Kale zaharrari agur
Legazpiko kalean gutxi dira dagoeneko zutik dirauten etxe zaharrak. Piskanaka piskanaka denak ezkutatzen ari dira. Azkenekoak Ibarrotegi (Muruanea), Seroretxea (Nikasionea), Zulakoa (Txokozar) eta Kalebarreneko ilada guztia izan dira. Etxe sendo askoak ere behera etorri behar izan dute ezinbestez: Bikarioetxe zaharra, Damata... Harrigarriro, Kale nagusian “Eroski” supermerkatuaren parean hiru etxe zahar ikus daitezke 2007. urte honetan. Ez dirudi luzarorako daudenik. Goitik hasita lehenengoa "Patxi” taberna zegoen etxea, bigarrena “Alberdi” jantzidenda dagoen etxea eta hirugarrena, “Basabe” janaridenda zegoen etxea.
“Patxi” taberna zegoen etxeaARABAOLATZANEA, ATXAPARROKOA, XAMORANEA
- XVII, XVIII eta XIX. mendeetan “Arabaolatza” edo “Arabaolatzanea” izenez ezagutzen zen etxe hau. XVII. mendearen hasieran Arabaolatza deiturako bizilagunak bizi ziren bertan eta horregatik etxearen izena. Arabaolatza deitura Brinkolakoa da jatorriz.
- XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran “Atxaparrokoa” izenez ezagutzen zen. Baliteke “Atxaparro” (hatzapar handiak zituelako?) etxe honetan bizi zen Elorzatar baten gaitzizena izatea. Patrizio Elorza, Legazpiko kartoi-fabrikako nagusia etxe honetan jaio zen.
- Elorzatarren ondoren Ormaiztegiko Zamora baserrian jaiotako Jose Ignacio Gorosabel eta Gabiriko Maria Izagirre etorri ziren etxe honetara. Horregatik “Xamoranea” izenez ere ezagutu zen etxe hau.
“Alberdi” jantzidenda dagoen etxea
SANTXONEAAUNDI,
TXANBOLIÑENEA
- Hau ere oso etxe zaharra da. XVIII. mendean aipatzen da eta izan liteke 1607. urteko errolda batean aipatzen den “Sanchoeche”.
- XIX. mendearen erdialdera Jose Antonio Agirre Azpilleta abadea bizi zen bertan, arreba eta neskamea lagun zituela.
- XIX. mendearen bukaera aldera eta XX. mendearen hasieran “Bittor zapataria” (Bitor Etxeberria Oruezabal) bizi izan zen etxe honetan. Bittorrek zapata denda kale zaharreko beste etxe batean zeukan.
- XX. mendearen hasieran, Roke Azpeitia sestogilea etorri zen Ormaiztegitik Legazpira eta etxe honetan jarri zen bizitzen, Bittor zapatariaren ondoan. Roquek “txanboliña” jotzen zuen jai-egunetan Legazpin, eta horregatik “Roke txanbolin” deitzen zioten, eta etxeari “Txanboliñenea”.
“Basabe” janaridenda zegoen etxea
SANTXONEATXIKI, ZIRRINKA,
GAXPARRENEA
- XIX. mendearen erdialdera Jose Antonio Osinalde Galfarsoro ardazlea bizi zen etxe honetan. Horregatik beharbada etxearen “Zirrinka” (txirringa) izena, hots, ardazketan aritzeko makina.
- XIX. mendearen bukaeran Jose Mari Goia Arrondo ehulea bizi zen. Litekeena da etxearen azpialdean ehuna egiteko makina izatea.
- XX. mendean Gaspar Alustiza Egaña jabetu zen etxearekin eta horregatik “Gaxparrenea” ere esaten zaio etxeari.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: