Ekimenez beteta datoz Sanjuandegiko Festak
Datorren asteartean, hilak 31, hasiko dira eta igandean, ekainak 5, bukatu
Antolatzaileek adierazi dutenez, "aurtengo festak ere mimo handiz prestatu ditugu, maite dugun auzoa delako, maite ditugun jaiak direlako"
Datorren astean hasiko dira 2011ko Sanjuandegiko festak. Hilaren 31n hasi eta ekainaren 5ean bukatuko dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, "aurtengo festak ere mimo handiz prestatu ditugu, maite dugun auzoa delako, maite ditugun jaiak direlako".
Egitarau zabala prestatu dute: musika, dantza, ume jolasak, bazkaria, afaria... eta egitarauarekin guztien "gustuak eta beharrak asetzen saiatu" direla esan dute Xanjuandeiko Festa Batzordekoek: "Heldu eta gazte, auzotar eta beste lekuetako emakume eta gizon, guztientzat tokia egin dugu auzoan eta hori izan liteke gure garaipen xumea".
Hala ere, antolatzaileen esanetan, bada beraien esku ez dagoen aldagai bat: jendearen parte hartzea. Hori dela-eta, helburua betetzeko asmoz, eskura dituzten bitarteko guztiak eta ideia guztiak "martxa jarri" dituztela esan dute.
Aurtengorako, gainera, balkoian jartzeko maindireak atera dituzte. Horrenbestez, "balkoiak kolore gorriz betetzeko eta amona mantangorriri merezi duen ongi etorria emateko" adierazi dute Festa Batzordekoek. Bestalde, festetara gerturatzerik ez dutenei "agurra eta besarkada bat" bidali diote antolatzaileek.
Egitaraua ikusteko klikatu hemen.
Iturria: uztarria.com
Iruzkinak
Utzi iruzkina: