Hegazkin istripua Arrolamendin
Orain dela 86 urte
Arrolamendi gainean, Antzuolako aldean, hegazkin istripu larri bat gertatu zen orain dela 86 urte, 1921. urteko maiatzaren 19an.
Bretainia Handiko Bristol enpresak aireplano batzuk saldu zizkien Madrilgo bezero batzuei eta beren gidariei Espainiara eramateko agindu zien. Horietako bat, Andrew Ferson gaztea, maiatzaren 19an Lasartetik abiatu zen Bristol Seely aireplano berriarekin. Eguraldi lainotsu eta kaskarra egiten zuen, baina bere eskarmentuan fidatuta aireratzea erabaki zuen. Trenbideari jarraika Madril aldera egin zuen, baina Legazpi aldera iritsitakoan zeharo galdu zen, hainbestekoa zen lainoa. Itsumustuan jira-biraka ibili ondoren, azkenean Arrolamendiko harkaitz batzuen kontra jo eta bertan hil egin zen.
Eguerdi aldean gertatu zen istripua eta laster zabaldu zen ingurumarian. Garai hartako kronikak diotenez, Legazpi eta Antzuola herriak erdi hutsik geratu ziren eta bizilagunek gora egin zuten zer gertatu zen ikusteko. Kontuan izan behar da aireplanoak ibilgailu berriak zirela garai hartan.
Adineko legazpiarrek ere aditzera dute gertakari hura eta, diotenez, hainbat baserrietako ganbaretan, urteetan eta urteetan, eroritako aireplano haren hondakinak gorde omen ziren, jendeak oroigarri modura hartuta.
Gaur egun, gertakari haren oroimenez, Arrolamendiko buzoitik gertu dagoen zabalgune bati Aeroplanoa eroritako zabala deitzen zaio.
JLU
Iruzkinak
Utzi iruzkina: