa eta azkena. Bertara etorritakoei kartelak ele bietan, edota euskara hutsean, idazteko irizpide nagusiak eman zitzaizkien, eta horrekin batera kartelak idazteko hainbat aholku eta baliabide.

Ikas saio hauek merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko Urola Garaia Udal elkarteak bultzatutako planean aurreikusita zeuden. Dena den, saioen ezaugarriak zehazterakoan dendariak parte hartze zuzena izan dute eta emaitzak ikusita, erabateko arrakasta izan dutela esango genuke.

Arrazoi horregatik, eta dendarien eskaera bitarteko, udazkenean saioen jarraipena egiteko aukerak aztertzen ari dira teknikariak, izan ere guztira 20 dendaritik gora elkartu dira euskara hutsean emandako saioetara.

Ea bada gure kaleetako mezuak euskara jatorrean eta gero eta txukunago ikusten ditugun. Dendarienak seguru baietz!



Urola Garaiko Merkataritza Plana
Teknikariak


Utzi iruzkina: