Armen Alardea

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-05-07 16:05



Maiatzaren 6an, Mirandaolako egun seinalatuan, Legazpiko Alardeko ordezkari batzuk Antzuolan izan ginen gure alardeari buruzko azalpenak ematen, antzuolarrek antolatu zuten "Euskal Herriko Alardeak" mintegian. Ondoren datorrena, bertan irakurri genuen testua da.

Legazpiko alardea ez da gaur goizeko kontua. Urte eta mende askotako antzinatasuna dauka, Euskal Herriko herri gehienetakoak bezala. Kontua da eten luzea, 119 urtekoa, egon dela tartean, 1994. urtean berreskuratu zen arte eta, horren ondorioz, ohitura berritzat daukagula. Aurten 14 urte beteko ditugu aldi berrian.

LEHEN ALBISTEAK
Lehen albisteak 1506. urtekoak dira. Garai hartan, Legazpi Segura hiribilduaren menpe zegoen, eta herri hartara joan behar izaten zuten armen alardean parte hartzera. Segurarako ibilaldia ez zen legazpiarren oso gustukoa izaten, eta auzi luzeak sortu ziren hori zela eta. XVI. mendearen bukaera aldera, ordea, herrian egitea lortu zuten eta handik aurrera bertan egin izan dira mendeetan.


FUNTZIO MILITARRA JATORRIAN
Armen alardeek funtzio militarra zuten jatorrian eta haien helburua herrian zeuden indarrak erakustea zen. Hori dela eta, kapitain, alferiz, sarjentu, soldadu eta banderatuak aipatzen dira dokumentuetan alarde eta miliziekin batera. Herri mailako miliziak antzina (Erdi Aroan eta Aro Modernoan, gutxiago) garrantzi handikoak ziren, baina denborarekin armada profesionalak sustatzearekin batera, indarra galduz joan ziren.

Euskal Herrian Foruak zeuden indarrean eta herri bakoitzak militarki antolatzeko aukera eta betebeharra zeukan. Horren ondorioz, alardeetan parte hartzea ez zen borondatezko kontua, derrigorrezkoa baizik. “Se ordena que acudan todos sus vecinos aptos”, zioen 1614. urteko Legazpiko Udalaren dekretu batek. Hurrengo urtea, 1615. urtean, Ana de Austria, Frantziako erregina eta Felipe III.aren alaba, Legazpitik pasa zenean 18 urtetik 56 urtera bitarteko gizonezko guztiak derrigortu zituzten parte hartzera.

XIX. mendean zehar, gure datuen arabera, kutsu militarra galdu zuen eta jai giroko jarduera bilakatu zen.

ARMEN BILAKAERA
Denboraren joanarekin, armetan ere egon zen aldaketarik: pikak, alabardak, “venablo”-ak eta ginetak aipatzen dira agiri zaharrenetan, arkabuzak, mosketeak eta metxak geroago, eta eskopetak, azken aldera.

EGUN SEINALATUETAN
Indar erakusketa horiek egun seinalatuetan izan ohi ziren: Pazko domekan, Santikutz egunean, Gorpuxti egunean, Otabario egunean eta San Joan egunean, besteak beste, denak udaberrian. XVI eta XVII. mendean urtean behin egin ohi ziren, Pazkoako domekan. XVIII. mendearen hasieran, berriz, urte berean lau alarde egitera ere iritsi ziren, horrenbestekoa zen ospakizun horrek hartu zuen indarra. Horren erakusgarri da, 1730. urtean Kontseju etxe berria eta plaza berria egin zirenean, oso kontuan hartu zirela alardeak non egin behar ziren, pasarte honek erakusten duen bezala: “se haga plaza nueva para usarla en tiempos oportunos para la celebración de las muestras de armas”.


Alardearen egunaz ari garela, esan behar dugu, Foruak galdu aurreko urteetan, berriz, Otabario egunean egiten zirela, Oilar jokoa egiten zen egun berean. Alardea galdu zen, baino oilar jokoak jarraitu zuen, gaur arte.

MUSIKARIAK
Orain bezala, lehen ere, ez ziren musikariak falta izaten alardean: “pifanoa” eta “atabaleroa”, dokumentuen arabera, txistulari eta danbolin jolea, alegia.

TRADIZIOA BERRESKURATZEA
Euskal Herriko herri gehienetan bezala, foruen galerarekin batera, armen alardea egiteari utzi zitzaion Legazpin. Geroztik, 119 urtez, ez da antolatu, azken hamarkadetan jai nagusietan antolatu ohi den Elkarteetako Danborrada alde batera uzten badugu. Izan ere, danborrada horrek, Donostiakoaren kopia hutsa, alarde baten ezaugarriak ditu.

1994. urtean, ikastolen aldeko KILOMETROAK jaiaren aitzakian, Legazpiko Armen Alardea berreskuratzea erabaki zuen batzorde antolatzaileak. Eta, hala, jaiaren inguruan, jendearen lan egiteko gogoa aprobetxatuz, aldi berriko lehen alardea antolatu zen. Herriko ikerlari batek aztertua zuen jadanik Legazpiko alardeen historia (Murua, Angel, 1986, “Fiestas y Danzas en Legazpia”, Dantzariak, 32. zkia) eta handik abiatuta sortu zen lehenengoa. Ez dut uste kasualitatea izan zenik garai hartan sortzea. Izan ere, Legazpi bere identitate berria eraiki nahian zebilen (eta dabil oraindik ere). XX. mendeko biztanleriaren hazkuntza hain handia izan zen (zortzi bider biderkatu zen mendearen hasieran zuena), ezen haustura sakon bat gertatu zen garai bateko ohitura eta herri-giroarekin. Horri gehitu behar zaio baserri giroko gizarte batetik gizarte hiritar batera pasa garela. Alardea berreskuratzea ahalegin horren adibide bat besterik ez da, nire iritzian.


Armen Alarde berrian, lehen esan bezala, antzinako elementu batzuk berreskuratu dira: konpainiatan ibiltzea, alkatearen buruzagitza onartzea, musikariak, banderatuak, Udaletxetik Bikuña Jauregirako ibilbidea, soldaduen edo partaideen izenak jasotzea eta abar. Gorde diren elementu horiei esker, bat egiten dugu garai bateko alardeekin eta haien jarraipen gisa sentitzen dugu. Baina, bestetik, esan beharra daukagu, ez dugula batere arazorik izan elementu berriak ere sartzeko: zaldizkoak, idiek tira egindako galera, txilibitu joleak, janzkera desberdinak, bertsolariak eta beste hainbat. Festa giroa eman nahi diogu alardeari eta jendea bertara erakarri, lehen aipatutako herri giroa sortzeaz aparte.

Gainera, hasieran, armak erabiltzeko berariazko baimena behar zenez, herriko ehiztariak ateratzen ziren soilik. 2000. urtetik aurrera, berriz, baldintza hura desagertu denez, partaidetza anitzagoa izatera pasa da.

ALARDEAREN OSAKETA
Iaz 100 bat lagun atera ginen Legazpiko Armen Alardean guztira. Eskopetarekin eta ardurazko postuetan, denak helduak. Gainerako lanetan, haurrak ere onartu genituen: txilibitua jotzen, kartutxoak banatzen, konpainietako banderak eramaten... Honela sailka daitezke parte hartzaileak:

  • Kapitaina (alkatea)
  • Alferizak (olarien ordezkaria eta baserritarren ordezkaria): 2. Antzina alferizak aipatzen badira ere, ez zuten alardean parte hartzen olarien edo baserritarren ordezkari gisa. Lotura hori asmatu berria da, Legazpiko historian zehar bi gizarte atal horiek izan duten garrantzia azpimarratzeko. Azken finean, alardea ere gure historiaz jabetzeko erabili nahi dugu, modu erraz batean.
  • Sarjentuak (konpainia buruak): 2. Garai batean bakarra izaten zen, baina orain asmatzen ari garen alardean, konpainia bakoitzeko bat izendatzen dugu. Azken hiru urteetan bi konpainia osatzea lortu dugu eta epe motzean hiru lortzea ere nahiko genuke. Konpainiek Legazpiko oinetxe garrantzitsuen izenak dauzkate: Bikuña, Urtatza, Plazaola... eta oso erraza da gaur egungo auzuneekin lotzea. Etorkizun hurbilean Alardeko partaideak bere auzuneko konpainiarekin identifikatzea nahiko genuke.
  • Banderatuak: 3. Konpainia bakoitzak bere bandera dauka. Eta horretaz aparte, herriko bandera.
  • Soldaduak (eskopeteroak): 60. Ehiztariak gehienak, baina urtetik urtera bestelako partaideak ere ugaritzen ari dira, emakumeak barne.
  • Musikariak (txistulariak, txilibitu joleak, atabalariak): 20. Txilibitu-joleen taldea iaz jarri genuen martxan, haurrekin. Eta aurten ere errepikatzeko asmoa dugu.
  • Laguntzaileak (bertsolariak, itzaina, kartutxo banatzaileak, soinu joleak...): 10



IBILBIDEA
Antzinako ibilbidea oso motza izaten zen: elizatik Bikuña Jauregira (500 bat metro egongo dira) eta itzuli. Gaur egun, zorionez, Bikuña jauregia zutik dago eta bide hori egin daiteke, baina ibilbide hori oso motza denez, eta herri guztirako ikuskizuna eskaini nahi denez, luzatu egin dugu. Egialde auzoan hasten gara, herria zeharkatzen dugu eta azkenerako uzten dugu betiko ibilbidea. Bikuña Jauregira iristean atsedena hartzen dugu, ardo trago bat eta gazta janez. Azkenik, jauregitik udaletxerako bidea egiten dugu (eliza eta udaletxea elkarren ondoan daude). Udaletxean alkate-kapitainak ongi etorria egiten digu eta jarraian alardeko parte hartzaile guztien izenak aipatzen dira, antzina egiten zen bezala. Ekitaldiari bukaera bertsolari batek ematen dio, bertaratu diren guztiak kantuan jarriz.

Ibilbidean zehar dozena bat deskarga egin ziren.

Esan gabe ezin utzi, udalak alardeko partaide guztiak mokadu bat egitera gonbidatzen dituela taberna ezagun batera plazako lanak bukatu eta gero.

EGUNA ETA ORDUA
Ez dira garai bateko datak eta orduak errespetatu. Gaur egungo egoerari egokitu direla esan behar da. Hala, antzina San Joan egunean egiten bazen, guk San Joan bezperan egiten dugu alardea. Eta antzina bazkalondoren abiatzen baziren, guk arratsaldean abiatzen gara. Ez gara oso zorrotzak hainbat kontutan, bistan denez.

JANZKERA
Orain asmatua da. Hala, ez ditugu antzinako dokumentuetan aipatzen ziren zapata beltzak eramaten. Oraingo soldadu edo eskopeteroen janzkera nahiko xumea da. Alkandora zuria, maionezko prakak, txapela, gerriko eta apreta beltzak eta koloretako lepoko zapia (konpainia bakoitzak bere kolorea). Erraztasunak eman nahi ditugu jendeak parte har dezan, eta jantzi horiek topatzen nahiko erraza da.

JAIAREN ANTOLAKETA
Legazpiko Armen Alardearen antolaketa ez dago Udalaren esku, berak txintxo-txintxo dena ordaintzen badu ere. Antolaketa herritar talde baten esku dago, honelako ekintzak antolatzea herrirako onuragarriak direla pentsatzen dugunok osatua. Gure herriaren indarrean sinesten dugulako gaude hor. Taldekide bakoitzak ardura desberdinak dauzkagu.

Legazpiko armen alardeak ez du oraindik goia jo, urtetik urtera partaidetza handiagoa da. Behin parte hartzen duenak hurrengo urtean ere izena ematen du. Ezin dugu espero, gainera, kolpean herri guztia horri begira jartzea. Izan ere, errezeloa egon ohi da beti gauza berriekiko, eskopeta behar da, astegunetan ere izaten da... Pixkanaka egiten dira gauza horiek, eta garrantzitsuena da finkatzen ari dela. Gainera, lehen esan dudan bezala, herritarrok geure identitatea azpimarratzeko horrelako ekitaldiak eskatzen ditugu, herriaren historiari lotuak.

Eta partaideen kopuruaren aldetik ere goia jo ez duen bezala, itxurari begiratuz ere, nik esango nuke denborarekin gauzak aldatuz joango direla, hobera. Egokiera eta komenientziaren arabera lehen aipatutako guztia alda daiteke: osaketa, ibilbidea, eguna, janzkera...

Jose Luis Ugarte
Legazpiko Alarde Batzordeko kidea

2007ko maiatzaren 5ean

(Argazkiak: Josu Altzelai)



Utzi iruzkina: