Gu ere Goierri gara
Bi bailara handiren arteko pasabide meharrean itota, hegoaldeko auzo-herriekin bat eginda, Urola Garaia mankomunitateko bizilagun titulua ezarri ziguten. Nere ustez, izaera artifiziala dario interes ekonomikoa gailentzen zaion entitateari. Uler nezake bere txikitasunean bere burua jaso nahi duenaren aldarria, baina ez diot nahikoa irizten oinarri geografiko hutsari. Hizkuntzaz, historiaz eta kokapenez goierritartzat daukat nire burua.
Segidan irakurri ahal izango duzuen idatzia Goierritarra aldizkarian argitaratu zuten orain bi urte pasatxo (herria abonatzen hasi eta pasatu egin ote nintzen ere pasa zait burutik. Halere, bego horretan.). Harrezkero Goierriko Hitza sortu da eta gure goierritartasunaren aldarrikapena asetu da pittin bat. Bada zeozer.
Ezagun da eskutitza negu partean idatzita dagoena. Ea udaberriko beroak, noizbait ailegatzen bada, gai honekiko interesa pizten duen.
Aitor Gurrutxaga
Legazpi eta Goierri
Gabiriarrak makilariak, idiazabaldarrak axeriak, zegamarrak belak…eta legazpiarrak ilintxak. Burugogor fama genuelako jarri ziguten gaitzizena, erre gabe gelditu ohi den egur ikatz puska temosoa. Izen horrekin izendatzen gintuzten Goierri osoan; arrazoi sinple bat dela medio: legazpiarrak goierritarrak gara.
Zein arrazoi dago goierritar labela eman ez diezaguten? Gu baino goierritarragoak al dira Legorreta, Ikaztegieta, Itsasondo edo Gaintzako bizilagunak? Legazpirekin mugante dauden Gabiria, Mutiloa, Zerain eta Zegamak guk baino meritu gehiago egin al dituzte goierritartzat har ditzaten? Ez al gara gu goienean dagoen herria? Titulu hori ondo merezia daukagu: 400 metroz goitiko altueran bizitzea egokitu zaigu (bide batez, edurra zapaldu nahi izango bazenute etor zaitezte gurera; majo gozatuko zarete Aizkorri barren nire ustez bikain honetan).
Alde batetik, hizkerari begira, zalantza izpirik ez dago gure hizkera goierritarra dena, nahiz eta ezaugarri berezi batzuk badituen. Ahul samar dago aspaldi honetan, ez dauka kemen haundirik, baina ziur naiz denon ahaleginarekin indartuko dugula. Bestetik, gure harremana sakona izan da Goierriko gainerako herriekin. Gure burdinola famatuak babesteko aitzakian, Segurak mendean hartu gintuen, harik eta burujabetasuna lortu genuen arte; nola Mutiloako nola Zeraingo meazuloak ustiatu genituen mende luzez, geure oletako sutegietan burnia urtuko bazen; zegamarrekin artzantzak lotu gintuen Oamendi, Urbia eta Altzaniako partzonerian, artzantzak indar handia izan baitzuen. Patricio Etxeberria lantegi erraldoiak Idiazabalgo ateak zabaldu zizkigun.
Zerk egiten gaitu bada desberdin? Esan liteke bizpahiru arrazoi badirela. Geografiari dagokionez, jakina da Urola ibaiaren arroaren sorlekua dela Legazpiko hiria(hiria baikara, nahiz eta herri itxura duen ). Gipuzkoako bi arro nagusien artean kokatzen da Legazpik harana luze eta estua: aldenik alde hiruzpalau kilometro baino ez daude Gabiriko mugatik Oñati aldera. Txantxikuekin harreman handia izan da gure herriaren historian. Urretxu-Zumarragarekin ere, logikoki, loturarik izan da; halere, otamotxak Azkoiti-Azpeitirekin lotuago egon dira. Administratiboki Bergararekin lotuta gaude. Ederra potajea! Urola garaia kontzeptu geografiko- ekonomikoa da nere ustez, inondik ez kulturala. Hartara, Ezkio-Itsaso, zeinak Zumarragarekin lotura ikaragarria izan duen eta duen, ez genuke Goierri barruan kokatuko ( astakeria galanta inondik ere). Matximentan bat egiten duten Ezkio eta Beasainen jatortasun goierritara ez du, jakina, inork zalantzan jartzen. Geografikoki Urola gara, ezin ukatuzkoa da hori. Ekonomikoki Zumarragarekiko mendekotasuna daukagu, batez ere bailara industrializatu ostean. Kultura eta hizkuntzari begira goierritarrak gara guztiz, ordea.
Hizkuntza aitatuta bukatu nahi nuke. Euskarak eta historiak, baita sentimenduak ere, egiten gaitu goierritar. XX. mende hasieran guztiz euskaldunak ginenak gainbehera handia antzeman genuen arkitektura, ohitura, harreman eta, batez ere, hizkuntzaren alorrean( Beasain edo Ordiziaren pare geundeke azterketa soziolinguistikoei erreparatuz gero). Gainerako goierritarrek ez gaituzte goierritartzat jotzen. Egin diezagutela bisita, eskaini diezagutela euskarazko produktuak dastatzeko aukera; esate baterako, Goierritarra aldizkaria edo Goierri telebista. Produktu horien premia larria dugu. Agintariek, komunikabideetako arduradunek eta gainerako kultur eragileek gure goierritartasuna asetzen lagunduko baligute, pozik nengoke. Nola egin guzti honi jare?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: