Legazpiko EAJ-PNVren lan lerroak

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-05-21 16:18


Udal politika orokorrean hiru lan-lerro bereizten ditu Legazpiko EAJ-PNVk:

1.-Pake eta normalizazio prozesuan udalak dituen etxeko lanei ekingo diegu:

Udal maila da herrikideen hurbilen geratzen den gunea. Euskaldun guztioi dagokigun normalizazioa ezin daiteke instituzio edo alderdi mailan geratu, azken finean herritar guztion artean osatzen dugun gizartea da prozesuaren sujetua, nahiz eta askotan alderdien arteko elkar ulertzean bakarrik datzala iruditu. Ez dezagun ahaztu alderdiak gizartearen zerbitzura dauden baliabideak direla.

Eta udal maila da prozesuan zuzenki herritar guztiek parte hartu eta protagonista izateko duten aukera nagusienetakoa. Alderdiei eskatzen diedan heldutasuna niri eta herritar bakoitzari eskatzen diot herri mailako iniziatiba edo ekintzetan kritikoki parte hartzeko, zeren nere ustetan, ardura eta heldutasuna besteei eskatzerakoan norberak bere buruari eskatu behar dio aldez aurretik. Eta kritikoki diodanean, zentzu zabalean eta orekatuaz ari naiz, okerrak eta desadostasunak adieraziz, noski,  baina ongi eginak eta norberaren mugak ere aitortuz, azken ariketa hau praktikatzea askoz ere zailagoa egiten zaigula iruditzen baitzait.

Udal ordezkarien papera nor bere herritarren ordezkari gisa, prozesuaren zubiaren eraikuntzaren zutabe nagusietako bat izatea da, ez baitago zutabe sendorik gabe luzaroan iraun dezaken zubirik.

2.-Legazpiar gizartearen eskabideak gauzatzeko gai izaten benetan saiatuko gara:

Gaurko herritarrok eskubide eta zerbitzuen kulturan murgildutako gizarte batean gaude (betebeharren atala sarri saihesten badugu ere). Udalak, legazpiar gizartearen ongizatea dela helburu, legazpiarren beharrak eta eskabideak jasotzen, aztertzen eta erantzuten ahalegin handia egin behar du. Herriko politikagintzak honako helburua du: posible egitea Legazpin behar dena. Eta behar horiei erantzutea da udal taldeak diseinatu eta gauzatuko dituen ekintzen ildo nagusia.

Legazpi, bere nortasun eta baloreetan sustraituta edonoren bizi-egitasmoa garatzeko toki eroso, atsegina eta erakargarria izatea da erronka nagusia, horrek suposatzen duen guztiarekin. Guk, legazpiar guztiok, hasteko, gure jarrera, ekimen eta ekintzekin erronka horren protagonista aktibo nagusiak garela sinistu behar dugu ( kanpoko inork ez ditu guri dagozkigun “lanak” egingo (esate baterako,…Ilintxa animatu, dantzariak edo danborrariak txalotu, festak edota inauteriak girotu-partehartu, herriko merkataritza bultzatu, elkarteen jarduerak bideratu, ondare historikoa zaindu…e.a,e.a,ea.)…jarrera horretan jarrita, konbentzituta nago  ondoren, eta ondorioz,   gure partaidetza  herriko interesgune desberdinetara zabalduko dela, borondate eta ekimenak biderkatu daitezkela, eta horrek guztiak herri bati ematen dion bizitza aberatsa elikatuko duela… bide horretan … azkenean… gure herriarekiko denon eta norbanakoaren  inplikazioa, harrotasuna…hitz batetan, satisfazio maila handituko dugula

3.-Eta hirugarren ildo bezala:

Lan eta bizitzako esparru guztietan bezala, ekintzak bezain garrantzitsuak iruditzen zaizkit baloreak, jarrerak eta jokabideak. Erakundeak, Udaletxea gure kasuan, harreman gune garrantzitsua da herritarrontzat.  Oinarrizkoa iruditzen zait bertako lantaldea, hasi alkatetik eta azken langileraino jarrera eta jokabidea ongi zaintzea gerturatzen diren pertsona, ematen diren arazo edota eskakizunen aurrean, behar bezala entzun eta erantzun egin behar da.  Alde honetatik ere, ahaleginak egin nahi ditugu:

  • Udalak herriko beharrei (txiki zein handi) erantzuten aurrea hartzeko gai izatea nahi dugu, gauzak garaiz ikusi eta bideratzen ahaleginduko gara. Bista eta entzumena zorrotza erakutsi nahi dugu behar txiki zein handi jaso eta bideratzeko, azkenean bizitza eta gaurko kasuan, legazpiarron ongizatea,  batez ere, ale txikiz osatutako piloa dela pentsatzen dut, beraz, begi bat izango dugu herriaren egitasmo handietan, noski, baina bestea, eguneroko bizitzan sortu eta konpondu beharreko gaietan.
  • Norbanakoen arteko eta inguruarekiko errespetu eta elkarbizitzaren balorearen sustatzaile eta, are gehiago, gure neurrian,  eredu izateko lana egingo dugu
  • Azken batean, zera nahi dugu: legazpiarrok, udalaz jardutean, herriaren eta herritarren beharretatik gertu dagoen eta guztion onurarako lan eraginkorra garatzen duen erakundea dela  pentsatzea, hau da, bere funtzioa ongi, egoki betetzen duela. Hori eskatzen diogu guk herritar gisa, gure udalari eta horixe bera eskaini nahi dugu gure hautagaitzan … Sarri kritika errazak egiten badira ere…badago,bai, non –zer hobetu!
Gure Udal PROGRAMAren ildo nagusiak honako hauek dira:

HIRU MAILATAKO PLANTEAMENTUAK JASOTZEN DIRA DEPARTAMENTU

BAKOITZEKO EGITASMOAN

Hiru maila horiek dira…

  • batetik, aipatutako ongizateren inguruko helburura bideratutako jadanik aurreikusten ditugun ekintza konkretuak jaso ditugu: legazpiarren bizi-baldintzak hobetuko duten ekimen eta ekintza programa zabala, epe motz edota ertainetan gauzatu nahi ditugunak.
  • bestetik, planteatzeaz gain, aztertu, adostu eta ezarketa plangintza  eskatzen duten epe ertain edota luzeko ekimenak eta asmoak.
  • eta azkenik, udalaren kudeaketa zuzenari lotutako asmoak. Gogoan hartu behar da udal aurrekontuaren %50a suposatzen duela hirigintza, pertsonala eta gastu arrunten kudeaketaren atala. Horretan kudeaketa eraginkorra bermatzen dugu eta horrekin batera, berritu diren arau subsidiarioen garapena ezinbesteko beste lanetako bat da.

LANTALDEA

Gure uste apalean hautagai zerrenda sendoa da, berrikuntza eta esperientzia, gaztetasuna eta heldutasuna… uztartzen baititu:

  • Batetik,  zinegotzi izandakoak eta orain arte zinegotzi direnek lan hauetan esperientzia zabala, beharren ezagutza eta kudeatzeko gaitasuna,  eskaintzen dute.
  • Bestetik, zerrenda-buru gisa, ni neu, berria naiz lehen mailako ardura hartzeko asmoan, baina, aurreko batean zinegotzi izana naizen neurrian  eta profesionalki Administrazioan lan egiten dudanez, erakundeen mundua hurbiletik ezagutzen dudala esan dezaket.

Beraz, eta harrokeriarik gabe, esan nahi dugu gure alderdiak eskaintzen duen lantaldean ez dela  ezagutza, konpromisoa, eskarmentua, gogoa edota edozein erronkari aurre egiteko ezinbestekoa den ilusioa falta.

Ane Urkiola Alustiza, EAJ-PNVko zerrenda-burua


Utzi iruzkina: