ZUREGATIK IOSU

zabaldegia 1456153808323 zabaldegia | 2008-05-14 15:01

Zuregatik, Iosu!

Apirilaren 17an, Ikus-Entzunezko Komunikazioko hirugarren mailako ikasleoi bihotz zati bat lapurtu ziguten. Goizeko ordu txikitan joan ziren zure bila, ehiztaririk koldarrenen antzera, eta gauaren iluntasunean eraman zintuzten. Telebistan garaikur gisara erakutsi ondoren, bost egun eta bost gau luzez eduki zintuzten euren atzaparretan; mehatxuz, burlaz eta jipoiez jositako 120 ordu amaigaberen agonian. Orain, Alcala Mecoko espetxean zaude, Euskal Herritik ehunka kilometrora; baina, halere, Iosu, jakin ezazu urruti egon arren gurekin zaudela, gu zurekin gauden bezalaxe. Zaila zaigu denbora batez elkar ikusiko ez dugula onartzea. Jakin badakigu aurrera egingo duzula: ezinezkoa delako nola itsasoari mugak jartzea hala arrano bat lau pareten artean giltzaperatzea.

Hasieratik gelakideok zure hutsunea nabaritu dugu, Txus. Hiru urte dira elkar ezagutzen dugula, eta lehenengo egunetik igarri genuen ez zarela gizarte sistemak eskaintzen duen besaulki erosoetan lasai jesartzen den horietakoa: egunero hankarekin egiten dituzun kolpetxoekin sumatzen genuen zure egonezina. Jada klase arteko zigarretak ez ditugu lehen bezain gustura erretzen eta atsedenaldietako jeladun ebakiei ere zure esentzia falta zaie. Ziberbandalismoak ere behera egin du asteotan.

Bihotzaren zati bat kentzeaz gain, bertso afarietako laguna urrutiratu digute. Txomintxapel fakultateko egunean, zure omenez egingo dugu topa; harro baikaude zurekin konpartitutako une guztiez eta zu lagun izateaz. Klaseetan aspertzen garenean ere gelako hormetan jarri dugun zure argazkiari begiratu, eta ziur gure ezpainetan irudikatzen duzun irribarreak gailenduko direla. Zuk bakarrik bete dezakezun hutsunea utzi duzu gugan, Iosu. Ez dugu etsiko berriz ere gure artean izan arte.

Besarkada bero bat zuretzat eta beste bat guretzat Eskoriatzatik. Zaindu sorbaldak, ez galdu irribarrea eta egin beti aurrera! Maite zaitugu, Iosu!

Aritz Sue Maldonado. Huheziko Ikus-Entzunezko Komunikazioko 3. mailako ikasleen izenean


Utzi iruzkina: