Aitzondoko hariztia, berezi berezia
Armuñon ateratako argazkia (2005 jlu)
Legazpik badu harizti mota berezi bat, Gipuzkoan dagoen mota horretako basorik handiena dena eta seguru asko Euskadiko Autonomi Erkidegoko handiena izango dena. Ez da txantxetako altxorra Legazpi bezalako herri batentzat, jakinda Legazpiko zuhaizti guztien lautatik hiru kanpoko koniferoz (pinu, alertze eta izeiak) osatuak daudela eta lautatik bat bakarrik dela bertako basoa.
Baina, zer du berezirik baso honek? Ba baso honetako zuhaitzak ez direla haritz arruntak (Quercus robur), baizik eta beste espezie batekoak, haritz kandugabeak (Quercus petraea) hain zuzen ere. Haritz arruntaren ezkurraren txanoa txorten edo kandu luzaskaz egoten da lotuta adarrera, baina haritz kandugabeak ez du horrelako txorten edo kandurik.
Harizti hau Urola ibaia jaiotzen den eremuko Urkimendi (783 m), Altzola (869 m) eta Pagola (834 m) mendi inguruetan dago kokatuta eta 125 hektareako azalera du.
Baso honen balio botanikoa haritz kandugabeko masa homogeneoa izatean eta ongi kontserbatuta egotean datza. Pagoa (Fagus sylvatica), gorostia (Ilex aquifolium), otsalizarra (Sorbus aucuparia) eta hostazuria (Sorbus aria) bezalako zuhaitzak ere aurki daitezke bertan tartekatuta, eta baso azpian ahabiak (Vaccinium myrtillus) eta zenbait txilar mota (Erica sp.), besteak beste.
Harizti honetan hainbat eta hainbat animalia ornogabe, gehienbat intsektuak, eta ornodun bizi dira. Azkeneko hauen artean daude, besteak beste, uhandrea, igela, zirauna, muskerra, kukua, urubia, okil berdea, birigarroa, txinboa, amilotxa, satitsua, lursagua, muxarra, katagorria, azeria eta katajineta.
Baso mota hau toki gehien-gehienetan arraroa den arren, Legazpiko leku bat baino gehiagotan ikus daiteke, hala nola Aizaleku eta Korostiaga mendietan.
Esan daiteke herrialde batek hiru motatako aberastasuna duela: materiala, kulturala eta bizidunena. Lehenengo biak oso ondo ulertzen ditugu. Baina, hirugarrena, bizidun mota asko egoteari ez zaio garrantzirik eman eta etorkizunean damutuko gara akats handi honetaz. Landareak eta animaliak herrialde baten ondarearen zati garrantzitsua dira, toki horretan milioika urtetan eman den eboluzioaren emaitza baitira. Bizidun espezie guzti horiekin harremanetan bizi izan da gizakia inguru honetan bizitzen hasi zenetik. Bizidun guzti horiei esker eduki ditugu gizakiok bizi ahal izateko baldintza egokiak, mota askotako bizidunak gurekin bizitzea oso garrantzitsua baita gure bizi-kalitaterako. Horregatik, hizkuntzak eta kulturak bezalaxe kezkatu beharko gintuzke euren biziraupenak.
Joxean Auzmendi
Legazpiko Ingurugela-CEIDAko zuzendaria
(Artikulu hau 2005eko udan argitaratu zuen BURDINOLA elkarteak Txinpartak buletinean, 9. alean)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: