Euskararen Nazioarteko Eguna
1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau euskararen nazioarteko egun gisara. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zuten.
Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izaten da, Xabierko Frantzisko deunaren egunean. Frantzisko, Nafarroako zaindaria, 1552ko abenduaren 3an hil zen eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzan izan ziren, hots, euskaraz.
Frantziskok bezala, euskaldun askok bere bizitza euskaraz egin nahi duenez, hainbat ekimen sortu dira. Ekimen horien artean dago “ Euskarak 365 Egun”.
Iniziatiba honen kimua Durangoko Berbaro taldeak erein zuen 2011ko abenduan eta Euskal Herriko hainbat txokotara hedatu da.
“Euskarak 365 Egun” ekimenaren bidez euskaltzaleei plazara ateratzeko deia egin nahi izan diete antolatzaileek. Izan ere, euskararen normalizazioan euskaltzaleek egindako lanaren aldarrikapena egin nahi du eta etorkizunean ere, hizkuntzaren normalizazioari bultzada berri bat emateko deia egin diete euskaltzaleei, bakoitzak bere lekutik (euskaltzale elkarteetatik, bestelako gizarte mugimendutatik, erakundetatik edo enpresatatik) euskaraz bizitzeko aukerak sortzen jarraitzeko deia.
Etxebarrin ere, talde berri bat sortu da ekimen honetan parte hartu duena eta talde horrek lagunduta hainbat elkartek, hala nola, Euskara Zerbitzuak, euskaltegiak, Berbalapikoak eta Etxebarriko Udalak zenbait ekintza antolatu zituzten euskararen egunean.
Arratsaldeko lehen momentuak haurrentzat izan ziren, eta frontoia erabat bete zen udalak prestatu zituen tailerrekin. 19.00ak aldera txokolatada egin zen, eta jende andana hurbildu zen hainbat herritarren artean prestatutako txokolate beroa hartzera. Plazan bertan, euskaltegiko hainbat lagun talde txikietan ibili ziren kontu-kontari mintzodromo (hotzodromo) xume batean.
Bertan, Etxebarrin, euskararen erabilerari buruz hitz egiten ari ginela, datu harrigarriak ezagutu genituen. Eta....ezetz asmatu! Etxebarrin % 50ek euskara ulertzen du baina horietako % 25ek bakarrik hitz egin dezake; hala ere, jasotako datuon artean larriena da % 3k soilik erabiltzen duela.
Egoera hobe genezake? Gu guztion esku dago. Euskara zuen bizitzaren parte eginez % 3 hori % 100 bihur dezagun!
Orri honetan argazki gehiago ikusgai.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: