Elorza oinetxea
Elorza baserria Telleriarte auzoan dago Albatxuri mendiaren magalean, Errekaeta, Eizagirre, Astaburuaga eta Saletxe baserriak auzo dituela.
Elorza deitura aspaldidanik azaltzen da agirietan, Gipuzkoako hegoaldeko hainbat herritan zabaldua, hala nola: Diego Garcia de Elorza (1384, eskribaua Seguran), Juan de Elorza (1388, Oñatin), Pero Ynigues d’Elorça (1430, Legazpin), Ochanda de Elorza (1488, Legazpin), San Juan de Elorza (1603, Azkoitin)... Baina kontuan izan behar da, Legazpiko oinetxeaz gain Elorza izeneko beste bi ere baditugula inguruko herrietan, Bergaran eta Seguran, hain zuzen. Dena den, Oñatira eta Azkoitira (geroago) zabaldutako deituraren jatorria Telleriarteko oinetxean dagoela ematen du.
XVII. mendearen hasieran Elorzatarrak Legazpiko etxea utzi eta ez dira gehiago itzuliko, belaunaldi askotan haren jabe izaten jarraituko badute ere. Hala, Oñatiko Palacios familiarekin elkartuta 1898 urtera arte eutsiko diote jatorrizko baserriari.
(XX. mende hasierako argazkia. Ignacio Agirre Montegiren argazkia. Burdinolaren Artxiboa) Anastasia Ormazabal Galfarsoro, Joaquín Ormazabal Galfarsoro, Petra Galfarsoro Zangitu, Tomasa Ormazabal Galfarsoro, Eusebio Ormazabal Galfarsoro, Cesarea Ormazabal Galfarsoro, Esteban Ormazabal Agirre eta Candido Ormazabal Galfarsoro.
Legazpin, hala ere, Elorza abizenak bi etxetan, gutxienez, jarraituko du: Brinkolako Eguzkitzan eta Albatxuri mendiko Astaburuagan. Badakigu, hala, Eguzkitzan jaiotako Andres de Elorza abade ezaguna (1663-1739) Elorzako jatorrikoa zela.
XVIII. mendean Elorza baserrian bi bizitza egin ziren eta geroztik bi familia bizi izan dira bertan, maizter modura lehenengo eta jabe modura 1898. urtetik aurrera. Alde batean, lerro bat osatzen duten Galfarsorotarrak, Ormazabaldarrak eta Guriditarrak, bizi izan dira eta bizi dira; bestean, Aseginolazatarrak.
Esteban Ormazabal Agirre (Lopetegi 1860), etxeko lanaz gain zurgintzan ere aritzen zen, auzorako gurtetxeak, aizkora kirtenak, hilkutxak eta abar eginez. Esan beharra dago, hurrengo belaunaldietan ere (baita oraingoek ere) lanbide horri eutsi diotela.
Bi etxeak 1920. hamarkadan berritu ziren, solairu bana gehituz.
Azkenik, esan behar da, Saletxe baserria Elorza baserriaren “saletxea” (ganaduarentzako aterpea, alegia) izan zela jatorrian, XIX. mendearen hasieran etxebizitza bilakatu zen arte.
JLU
Iruzkinak
Utzi iruzkina: