Legazpin txartel elektroniko bateratuaren froga egingo dute
Osasun arlorako, liburutegirako eta kiroldegirako balioko du, baita administrazioarekin hainbat tramite egiteko ere Hainbat eragiketa Internet bidez egin ahal izango dute herritarrek
Legazpin martxan jarriko dute txartel elektroniko bateratua, froga gisa, atzo (astelehena) jakin zenez, eta txartel horrekin herritarrek hainbat tramite egin ahal izango dute, Internetez. Anbulatorioan eskatu beharko da eta doan da.
Txartel berria osasun arlorako erabiliko da, liburutegirako eta kiroldegirako ere bai, eta administrazioarekin hainbat tramite egiteko ere balioko du; hala nola, medikuarekin hitzordua Internetez hartzeko, hitzordua aldatzea eskatzeko, bazkide izanez gero liburutegiko zerbitzua erabiltzeko eta kiroldegira sartzeko (liburutegiko eta kiroldegiko txartelak ordezkatuko ditu), administrazio publikoarekin (Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin) tramiteak egiteko, errenta aitorpena egiteko, gidatzeko baimeneko puntuak kontsultatzeko…
Basaurin (Bizkaia) egin zuten txartel elektronikoaren lehen froga. Otsailaren 21ean jarri zuten han, eta hirugarren hilabeterako hango 15.000 lagunek bazuten dagoeneko txartela; erabilpena handia izan da. Orain Gipuzkoara hedatzea erabaki dute; Legazpira ez ezik, Azkoitia, Beasain, Getaria eta Azpeitira, oraingoz. 2008aren bukaerarako Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herri denetara zabaltzea espero dute.
Hain zuzen, Euskal Administrazioaren Modernizazioa elkarteak, Osakidetzako Finantza eta Kontratazioa arloak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Izenpe enpresak aurkeztu dute txartela gaur, Donostian.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: