Hauteskunde ostekoak luzerako
Hauteskunde kanpaina luze egin zaionak oraindik ez daki zer datorkion gainera. Behin legebiltzarra hautatuta, ez EAJk ezta PSEk ere ez diote lehendakaria beraien alderdikoa izateari uko egin nahi. Biek ala biek dituzte beraien arrazoiak lehia horretan amorerik ez emateko.
Jeltzaleek diote, arrazoiz, beraien zerrenda izan dela bozkatuena (PSErekiko 80.000 botoko aldeaz) eta bigarren alderdiari 6 eserlekuko tartea atera diotela. Horrek Ibarretxek gobernua osatzen hasteko zilegitasuna dakarrela diote. Printzipioz horrela litzateke, funtzioetako lehendakariak lehentasuna du alderdiekin batzartu eta bere hautagaitza aurkezteko. Kontua da EAJk espero baino emaitza hobeak lortu dituen arren, ia-ia balizko soziorik gabe gelditu dela; EAren 2 eserlekuek (ikusteko dago azkenean Arabako azkena mantenduko duten) eta EBren bakarrak ez dio lehendakaritzarako aterik irekiko. Aralarrek argi esan du bere iritziz Ibarretxe izan beharko litzatekeela lehendakari (lehen alderdia izateaz gain bozka abertzaleak españolistak baino gehiago direlako, hain zuzen). Hala ere, lau alderdiok momentuz 37 eserleku dituzte, hau da, gobernatzeko beste talde baten abstentzioa (gutxienez) beharrezkoa lukete eta legebiltzarra dagoen bezala ia-ia ezinezkoa da hori.
PSEk inoiz autonomikoetan lortutako emaitzarik onenak lortu dituen arren (315.000 bototik gora) ez ditu bere espektatibak bete. Hau ez dute onartu sozialistek (eta ez dirudi onartuko dutenik ere, beraien triunfalismo horretan erabat murgilduta daude eta) baina iazko hauteskunde orokorretan lortutako 430.000 botoetatik urrun gelditu dira. Beraien helburua alderdirik bozkatuena (edo gutxienez eserleku gehien zituena) izatea zen, beraiek bakarrik gobernatu eta unean-uneko aliantzak egiteko parlamentuan jeltzaleen edota popularren babesa jasoz. Hori argi daukat. Izan ere, diskurtsoak idazten dizkionak hauteskunde gauekoa badirudi zenbait egun lehenago idatzi zuela. Emaitzen pantaila aurrean zuen arren, ez zirudien konturatu zenik irabazlea zein izan zen. Ibarretxeri beste hautagai guztiek (Fatxagoiti eta Rosita kenduta, nola ez) zorionak eman zizkioten, baina Lopezek argi utzi zuen ez zuela horrenbesterako erreflexurik. Ideia bakarra zekarren buruan, garailea bera zela, eta datuek kontrakoa esan arren ez zuen bere orgasmo elektorala zapuzterik nahi izan. Baina errealitatea errealitatea da, eta PSEk 24 legebiltzarkiderekin (nahiz eta PSErentzat emaitza oso onak izan) ezingo dute bakarrik gobernatu, edo ez zaie uste bezain erraza izango behintzat.
Alderdi Popularrak argi esan du bere botoekin "benetako alternatiba" bultzatuko duela. Ez dakit ondo horrek zer esan nahi duen, ze Patxi Lopezen kontra ere sarri hitz egin dute gogor, baina Ibarretxe paretik kentzeko duten obsesio konpultsibo horrek badirudi PP eta PSEren arteko amildegian zubi bat baino gehiago eraikiko dituela (orain dela 8 urte edo 4 urte legez). PPk, noski, ez du dohainik emango babes hori, Arabako Foru Aldundia izan daiteke popularrek eskatuko duten saria.
Sistema parlamentario batean (beraz, ez sistema presidentzialista batean) argi dago lehendakari izango dela legebiltzarrean babes gehien duena. Ez du zertan alderdi bozkatuena izan behar (gehiengo absoluturik lortzen ez badu, behintzat) eta EAJko zenbait buruzagik arlo horretan erakutsitako jarrera desegokia iruditu zait. Baina Patxi Lopezek ere argitu egin behar du zein izango den bere bidea eta lehendakari serioa izan nahi badu emaitzak ikusi, aztertu eta onartu dituela erakutsi.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: