Maialen txapeldun!
Beno, igaro dugu BECeko finala. Emozioz betetako eguna, zalantzarik gabe. Bertso zirraragarriak entzuteko aukera paregabea izan dugu, eta bertara hurbiltzerik izan ez dugun askok seguru bertaratutakoen inbidia izango genukeela. Ze emozioa izan behar duen 15.000 bertsozale zortzi txapeldun handiren jarduna bertatik bertara entzuten eta bizitzen egotea...
Hunkitu egin naiz saioko hainbat momentutan. Batzuk aipatzearren Ametsen goizeko kartzelako lana aipatu beharko litzateke, baita Maialenek arratsaldeko saioan kantatutako bertsoak ere ("hospitaleko medikua minbizidun haurrei begira). Sari banaketa, Joxe Agirreren eskutik, ikusgarria, benetan. Eta sorpresa atsegin bezala, Jon Maia hirugarren gelditzea, jardun ederra egin ondoren. Atsegin eman dit, baita, Sustrairen erregulartasunak, gogor hasi eta bere horretan iraun du amaiera arte.
Andoni EgaƱari dagokionez, bertsolari itzela dela ukatu gabe, ez dut uste bere onenean egon denik. Igual bere bertsokera baino beste batzuena atseginago zaidalako iruditu zait horrela. Buruz bururako izenak esan dituztenean, zalantza handia izan dut, biek (Amets eta Maialen) saio borobila egin dute eta. Kartzelako lanetan biak bikain, ezin hobeto. Ametsek egindako akats txiki bateren batek eramango zuten balantza hernaniarraren aldera...
Bertsolaritza gaztetzen ari da eta, apurka-apurka, emakumeak dagokien tokia hartzen ari dira. Hemendik aurrera bertsolarien irudi tradizionala aldatuko den seinale. Hala bedi!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: