1936. urtean Abadiñon egon ziren legazpiarrak

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-04-01 18:24

1936. urte tristean 17 mutil legazpiar orain eraitsi berria den Abadiñoko Txosna baserrian egon ziren. Horrela dio, behintzat, Emilio Iturriagagoitiak Berria egunkarira 2006ko abenduaren 28an idatzitako gutun batean. Hona hemen testua:

Eusko Jaurlaritzaren sentiberatasuna eta bidegabekeria baten historia

"Durango eta Abadiñoko udalerrietan, trenaren lurperatze lanak aurrera jarraitzen dute. Halaber, trenen tailerren kokapen lanak ere hasiak dira Abadiñoko Lebario aldean.

Egun hauetan, lurpeko trenbide berria ikus-teko bisita gidatuak iragartzen ari dira. Hona bitarte lanen aurpegi goxoa. Baina lanak eta modernitateko lan erraldoi honek badu alde ilun bat.

Idatzi honen bidez, Abadiñoko Lebarion kokatzen den Txosna baserriaren desjabetzea dela-eta gertatzen ari den bidegabekeria azaldu nahi nuke, historia apur bat eginez:

1922: Gure gurasoen baserria bota zuten, Bilbotik Donostiara doan trenbide zaharra berritzeko.

1923: Gure gurasoek gaur egungo Lebariogoitia edo Txosna baserria eraiki zuten.

1936: Irailaren 12an, frankisten tropengandik ihesi, Legazpiko 17 mutil gorde ziren gure baserrian, zazpi hilabetean. Besteak beste, Narciso Villareal, Ildefonso Aztiria, Florencio Aztiria, Luis Mari Mujika, Luis Alberdi, Periko Galparsoro, Luis Peña, Joakin Galarza, Leandro Makibar, Jaun Mantxola, Luziano Galparsoro izan ziren bertan. 1937.urteko apirila bitartean, gure etxean egon ziren.

1937: Gertaera horren ondorioz, gure aita (Patxi Iturriagagoitia zena) Patxi Lebario ezizenarekin, atxilotua izan zen, eta Durango, Carmelo eta Larrinagako espetxeetan egon zen; 30 urteko kartzela zigorra jaso ondoren, beste hiru urte igaro behar izan zituen espetxeetan. Lehenen- go Upomendi itsasontziko espetxean, eta ondoren, Burgos, Astorga eta Santiagoko espetxee- tan.

Santiagoraino joan behar izan zuen gure ama zenak (Benita Etxeita) baserriaren konfiskazioa deuseztatzeko.

1981: Jaione gure alaba hil zuen trenak, etxe aurrean.

2004: Trenbidea handitzeko eta trenen tailerrak egiteko, baserria desjabetzeko tramiteak hasi ziren.

2006: Baserria eta alboko lur-zoruaren balioa 213.000 eurotan ezarri zuten; Bizkaian etxebizitzaren batez besteko balioa 360.000 eurokoa da.

Eusko Jaurlaritzak etxea uzteko agindua eman zigun, 2006ko irailaren 30a bitarteko epea emanez; Epailearen aurrean etxea uzteko eskatzen digun agindua geldiarazteko eskatua dugu, ez baitugu nora joan.

Emandako 213.000 eurorekin, ez nik (80 urte) eta ez nire emazteak (76 urte) ere ezin dugu etxebizitza duin bat eskuratu.

Gure eskaria eta helburua, behin eta berriro errepikatua, Abadiñon etxebizitza duin bat izatea da.

Idatzi honen arrazoia bakarra da: bidegabekeria honi aurre egitea, konponbide bat aurkitzea, eta inori desio ez diogun egoera latz hau behin betikoz ahaztea."

Emilio Iturriagagoitia. Abadiño



Utzi iruzkina: