Arantzazuko "pelegrinazioa"
Arantzazuko “pelegrinazioa” ez da orain asmatua. Aspalditik datorrena da, aspaldi-aspalditik. Aizkorri mendilerroaren “sinbolismo sakratua” aipatzen du Isabel Elorza Puyadenak arrazoietakoen artean (“Aportaciones turísticas de expresiones culturales-festivas en la Sierra de Aizkorri en Gipuzkoa”, Turismoko III Kongreso Birtuala 2005). Izan liteke.
Egun seinalatua izan da urteko jaien artean, gaur egungo Zegamako erromesaldiaren parekoa, azken urteetan gainbehera etorri bada ere. Azpian jarri dugun argazki zaharra (Enrique Ginea Makibarrena) esandakoaren erakusle dugu. Bertan, Legazpiko talde handi bat ikusten dugu Arantzazun. Ez da erraza antzematen baina tartean honako hauek dira: Erraizabal baserriko Juan eta Pedro Aranguren Mendizabal, Jose Antonio Larrea bikarioa, “Don Pedro” abade azkoitiarra, Juan Bautista Gorosabel “Xamora”...
(Orduan ere kurioso joaten zirela, apreta zuriekin eta... Botarik ere ez zen izango, orain bezala.)
Patrizio Etxeberria enpresa gizona, noiztik ez dakigula, jai ematen hasi zen Arantzazuko erromesaldia egiteko. Autobusak eta kamionak jartzen zituen Udanara (oinez joan nahi zuenarentzat) eta Arantzazura bertara. Ez dakigu goiko argazkia garai hartakoa den ala zaharragoa.
Kaleko erromesek Udanatik gora egiten zuten oinez, eta gorago, Jandoainen, Telleriarte eta Brinkolako erromesekin bat egiten zuten. Geldialdia, berriz, “Amaberjiñaren iturrin” egiten zuten, Kataberatik Arantzazu aldera, mokadutxo bat egiteko. Batzuk diotenez, hori ere ezin izaten zuten egin, jaunartzeko baraurik egon behar zelako.
Abadea ere taldean joaten zenez, Amaberjiñaren iturritik beherako bidea errosarioa errezatuz egiten omen zen.
Isabel Elorza Puyadenak bere lanean erakusten digun bezala, erromesaldia taldearen identitatea sendotzeko balio duen ekimena da. Egun horretan herrian ematen diren jerarkiak eta banaketa sozialak desagertzen dira, denak bat egiteko.
Nik ere hala uste dut eta, horregatik hain zuzen, bultzatu beharreko ekimena, udalbatza berriak egin duen bezala.
JLU
OHARRA. Eskertuko nuke “pelegrinazioaren” gaineko datu zaharrik inork balu ezagutaraziko balitu, jai honen inguruko xehetasunak batzen joate aldera.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: